#GaiNagusiak

Bularreko minbizi-zelulen elikadura aldatzen duen proteina bat aurkitu dute

Noiz argitaratua: 11/04/05 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Osasuna
 Arkaitz Carracedo

Minbizia, eta, bereziki, bularreko minbizia, garatzea zerk eragiten duen ezagutzeko bidean aurrerapauso bat eman dute martxoan Cancer Cell aldizkarian argitaratutako ikerketa batean. Izan ere, ikusi dute proteina jakin bat, SIRT 3 delakoa, zeluletan maila txikian egoteak edo haren gabezia izateak gaixotasunak aurrera egitea eragiten duela. Horrenbestez, itu bihur liteke minbiziaren kontrako terapia eraginkorrak sortzeko garaian. Harvard Mediku Eskolako Marcia Haigis doktorea izan da ikerketako burua, eta, besteak beste, Arkaitz Carracedo doktorea izan du lagun, CIC bioGUNEko Proteomika Laborategiko ikertzailea.

Zientzialarien helburu nagusietako bat da zelula normalek eta minbizi-zelulek desberdin dituzten ezaugarriak identifikatzea, ondoren, zelula aberranteak suntsitu eta zelula normaletan eraginik ez duten terapiak garatzeko . orain dela 100 urte, Otto Warburg ikertzaileak ikusi zuen minbizi-zelulak modu berezian elikatzen direla: elikagaiak energia sortzeko erabili beharrean, bazirudien elikagaien zati bat alferrik galtzen zutela eraginkortasun txikiagoko metabolismoa baitzuten. Warburgen hipotesia zen tumore-zelulek metabolismo berezia dutela, desberdina, forma-akatsen bat zutelako. Haren ustez, minbizi-zelulek ez dituzte energia (ATPa) sortzeko erabiltzen elikagaiak, biomasa eta zelula gehiago sortzeko baizik, hau da, zatitzeko, ugaltzeko eta abarrerako.

“Azkeneko urteetan hobeki ulertu dugu fenomeno hori. Paradoxikoki, minbizi-zelulek nahikoa energia lortzen dute elikagaietatik (guk etxeetan gailu guztiak martxan egoteko nahikoa elektrizitate jasotzen dugun bezala); haientzat mugatzailea dena zelula gehiago sortzeko materiala da, hau da, etxe gehiago egiteko adreiluak —azaldu du Carracedo doktoreak—. Horregatik aldatu dute metabolismoa, adreilu gehiago sortzeko (zelulen mintzak, DNA, proteinak eta abar). Minbizi-zelulek metabolismoan egiten duten aldaketa horri Warburg Efektua esaten zaio, ikertzaile haren omenez”.

Horiek horrela, begi-bistakoa da tumore-zelulen metabolismoa nola birprogramatzen den ulertzera iritsiko balira terapia eraginkor eta espezifikoagoak diseinatu ahal izango lituzketela zientzialariek. Helburu hori izan zuen, azken batean, aurkeztutako ikerketak.

Haigis doktorearen taldeak zelulen metabolismoa erregulatzen duten proteina batzuetan, Sirtuina deritzenetan, jarri du arreta. Hain zuzen, ikusi dute zeluletan Sirtuina familiako proteina jakin bat (SIRT 3) desagertzen bada zelulek elikatzeko eta elikagaiak prozesatzeko modua aldatzen dutela, eta minbizi-zelulen antzeko portaera hartzen dutela.

“SIRT 3 proteina galtzeak Warburg Efektua abiarazten duela ikusi genuen. Zelulen “zaindaria” da SIRT 3 proteina, eta prozesu metabolikoak behar bezala dabiltzala bermatzen du. Bada, SIRT 3 proteina galtzean, zelulentzat oso garrantzitsua den beste proteina batek, zorrotz kontrolatuta egon behar duenak —HIF1α delakoa—, kontrola galdu eta metabolismoa eraldatzen du”, azaldu du Carracedok.

Hipotesi horren arabera, tumore-zelulek probetxua aterako liokete SIRT 3 proteina desagertzeari. “Ideia hori frogatu genuen saguetan ikusi genuenean SIRT 3rik ez zuten zelulek gehiago garatzen ziren minbiziak sortzen dituztela —dio Carracedok—. Etengabe ari dira borrokan gene horiek. SIRT 3 genean galtzean, HIF1α proteina ugaritu egiten da, ezegonkortu egiten da. Tumorea haztea eragiten du horrek”.

Berrespen garrantzitsuena egiteko, hau da, datuak gizakietara estrapolatzeko, patologoak eta bioinformatikariak sartu zituzten ikerketa-proiektuan. Haien laguntzaz frogatu zuten, hain zuzen, minbizi-mota askotan, eta, bereziki, bularreko minbizian, SIRT 3 proteina maila txikian ageri dela eta metabolismoa asaldatua dagoela adierazten duten beste adierazle batzuk ere badaudela. Hala, ondorioztatu zuten SIRT 3 proteina metabolismoaren zaindaria dela, eta interesgarria izan litekeela proteina aktibatzeko botikak garatzea minbizia tratatzeko.

Informazio osagarria

  • icono_documento
    Prentsa-oharra, gaztelania, CIC bioGUNE
  • Arkaitz Carracedo, CIC bioGUNE
  • Arkaitz Carracedo, CIC bioGUNE
Javier Urtasun

Egilea: Javier Urtasun (Guk)

Laguntzailea: