#GaiNagusiak

Mahatsaren produktibitatea eta kalitatea aldatu egiten da, lursaileko zer zonaldetan hazten den

Noiz argitaratua: 11/03/02 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Orokorrak #Biziaren zientziak #Lurraren zientziak #Teknologia
 Mahastiak.

Mahasti-lursail baten azalera-eremu osoak ez ditu propietate berberak. Neiker-Tecnaliak (Nekazaritza Ikerketa eta Garapenerako Euskal Erakundea) egindako ikerketa batean berretsi dutenez, ezaugarri desberdinetako lurzoruak dituzten zonaldeak aurki daitezke lursail bakar batean, eta horrek alde nabarmenak eragin ditzake mahatsaren ekoizpenean eta muztioaren kalitatean. Desberdintasun horiek ezagutuz gero, mahastizainak bere ustiategian zonifikazioak egiteko aukera du, bertako ongarritze-, ureztatze- eta tratamendu-beharrak hobeto egokitzeko. Era berean, horri esker mahats-bilketa hautatua egin daiteke, eta kalitate desberdineko sortak ekoitz daitezke horrela.

Olatz Unamunzaga Biologian doktoreak zuzendu du ikerketa, eta lurzoruaren propietateetan oinarrituta, mahastiaren zati baten zonifikazioa ezartzea izan da helburua, bai eta mahastiaren ekoizpen-portaera eta kalitatea aztertzea ere. Ikerketak irizpide batzuk ezartzea ahalbidetu du. Mahastiaren portaeraren eta aztertutako lursaileko lurzoru bakoitzaren propietateen artean lotura egiten laguntzen dute irizpideok.

Lau lurzoru-mota

Oiongo (Araba) zortzi hektareako mahasti batean egin dute ikerketa; Zuazo Gaston upategietan, hain zuzen ere. Ikertzaileek 190 puntu baino gehiagoko laginketa ezarri zuten. Puntu horiek lursaileko zonalde ugaritan jarri zituzten sistematikoki; topografiari eta orientazioari dagokienez desberdinak ziren puntu horiek. Eremuaren propietateez gain, mahastien indar eta produktibitateari dagozkien zenbait parametro neurtu zituzten, hala nola kimatze-egurraren pisua, ekoizpena mahasti-unitate bakoitzeko, mahats-mordoen kantitatea eta pisua, baiaren pisua eta muztioaren kalitatea.

Neiker-Tecnaliaren ikerketak zehaztu duenez, lurzoruaren higadura-prozesuek eragina dute haren propietateen, eta batez ere sakontasunaren, banaketa horizontalean eta bertikalean. Propietate fisikoen aldakortasunaren arabera, lau lurzoru-mota identifikatu zituzten: a) jalkitze-lurzorua, 110 cm-tik gorako sakonera eta materia organikoaren banaketa irregularra duena gunerik sakonenean; b) argilita-zorua, 85 eta 100 cm arteko sakoneran (50-80 cm-ko sakoneran kolore gorrixkadun buztin-geruza du bereizgarri); c) lohiharri-zorua, 50 eta 100 cm arteko sakoneran, sakonean kilogramoko 270-380 gramoko buztin-edukia duena; eta d) harea-zorua, 25 eta 80 cm arteko sakoneran, harea-eduki handia duena (300 gramo kilogramoko) sakoneran.

Mahasti indartsuagoak ur gehien gordetzen duten zoruetan

Emaitzen artean, besteak beste, egiaztatu dute ura gordetzeko ahalmen handiena duten lurzoruek (jalkitze- eta argilita-zoruak) garatu zituztela mahasti indartsuenak. Erabilgarritasun hidrikoak eragina izan zuen ekoizpenean (unitateko) eta jalkitze-zoruko mahats-mordoen kantitatean. Hala ere, urtebetez ekoizpen eta mahats-mordoen kantitate handiak izan eta gero, aldagai horiek nabarmen egiten zuten behera hurrengo urtean.

Era berean, ikerketak islatu duenez, loraldiaren eta koloratze-garaiaren artean (ekainaren erdialdea - uztailaren bukaera) erabilgarritasun hidriko txikiagoa eta heltze-garaian (abuztua - iraila) erabilgarritasun hidriko handiagoa egon zen urteetan eman ziren balizko gradu alkoholiko handiagoa lortzeko kondizio onenak. Efektu horrek isla nabarmena izan zuen lurzoru-mota desberdinetan.

Mahats-bilketaren aurreko irailean izandako tenperatura faktore erabakigarrienetakoa izan zen, muztioaren azido malikoaren edukiari dagokionez. Tenperatura altuek azido malikoaren errekuntza erraztu zuten, eta, horrenbestez, azido horren galera ere bai. Mahats-mordoaren tenperaturan, berriz, airearen tenperaturak eta haren gerizpetzeak izan zuten eragin handiena.

Bestalde, patsarekin zerikusia duten parametroen (hala nola antozianoak, polifenolen indizea eta kolorearen intentsitatea) baloreak handiagoak izan ziren harea-zoruan; kolorearen intentsitatea lau punturaino izan zen handiagoa, gainontzeko zoruekin alderatuta.

Ekoizpenaren kontrol zorrotza

Errioxa sor-markak ezarritako erabilera-arauen pean dagoen mahasti batean egin dute Neiker-Tecnaliaren ikerketa; sor-marka horrek muga ezartzen du gehienezko ekoizpenari dagokionez. Horrek esan nahi du mahatsaren kontrolak gero eta zorrotzagoa izan behar duela ezarritako muga ez gainditzeko eta landarediaren garapena eta ekoizpena orekatzeko, kalitate gorena lortzea helburu. Oreka hori estu lotuta dago zoruaren, klimaren, kultura-jardunbideen eta hoditeria-sistemen kondizio zehatzekin, eta kondizio horiek lotuta daude, aldi berean, mahatsaren barietatearekin.

Informazio osagarria

  • Mahastiak., Tecnalia
  • Ikertzaile bat mahastietan., Tecnalia
  • Lurzoruak., Tecnalia
Pablo Melchor

Egilea: Pablo Melchor (MBN Comunicación, S.A.)

Laguntzailea: