#GaiNagusiak

Kanpo-desfibriladoreentzako algoritmo berria sortu dute, haurren zein helduen arritmiak zuzen identifikatzeko

Noiz argitaratua: 11/03/21 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Orokorrak #Informatika #Osasuna #Teknologia
 Tesiaren egilea, Unai Irusta Zarandona.

Bentrikulu-fibrilazioa (BF) bentrikuluetan (bihotzaren behealdean) gertatzen den uzkurdura bortitz eta ordena gabekoen multzoa da. Ospitaletik kanpo gertatzen diren bat-bateko bihotz-biriketako geldiketen % 40an egiaztatu ahal izan dute BF dela lehen bihotz-erritmoa, eta, horri aurre egiteko, desfibrilazioa eragingo duen deskarga elektrikoa eman beste erremediorik ez dago. Horregatik, gero eta maizago aurki daitezke Kanpoko Desfibriladore Automatikoak (KDA) kalean, gune publikoetan. Unai Irusta Telekomunikazio ingeniariak gailu horiek hobetzeko ekarpena egin du, algoritmo berritzailea garatuta. New signal processing algorithms for automated external defibrillators (Seinalea prozesatzeko algoritmo berriak kanpoko desfibriladore automatikoentzat) du izena UPV/EHUn aurkeztu duen doktore-tesiak.

KDA martxan jartzen denean, deskarga eragin aurretik, gaixoaren bihotz-erritmoa aztertzeaz (elektrokardiograma) arduratzen da. Hau da, arritmiak desfibrilagarriak diren ala ez identifikatu behar du aurrena, lehenengo kasuan besterik ez baita baliagarria deskarga egitea. Alor horri dagokionez egin du ekarpen nagusia, hain zuzen, Irustak. Halako bihotz-geldiketak jasaten dituzten helduen eta haurren arritmiak desberdinak izan ohi dira, eta batzuen eta besteen datuak uztartu ditu berak. Hala, erritmo desfibrilagarriak eta desfibrilagarriak ez direnak haurrengan zein helduengan zuzen bereizten dituen algoritmo berritzailea sortu du, KDAetara aplikatzeko.

Guztira, 2.782 erregistro

Arritmien datu-base zabalak osatu ditu Irustak algoritmoa diseinatzeko. Batetik, haurren 1.090 arritmia bildu eta sailkatu ditu; tesian ageri denez, KDAren esparruan argitaratu diren haurren datu-base garrantzitsuenen pare dago UPV/EHUko ingeniariak egin duen hau. Helduei dagokienez, lehendik egon bazegoen datu-base bat berraztertu du, eta gainera, 928 erregistro berri erantsi dizkio. Haurren eta helduen arritmiak batuta, 2.782 erregistro dituen datu-basea sortu du; horien artean, 1.270 erabili ditu algoritmoa garatzeko, eta gainontzeko 1.512ak hura egiaztatzeko.

Horrenbestez, lau azpialgoritmoz osatutako algoritmo berria aurkeztu du Irustak tesian. Erregistroon bitartez, seinalearen zenbait eremutan kalkulatuko parametro berriak darabiltzate azpialgoritmo horiek arritmiak detektatzeko, hala nola denbora, maiztasuna, pendiza eta autokorrelazio-funtzioa. Egiaztatu dutenez, American Heart Association erakundeak ezarritako gutxienekoak gainditzen ditu algoritmo berriak, erritmo desfibrilagarriak eta desfibrilagarriak ez direnak detektatzeari dagokionez, bai haurretan, bai eta helduetan ere.

Arazoak interferentziekin

Bestalde, bihotz-geldiketetan grabatutako erregistroak (KDAren elektrokardiogramak egiten du hori) identifikatzeko algoritmo berriak zer ahalmen duen aztertu du Irustak. Geldiketa horiei aurre egiteko bihotz-biriketako berpiztea (BBB) egin ohi da KDA iritsi bitartean, baina BBBn egiten diren bular gaineko konpresioek elektrokardiograman interferentziak eragiten dituztenez, KDA martxan jarri bezain laster utzi egiten zaio BBB egiteari. Berez eraginkorragoa litzateke, ordea, bi teknikak aldi berean erabiltzea, eta horregatik aztertu du ea algoritmo berriak erregistroa ondo irakurriko lukeen, BBBrekin jarraituz gero.

Algoritmoak zehaztasun handiz identifikatu ditu bihotz-erritmoak BBB interferentziarik ez dagoen kasuetan, eta American Heart Association erakundeak ezarritako baldintzak gainditu ditu. Emaitzak ez dira nahi bezain arrakastatsuak izan, baina, BBB interferentziak tartean diren kasuetan. Irustak metodo bat garatu du kutsatutako grabazio horietatik interferentziak ezabatzeko. Horri esker, zehatz identifikatu ditu erritmo desfibrilagarriak; ez, ordea, desfibrilatu ezin daitezkeenak.

Egileari buruz

Unai Irusta Zarandona (Bilbo, 1973) Telekomunikazio-ingeniaria da. Jesus Maria Ruiz Ojeda UPV/EHUko Bilboko Ingeniaritza Goi Eskola Teknikoko Elektronika eta Telekomunikazioak Saileko katedradunaren zuzendaritzapean idatzi du tesia. Ruizekin eta saileko beste zenbait kiderekin batera, eta tesian jorratutako ikerketa-lerroaren harira, artikuluak argitaratu ditu inpaktu handiko zenbait aldizkaritan; hala nola IEEE Transactions on Biomedical Engineering eta Resuscitation argitalpenetan.

UPV/EHUn egin du ikerketa, nagusiki. Gainera, hiru hilabeteko egonaldia egin du Norvegiako Stavanger-eko Unibertsitatean; Euskal Herrian, desfibriladoreak ekoizten dituen Osatu S. Coop enpresarekin aritu da elkarlanean, tesiarekin zerikusia duten zenbait proiektutan. Gaur egun, Irusta irakaslea da UPV/EHUko Bilboko Ingeniaritza Goi Eskola Teknikoko Elektronika eta Telekomunikazioak Sailean.

Informazio osagarria

  • Tesiaren egilea, Unai Irusta Zarandona., Unai Irusta Zarandona
Komunikazio Bulegoa

Egilea: Komunikazio Bulegoa (UPV/EHU)

Laguntzailea: