#GaiNagusiak

Olatuen energia OWC sistemaren bidez baliatzeaz diharduten UPV/EHUko lehenengo bi tesiak defendatu dituzte

Noiz argitaratua: 11/03/29 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Orokorrak #Ingurumena #Teknologia
 Tesiaren egileak, Modesto Amundarain eta Mikel Alberdi.

Olatuetatik energia berriztagarria lortzeko ur-zutabe oszilakorreko (OWC) bihurgailuak erabiltzeaz diharduten tesiak egin dituzte Modesto Amundarain eta Mikel Alberdi ingeniariek; UPV/EHUn gai horri buruz defendatu diren lehen tesiak dira. Teknologia hori darabil, hain zuzen, Mutrikun egiten ari den instalazioak, eta, ingeniarion arabera, teknologia egokiena da euskal kostaldeko olatuen energia baliatzeko.

Instalazio horien funtzionamendua hobetzeko proposamenak aurkeztu dituzte bi lanotan. Batetik, instalazioon kontrol-arazoak konpontzeko zenbait estrategia garatu ditu Amundarainek bere tesian (Control de turbo-generadores olamotrices / Olatuek eragindako turbosorgailuen kontrola). Bestetik, halako sorgailuekin gertatzen diren tentsio-arazoei irtenbideak aurkitzera bideratu du Alberdik, zehazki, bere lana (Itsasoko olatuen energia eraldatzeko zentralaren eta sare elektrikoaren tentsio-hutsuneen aurrean kontrol-estrategien diseinua eta garapena du izena). Ikerketa horien harira, Sistemen Ingeniaritza eta Automatika Sailak (Amundarain eta Alberdi kide dira) artikulu batzuk argitaratu ditu IEEE Transactions on Industrial Electronics aldizkarian.

OWC sistema

OWC teknologian, olatuek ez dituzte turbinak zuzenean mugiarazten, olatuek bultzatzen duten aire-masa konprimituak baizik. Oro har, olatu-horma batean jarritako azpiegitura bat izan ohi da; goialdeak aire-ganbera bat osatzen du (handik dator masa konprimitua), eta behealdea ur azpian murgilduta dago. Hala, olatuak datorrenean nahiz doanean eragiten dituen mugimenduei ateratzen die etekina turbinak. Turbina elikadura bikoitzeko (errotorearen edo atal mugikorraren aldetik nahiz estatorraren edo atal finkoaren aldetik) sorgailu bati atxikita dago, eta sorgailuak energia sarean txertatzen du.

Amundarainek eta Alberdik deskribatutako eta jorratutako arazo nagusietako bat turbina galeran sartzeari dagokiona da. Instalazio horietan erabiltzen den turbina Wells motakoa da; turbinaren ezaugarriak direla eta, aparteko olatu batek talka egiten badu, litekeena da turbina gelditzea eta ohi baino motelago egitea bira. Horrenbestez, beharrezkoa da turbinaren abiadura egokitzea. Ikerketak badu beste helburu bat ere: lor daitekeen potentzia maximoa ezartzea eta erreferentziazko potentzia-maila jakin bat ere zehaztu ahal izatea. Horrek ere lotura du turbinaren kontrolarekin.

Irtenbide eraginkorrenak aurkitzearren, Amundarainek eta Alberdik instalazio osoa emulatu dute ordenagailuarekin (Wells turbina tartean; zerotik abiatuta eraiki behar izan dute, ez baitzuten eredurik), eta egindako probak esperimentalki balioztatu dituzte. Hala, zehaztu dute neurririk eraginkorrena dela turbinaren abiadura kontrolatzea ondoan duen elikadura bikoitzeko sorgailuaren bitartez. Hau da, sorgailuak berak birarazi behar du turbina potentzia maximoa emateko behar duen abiadura hoberenean; horretarako, egokitu egin behar du olatuek eragindako unean uneko presioaren arabera. Era berean, estrategia hori aire-fluxuaren kontrolarekin konbinatu dute. OWC sistemetako atzemate-ganberetan dagoen balbula batean oinarritzen da bigarren neurri hori, eta aire-fluxuaren arabera balbularen zabaltzea eta ixtea kontrolatzean datza.

Tentsio-hutsuneak

Bi neurri horiek baliagarriak dira, halaber, ikertzaileok (eta batez ere Alberdik, bere tesian) jorratu duten beste arazo bat konpontzeko: sareko tentsio-hutsuneak, funtzionamenduan desorekak eragiten baitituzte. Alberdik estrategia-multzo bat koordinatu du; goian aipatutakoak, tartean. Sarean bananduta txertatzen diren potentzia aktiboa (benetan kontsumitzen den zatia) eta erreaktiboa (kontsumitu ezin dena) kontrolatzea ere proposatu du. Era berean, itsas kondizioak edozein izanda ere sorkuntza elektrikoa kontrolatu ahal izateko, proposatu du horniketaren jarraitutasuna bermatzea hutsune-tentsio baten aurrean, eta erreferentziak sortzeko sistema bat baliatzea.

Egileei buruz

Modesto Amundarain Ormaza (Plentzia, 1964) eta Mikel Alberdi Goitia (Bilbo, 1965) elektrizitate-ingeniari teknikoak (Elektronika espezialitatea), elektronika-ingeniariak eta Komunikazioetan, Elektronikan eta Kontrolean doktoreak dira. Bilboko Industria Ingeniaritza Teknikoko Unibertsitate Eskolako (UPV/EHU) Sistemen Ingeniaritza eta Automatika Saileko irakasleak dira. Amundarainek Aitor Jose Garrido Hernandezen eta Francisco Javier Maseda Regoren zuzendaritzapean egin du tesia. Alberdik, berriz, Aitor Jose Garrido Hernandez beraren eta Izaskun Garrido Hernandezen gidaritzapean. Hiru zuzendariok ere Amundarain eta Alberdiren saileko kide dira.

Informazio osagarria

  • Tesiaren egileak, Modesto Amundarain eta Mikel Alberdi., Modesto Amundarain Ormaza
Komunikazio Bulegoa

Egilea: Komunikazio Bulegoa (UPV/EHU)

Laguntzailea: