#GaiNagusiak

Gaixotasunei antzemateko teknika berria lantzen ari dira CIC microGUNEn: DNA “zabaltzea”

Noiz argitaratua: 11/04/05 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Biziaren zientziak #Teknologia
 DNA stretching teknika irudikatuta

DNA-sekuentziak giza ile bat baino mila aldiz estuagoak diren kanaletatik pasaraztea, espageti txiki baten itxura har dezaten. Horretantxe datza DNA stretching deritzon teknika berritzailea. CIC microGUNEren ikerketa-lerro bat da. Teknika horri buruzko bi artikulu zientifiko argitaratu dituzte dagoeneko, eta aurki patente bat eskatuko dute. Teknika horretan, oinarrian, DNA-molekula bakar bat luzatu, eta aztertu egiten da: molekularen luzera neurtu, eta sekuentzia azter daiteke.

Teknologia berritzaile hori DNA aztertzeko gaur egun dauden bideak —oinarrian anplifikazioa dutenak— baino errazagoa eta eraginkorragoa izatera irits liteke, eta, hala, gaixotasunak izateko aldez aurretiko joera ezagutzeko, haiek diagnostikatzeko edo gaixotasunen garapena ezagututakoan terapia onena zehazteko erabil liteke. Beste erabilera batzuk ere izan litzake, hala nola bakterioak eta birusak identifikatzea, auzitegi-diagnostikoak egitea eta gaixotasun kronikoen aurkako terapietan aurrera egitea.

DNA-molekulak zabaltzeko, dimentsio txikietako kanaletatik pasarazten dituzte. CIC microGUNEko mikro eta nanoingeniaritzako unitatean gehienez 50 nanometroko kanal zigilatuak dituzten gailuak fabrikatu dituzte, nanoinprimatze-litografia deritzon teknikaren bidez.

CIC microGUNEk lab-on-a-chip (laborategia txip batean) motako gailuak fabrikatzen ditu, single molecule devices (molekula bakarrerako gailuak) izenekoak. Haiei esker, askotariko lanak egin daitezke DNA-kantitate txiki-txikietatik abiatuta (ia-ia nahikoa da zelula bakarrean dagoena).

“Teknologia horri esker, DNA-sekuentziak ezagut daitezke, eta, hala, gene-aldaketak detektatu, eta gaixotasunen detekzio goiztiarra egiteko gene espezifikoak aurkitu”, azaldu du Santos Merino CIC microGUNEko ikertzaileak. Detekzio horri berari esker, gainera, populazio jakin batzuek botika jakin batzuekiko duten sentikortasuna aurresan daiteke (farmakogenetika egin daiteke, alegia). Horrelako txipak diseinatuta, azkar, merke eta in situ egin ahal izango da detekzioa (anbulategian).

Azkar diagnostikatzea, CIC microGUNEren apustua

CIC microGUNEk datozen urteetako ikerketetarako egin duen apustu nagusiaren isla da proiektua: osasun-zientziak. Ikerketa-zentroan uste dute alor horretan sor daitezkeela aukera onenak gaur egungo teknologia hobetuko duten produktu berriak sortzeko, eta, azken batean, pertsonen ongizateari laguntzeko.

Osasun-zientzien alorrean, diagnostiko azkarrean batu dituzte proiektu asko: patologiak berehala eta pazienteei harrera egiteko edozein ingurutan detektatzeko gailuak garatzen dihardute. Izan ere, analisi biomolekularra eginez diagnostikoak egiten dituzten gailuak oso txikiak, merkeak eta erabili eta botatzekoak izango dira. Eta, gainera, erabiltzen errazak izango dira.

Informazio osagarria

  • icono_documento
    Prentsa-oharra, gaztelania, CIC microGUNE
  • DNA stretching teknika irudikatuta, CIC microGUNE
Javier Urtasun

Egilea: Javier Urtasun (Guk)

Laguntzailea: