#GaiNagusiak

Loaren apnea duten pertsonek arrisku bikoitza dute iktusak jotzeko

Noiz argitaratua: 11/03/31 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Osasuna

Loaren apnea larriak jotako pertsonek (SAHS) gainerakoen arriskua halako bi dute iktus iskemikoa izateko. Hala ikusi du Nafarroako Ospitale Konplexuko Neurologia Zerbitzuko mediku Roberto Muñoz doktoreak Nafarroako Unibertsitatea Klinikan eta Nafarroako Unibertsitateko Medikuntza Fakultatean egindako ikerketan. Arriskua, zehazki, gainerakoetan baino 2,5 aldiz handiagoa da.

Doktore-tesirako 70 urtekoak edo zaharragoak ziren 394 lagunekin egindako azterketa batean frogatu du hori Muñozek. “Banakoen loaren kalitatea aztertzeko, sei urteko jarraipena egin genien boluntarioei. Denbora-tarte horretan, hogeik iktusa izan zuten”, azaldu du ikertzaile iruindarrak. Hala, batez ere adin ertaineko pertsonei eta zaharrei eragiten diela ez ezik —pertsona helduen % 5ek dutela jotzen da—, zahartu ahala iktusaren prebalentzia nabarmen handitu daitekeela ere berretsi du ikertzaileak.

Halaber, medikuntzako doktore berriak ohartarazi duenez, “pediatria-adinetan ere ager daiteke apnea, baina beste eragile eta ezaugarri batzuk ditu”. Apnea izateko aurretiko joeran eragin handiena duten faktoreen artean, adituak obesitatea nabarmendu du: “Horregatik, arazoa saihesteko neurrietako bat argaltzea da. Hain zuzen, argalduta bakarrik apnea desagertzea lortu dute paziente batzuek”.

“Komenigarria da, gainera, ahoz gora lo egitea saihestea —jarrera horretan errazago egiten baita zurrunga— eta tabakoa erretzeari eta alkohol gehiegi hartzeari uztea”, gaineratu du Muñozek. Kasu larrienak tratatzeko, besteak beste, presiopeko airea ematen duen maskara erabili ohi da gauetan. Hala ere, adituak azpimarratu du paziente bakoitzari hobekien dagokion tratamendua eman behar zaiola.

Ondorioak eta ezintasuna

Muñozen ustez, iktusaren hilkortasun-tasa handia bada ere, “azkeneko urteetan nabarmen jaitsi da, bai Espainian bai Foru Erkidegoan, ospitaleetako iktus-unitateei eta berehalako arreta-programei esker, bereziki”.

Hala eta guztiz ere, iktusak jotako askok ondorioak izaten ditu hura gainditutakoan, eta, horrenbestez, baita ezintasunen bat ere: “Hortaz, osasun publikoko arazo larri baten aurrean gaude, eta ez eragiten dituen heriotzengatik, gure gizartean ezintasun-eragile handienetako bat delako baizik”.

Loaren apneari lotutako arazoei dagokienez —zurrunga handiak eta ondoren arnasketaren etenaldi luzeak, hamar segundotik gorakoak, egitea dira, oinarrian, apnearen bereizgarriak—, Roberto Muñozek adierazi du nekea eta adimen-errendimendu txikiagoa izatea eragiten duela, loaren kalitatea kaskarragoa delako. “Epe luzean, gainera, arnasketaren asaldurek hipertentsioa, arazo kardiobaskularrak, eta, azkenean, iktusa, eragin dezakete. Horregatik da garrantzitsua apneari aurre hartzea eta hasieratik tratatzea”, dio adituak.

Informazio osagarria

  • icono_documento
    Prentsa-oharra, gaztelania, Universidad de Navarra
Laura Juampérez

Egilea: Laura Juampérez (Universidad de Navarra)

Laguntzailea: