#GaiNagusiak

Urrutitik kontrolatzen den ureztatze-sistema bat sortu dute, uzta bakoitzeko uraren % 20 aurrezteko aukera ematen duena

Noiz argitaratua: 11/03/10 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Orokorrak #Biziaren zientziak #Ingurumena #Teknologia #Informatika
 Aquarson.

Neiker-Tecnalia (Nekazaritza Ikerketa eta Garapenerako Euskal Erakundea) elkarlanean aritu da Arson ingeniaritza-enpresarekin, urrutitik kontrolatzen den ureztatze-sistema bat sortzeko. Uzta bakoitzean uraren % 20 aurrezteko aukera emango luke sistema horrek, ureztatze-metodo tradizionalekin alderatuz gero. Teknologia horrek Aquarson du izena, eta, haren bitartez, modu zentralizatuan kontrolatzen da ureztatzaile bakoitzaren txanden eta kontsumoen programazioa. Hala, irizpide hidraulikoetan eta energetikoetan oinarritutako kudeaketa egin dezakete, eta, ondorioz, ureztatze-sistemaren erabilera eraginkorragoa da.

Baliabide hidrikoak hobetzeko ekimena da proiektua. Horretarako, uztartu egin dituzte Arson euskal enpresak telekontroleko ingeniaritzan duen jakintza Neiker-Tecnaliak agronomiari eta behar hidrikoei buruz duenarekin. Esperientzia hori praktikara eramateko, elkarlanean aritu dira Araban, Zanbranako Ureztatzaile Elkartearekin. Hala, ureztatzea automatikoki kontrolatzen duen instalazio pilotu bat ezarri dute elkartearen lurretan; instalazio hidraulikoaren zati bat hartzen du, 500 hektareatik gorako eremu batean. Eremua, ureztapeneko 500 bat lursailetan banatuta, elikagaiak ekoiztera zuzenduta dago, hala nola patata eta erremolatxa (eskualdeko produktu esanguratsuenak dira).

Funtzionamendua

Teknologia aurreratua darabil Aquarsonek, eta elkarrekin irrati-frekuentzia bidez komunikatzen diren urrutiko unitateen sarea osatzeko aukera ematen du. Unitate horiek kudeaketa eta kontrol orokorreko software batera konektatuz gero, ureztatzeko agindua bidaltzen diete ur-hartuneei, bai eta burututako ureztatzeei eta instalazioaren funtzionamenduari buruzko informazioa bildu ere. Sistema maneiatzeko berariaz garatutako kudeaketa- eta kontrol-aplikazio batetik (ureztatzaileen elkarteko ordenagailu batean dago) bidaltzen da ureztatzeko agindua.

Zanbranan instalatutako Aquarson sistemak urrutiko komunikaziorako 20 ekipo dauzka, eta 40 laborantza-sailetan sakabanatuta daude. Gailu bakoitzak autonomia du lursail bat baino gehiago kontrolatzeko, eta, ureztatzeko agindua emateaz gainera, laborantza-gune bakoitzari buruzko informazio zehatza eskuratzeko aukera ematen du.

Haririk gabeko komunikazioa baliatzen duten urrutiko unitateak dauzka ekipamenduak, eta horietako bakoitza ur-hartune batean jarrita dago; irrati-frekuentzia bidez komunikatzen dira ureztatzaileen elkartearen egoitza nagusian dauden ordenagailuekin. Ureztatzeen kudeaketa malgutzen laguntzen du sistemak, asteroko txandatze zorrotzen pean baitaude. Izan ere, hala on line kontrola daiteke lursailetara igorritako ur-kantitatea. Agronomia-irizpide profesionalei jarraiki konfiguratutako software aurreratu batekin kontrolatzen dute lursailetako bakoitza. Hala, kontrol-zentrotik bertatik igortzen dute agindua, lursailotan dauden ureztatze-puntuak aktibatzeko. Noiz eta zenbat ureztatu behar den erabakitzeko, une horretan lurrak dituen behar hidrikoak hartzen dira kontuan, bai eta elkarteari dagokion hornitze-kuota eta uraren tarifa ere.

Aldibereko hiru komunikazio-mota

Teknologia aitzindari honek egindako ekarpenen artean, nabarmentzekoa da komunikazio-metodo desberdinak konbinatzeko aukera ematen duela. Besteak beste, GPRSa, irrati-frekuentzia eta kableak konbinatuz egin ditzake komunikazioak, eta, horrela, instalazio bakoitzaren beharretara egokitu, maneiu-mota, ureztatu beharreko zonaldearen tamaina eta orografia kontuan hartuta.

Gainera, Aquarsonekin sentsoreak instala daitezke sistemaren puntu garrantzitsuenetan, eta horien bitartez informazioa jaso Ureztatze Kontrolerako Zentroan, hodietako balizko hausturak detektatzeko edo ureztatzean eragina izan dezaketen faktore klimatologikoak (haize bortitzak edo euria) kontrolatzeko.

Ura aurreztu

Abantaila aipagarrienetakoa da operazio bakoitzean erabili beharreko ur-kantitatea aurreztu egiten dela. Aurrezte hori % 15 eta % 20 artekoa izan daiteke, sistema ohikoago batzuekin alderatuz gero.

Araban, erabilgarri dagoen ur-kantitatea laborantzek behar dutena baino txikiagoa izaten da batzuetan, eta sistema honek uraren erabilera eraginkorragoa dakar. Bestela esanda, ekoizpena handitu daiteke ur-bolumen bera erabilita ere. Bestalde, energia elektriko asko kontsumitzen duten ponpaketen beharra duten ureztatzaile-elkarteen kasuan, sistemak aukera ematen du energia-eraginkortasuna hobetzeko, energia-kontsumoa murrizten delako.

Abantaila kuantitatibo horietaz gainera, badago onura kualitatibo bat ere, laborarien bizi-kalitateari eragiten diona. Izan ere, ureztatzeak programatzeko aukera ematen die, ureztatze-ahoetara bertara joan beharrik gabe. Era berean, garatutako teknologiari esker, malgutasun handiagoa dago ureztatze-txandak ezartzeko. Orain arte optimizazio-irizpide garbirik gabe egiten zen lan, eta azalera ureztatua zenbatekoa zen zehatz-mehatz kontrolatzerik ere ez zegoen. Sistema automatizatuarekin, uraren erabilera hobeto zaindu daiteke, eta ur-gabeziak estres hidrikoa (oso kaltegarria da) eragitea saihesten da.

Azkenik, programa honi esker lurrak errentagarriagoak izan daitezke, uraren lursailkako banaketa irizpide ekonomikoen arabera (hala nola uraren eta uzten prezioa) optimizatzen baitu.

Aholkularitza nekazariei

Teknologia aurreratu hau martxan jartzearekin batera, nekazariei aholkularitza orientatua emateari ekin zioten Neiker-Tecnaliako ikertzaileek, laborantzak ureztatzeko aholku praktikoak eskaintzeko. Hori dela eta, ur-hornitzeak hobeto kudeatzeko ereduak garatu dituzte zentroko teknikariek. Ereduok parametro meteorologikoetan (haizearen abiadura, euria eta eguzki-erradiazioa) eta irizpide ekonomikoetan (uraren prezioa eta uraren fakturazioa elkarteko) oinarritzen dira, uztaren ureztatzea baldintza dezaketen faktoreak direlako.

Informazio osagarria

  • Aquarson., Tecnalia
Pablo Melchor

Egilea: Pablo Melchor (MBN Comunicación, S.A.)

Laguntzailea: