#GaiNagusiak

Erresberatrola tresna erabilgarria izan liteke gorputzeko gantza gutxitzeko

Noiz argitaratua: 11/03/04 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Biziaren zientziak #Osasuna
 Arrate Lasa laborategian

Bi osagai funtzionalek, azido linoleiko konjugatuak (CLA) eta erresberatrolak, gantza gutxitzeko duten gaitasuna aztertu du UPV/EHUko Elikadura eta Obestitatea ikerketa-taldeko Arrate Lasak bere tesian: Ácido Linoleico Conjugado y Resveratrol: efecto de estos ingredientes funcionales sobre el metabolismo de los triglicéridos y la adiposidad (Azido linoleiko konjugatua eta erresberatrola: osagai funtzional horiek triglizeridoen metabolismoan eta gizentasunean duten eragina).

Gizentasuna prebalentzia handiko gaixotasuna da herrialde garatuetan. Izan ere, 1.000 milioi pertsonak baino gehiagok dute gehiegizko pisua munduan gaur egun, eta 300 milioik baino gehiagok obesitatea du. Gaixotasun horri lotuta beste hainbat agertu ohi dira, nabarmen handitzen dutenak morbilitate-heriotzen tasa.

Hainbat estrategia daude gaur egun obesitatea tratatzeko, eta, haien barruan, interes handia sorrarazten du osagai funtzional deritzenen arloak. Elikagai jakinek dituzten osagaiak dira gorputzaren funtzio espezifikoak hobetzen dituztenak, eta, hortaz, osasuna hobetu eta gaixotasunak izateko arriskua txikitzen dute.

Osagai funtzionalekin gantza gutxitzea

Azido linoleiko konjugatua eta erresberatrola bi osagai funtzional dira, eta gantza gutxitzeko gai direla frogatu izan da bizidunetan nahiz in vitro egindako esperimentuetan. Batetik, CLAri egozten zaizkion propietateek adierazten dute pisua hartzea eta gorputzean gantza metatzea galarazten duela. Ez dakigu, ordea, zer eragin duen obesitatea tratatzeko dieta hipokaloriko batean hartzen bada. Bestetik, ezaguna da erresberatrola gai dela odoleko lipidoen maila jaisteko, baina ez da asko aztertu zer eragin duen metatutako gantzean.

Alderdi horiek argitze aldera, batetik, energia gutxiagorekin elikatutako hamsterrak CLArekin tratatzeak eman dituen emaitzak aurkeztu ditu Lasak bere tesiaren bidez, eta, bestetik, azaldu du zer eragin duen erresberatrolak gantzen metaketan eta zer jarduera lipolitiko duen saguen eta gizakien adipozito-zelulen kulturetan. Lortutako emaitzek frogatu dute CLAk ez duela sustatzen energia gutxiagoko dietak eragindako pisu- eta gorputzeko gantz-galera. Halaber, ez du lipolisi-maila igotzen, eta ez ditu argaltze-dietak berak baino hein handiagoan hobetzen parametro serikoak eta glukosaren homeostasiaren eta intsulina-funtzioaren parametroak. Aldiz, triglizeridoen metaketa txikitzen du erresberatrolak, hein batean lipolisia aktibatzen delako, bai sagu-adipozitoetan, bai giza adipozitoetan.

Horregatik guztiarengatik, ondorioztatu dute CLA ez dela molekula erabilgarria obesitatea tratatzeko dieta hipokalorikoa egiten denean, eta, erresberatrola, berriz, tresna erabilgarria izan litekeela gantza gutxitzeko. Ikerketa gehiago egin behar dira molekula horrekin, batetik, erresberatrolaren beste eragin batzuk eta akzio-mekanismoak deskribatzeko, eta, bestetik, izan ditzakeen albo-ondorioak eta toxikotasuna argitzeko.

Informazio osagarria

  • icono_documento
    Prentsa-oharra, gaztelania, EHU
  • Arrate Lasa laborategian, UPV/EHU
Komunikazio Bulegoa

Egilea: Komunikazio Bulegoa (UPV/EHU)

Laguntzailea: