#GaiNagusiak

CIC nanoGUNEren SPINTROS proiektuak Starting Grant izen handiko beka lortu du, elektronikaren arloan egindako ideia berritzaileengatik

Noiz argitaratua: 11/03/08 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Orokorrak #Fisika, Kimika eta Matematika #Teknologia

CIC nanoGUNEko nanogailuen taldeko buru eta Ikerbasqueko ikertzaile Luis Hueso doktoreak 1,3 milioi euroz hornitutako izen handiko ikerketa zientifikoko beka bat (Starting Grant) eskuratu du SPINTROS proiektuarekin. Europako Ikerketa Kontseiluak ezagutzaren mugan dauden ideia berritzaile eta “ausartei” eta epe luzera garapen eta aplikazio iraultzaileak eragin ditzaketenei ematen dizkiete beka horiek.

Beka horrek ikerketa-ideia berritzailea bera ere saritzen du, eta ematerakoan lider zientifikoaren curriculuma baloratzen da, zentroak dituen baliabide teknologikoen eskuragarritasunarekin batera. Luis Huesok adierazi duen bezala, ezingo litzateke aurreikusitako ikerketa burutu, nanoGUNEk eskuratu dituen azpiegitura eta ekipamendu konplexuak eta ikerketa arloko diziplina anitzeko ekipo bikainak ez balitu.

Luis Huesoren SPINTROS, “Spin Transport in Organic Semiconductors” (Spinaren garraioa erdieroale organikoetan) proiektuaren helburua da agortzear egon litezkeen silizioan oinarritutako egungo sistemak ordezkatzeko material eta funtzionaltasun ezezagunak esploratzea, benetako iraultza ekar dezaketen gailu elektroniko berriak egin ahal izateko.

Proiektu horrek molekula bakarreko eskala nanometrikoan egindako gailu elektronikoen diseinua, fabrikazioa eta azterketa ditu lan-ardatz. Luis Huesok adierazi duenez, “elementu funtzionala molekula bakarra duten gailu elektronikoak fabrikatzeko erronka dugu aurrean. Hainbat arazo tekniko eta zientifiko konpondu behar ditugu (molekula hori eroale bati nola konektatu, adibidez), baina gaur egun eskuraezinak diren aplikazioetarako atea ireki dezake, hala nola, spintronika eta konputazio kuantikoa”. SPINTROS proiektuarekin, elektronikan aplikatzeko alternatiba bideragarria aurreratu eta ulertzeko helburua planteatzen da, eta, alor horretan garai berriak irekitzen.

Spintronika

Elektroiaren spina esploratzea xede duen elektronikaren atal bat da spintronika. CMOS (“Complementary Metal Oxide Semiconductor”) garaiaren ondorengo elektronikan eginkizun garrantzitsua izango du (2020tik aurrera), nahiz eta oraindik alor askotan bere gaitasuna frogatu behar duen. Bereziki garrantzitsua da spinaren bide luzeko garraioa eta manipulazioa.

Gaur egun, fabrikatzen diren zirkuitu integratu gehienek CMOS teknologia erabiltzen dute. Teknologia horrek mikroprozesagailuak, memoriak, seinaleen prozesadore digitalak eta bestelako zirkuitu integratu asko ditu bere barruan. Baina bere garapenak muga dauka, eta horregatik uste dute spintronikak aurrerapen garrantzitsuak ekar ditzakeela.

Gaur egun, jada ezagutzen dira aplikazio elektronikoetako guneetan (OLED pantailak) eta eguzki-zelulatan agertzen diren zenbait erdieroale organiko (OS). Erdieroale organiko hauek spinaren garraio eta kontrolerako egokiak egiten dituzten ezaugarriak dauzkate, baina oraindik urrun gaude aplikazioetan pentsatzeko beharrezkoak diren ezagutzak izatetik. Uste denez, etorkizunean, lan jakin batzuetara bideratutako txipek elektroien spinetan oinarrituko dute beren funtzionamendua, karga elektrikoan oinarritu beharrean, gaur egun gertatzen den bezala.

Luis Huesoren proiektuak oinarrizko ezagutzak ekarriko ditu nanoegituretan, spinaren garraioaren inguruan. Era berean, CMOSen ondorengo garaiko gailuak egiteko bide berrietan aurrera egingo dela pentsatzen da. Luis Hueso erdieroale organikoetan spinaren garraioa ezagutu eta kontrolatzen saiatuko da, gailu elektroniko komertzialetan spintronika erabiltzeko etorkizunean.

Informazio osagarria

  • icono_documento
    Prentsa.-oharra, gaztelaniaz, CIC nanoGUNE
  • icono_documento
    Prentsa-oharra, euskaraz, CIC nanoGUNE
Itziar Otegui

Egilea: Itziar Otegui (CIC nanoGUNE)

Laguntzailea: