#GaiNagusiak

Gaixotasun zeliakoan eragiten duten geneen bila

Noiz argitaratua: 11/04/05 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Orokorrak #Biziaren zientziak #Osasuna
 Tesiaren egilea, Ainara Castellanos Rubio.

Glutenarekiko intolerantzia eta horren ondoriozko heste meharreko gaitz kronikoa da gaixotasun zeliakoa (CD). Gaitz genetikoa da, eta eguneroko bizimoduan eragina izaten hasi aurretik ere hauteman daitezke gizakiarengan haren zantzu immunologikoak. Esaterako, CDaren aurrekari genetikoa duten pertsonek, gaixotasuna aktibo bihurtu aurretik ere, tTGaren (ehun-transgluminasa izeneko entzima) genearen kontrako antigorputzak garatzen dituzte, glutenaren kontrako erreakzio zelular baten ondorioz.

CDaren sintoma klinikoak ez dira azaleratzen haren bilakaeraren azken faseetara iritsi arte. Horregatik da garrantzitsua harekin zerikusia duten geneak aurkitzea, diagnosi goiztiarra ahalbidetuko luketelako, eta hala, CDari kontra egitea erraztu, gaitz aktibo bihurtu baino lehen. Hain zuzen ere, bide hori urratu du Ainara Castellanos biologoak: CDan zerikusi funtzionala izan dezaketen geneak identifikatzeko urratsak egin ditu, horien espresio-aldaketei behatzen dien erreminta bat garatuta, besteak beste. Horrela ikusi du, adibidez, UBD izeneko geneak izan dezakeela loturarik CDarekin. Parte-hartzaile funtzionalak eritasun zeliakoan: identifikazioa eta asoziazio genetikoa izena du UPV/EHUn aurkeztu duen doktore-tesiak.

Gurutzetako heste-biopsiak

Gurutzetako Ospitalean (Barakaldo) gaixo zeliakoei egindako heste-biopsiak baliatu ditu Castellanosek bere ikerketan. Biopsietan aurkitutako geneen espresio-mailei buruzko datuak, CDarekin zerikusi estua duten anatomia-erregioei buruzko informazioa eta bioinformatikako zenbait tresna uztartzen dituen estrategia bat diseinatu du horrela.

Tesian egindako azterketek berretsi dutenez, geneen espresio-aldaketak aintzat hartzen dituen erreminta hori baliagarria da CDarekiko bereziki sentikorrak izan daitezkeen geneak identifikatzeko. Izan ere, hari esker, gliadinaren (glutenaren osagai den proteina) eraginez espresio-aldaketak jasan dituzten zenbait gene hauteman ditu Castellanosek CDarekin zerikusi estua duten anatomia-erregioetan, eta berretsi du CDan inplikazio funtzionala izateko hautagai direla.

Bestalde, gaixo zeliakoen heste-biopsietatik lortutako informazioari esker, gliadinak hesteetako mukosan eragindako espresio-gorabeheren azterketa eta deskribapen orokorra egin ahal izan du. Castellanosek ondorioztatu duenez, CDa dagoenetan disfuntzioak ageri dira zelulen arteko komunikazioan, zelulen barruko seinalizazioetan, ubikitina proteinetan eta beste hainbat saretan. CDa gaixotasun konplexu eta faktore anitzekoa dela egiaztatu du, beraz. Gainera, sareotako espresio-mailetan emandako aldaketak deskribatuta, urratsak egin ditu CDaren bilakaera ulertzeko eta bilakaera horretan eragina izan dezaketen faktore berriak aurkitzeko.

Ubikitina D

Aipaturiko sareen artean, ubikitina proteinetan sakondu du Castellanosek; zehazki, ubikitina D (UBD) genean. Gaixo zeliakoei egindako heste-biopsietan UBDaren gain-espresioa ageri da, eta, horri lotuta, aldaera genetiko edo polimorfismo bat, CDarekin zerikusia duena. Tesian azaldu duenez, gain-espresioaren eragilea izan daiteke polimorfismo hori, hain zuzen ere. CDarekin lotura izateko hautagai diren beste gene batzuekin ere gauza bera gerta daitekeela azpimarratu du Castellanosek. Beraz, UBDaren kasuak egiaztatu du geneen adierazpenari erreparatzea lagungarria izan daitekeela CDan parte hartzen duten gene ezezagun horiek aurkitzeko.

Egileari buruz

Ainara Castellanos Rubio (Portugalete, 1982) Biologian lizentziatua da. UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Genetika, Antropologia Fisikoa eta Animali Fisiologia Sailean aurkeztu du tesia. Jose Ramon Bilbao Catalaren (Genetika, Antropologia Fisikoa eta Animali Fisiologia Saila) eta Luis Castaño Gonzalezen (Pediatria Saila) zuzendaritzapean egin du; Gurutzetako Ospitaleko UPV/EHUko Irakasguneko irakasleak dira biak. Gurutzetako Ospitaleko Ikerkuntza Unitateko Immunogenetika Laborategian egin du nagusiki tesia, eta lau hilabeteko egonaldia egin du Tampereko Unibertsitatean, Finlandian, Gaixotasun Zeliakoen Ikerketa Taldean. Gaur egun, doktoretza ondoko ikertzailea da Castellanos, Columbia Unibertsitateko (AEB) Mikrobiologia eta Immunologia Saileko Sankar Ghosh irakaslearen laborategian.

Informazio osagarria

  • Tesiaren egilea, Ainara Castellanos Rubio., Ainara Castellanos Rubio
Komunikazio Bulegoa

Egilea: Komunikazio Bulegoa (UPV/EHU)

Laguntzailea: