#GaiNagusiak

Pitzadurak beren kabuz konpontzen dituzten eta bero sorreko energia biltegiratzen duten zementuak sortzeko aukera aztertu dute

Noiz argitaratua: 11/03/02 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Orokorrak #Fisika, Kimika eta Matematika #Ingurumena #Teknologia
 Tesiaren egilea, Idurre Kaltzakorta Arantzamendi.

Eraikuntzan gehien erabiltzen den materialetako bat dira zementua eta bere deribatuak, ezaugarri aproposak eta prezio merkea dutela eta. Azken urteotan, materialoi funtzionaltasunak gaineratzea izan da ikerketa zientifikoaren eta teknologikoaren lan-ildoetako bat. Hain zuzen ere, zementuari bereizgarri jakin batzuk txertatzeko aukera aztertu du Idurre Kaltzakorta doktoreak; hala nola materialari ateratzen zaizkion pitzadurak bere kabuz konpontzeko gaitasuna eta bero sorretik datorren energia bere barruan biltegiratzeko ahalmena. Horri buruzko tesia egin du Tecnaliaren Eraikuntza Unitatean, eta UPV/EHUn aurkeztu du. Synthesis of silica microcapsules encapsulating different organic compounds for addition in the cement paste (Zenbait konposatu organikoz betetako silizezko mikrokapsulak, zementu-orean txertatzeko) du izenburua.

Ikerketaren goiburuak berak islatzen duenez, barruan material organikoa duten silizezko (beiraren oinarria) mikrokapsulak sortu ditu Kaltzakortak, zementuari ezaugarri berriak emateko. Goian aipatutako bereizgarriak lortzeko, material organiko bana aukeratu du zementuari txertatzeko. Hala, batetik, erretxina epoxidikoz (itsaskorrak ekoizteko erabiltzen da) bete ditu mikrokapsula batzuk, zementuak pitzadurak bere kabuz konpontzeko ahalmena izan dezan. Bestetik, fase-aldaketarako materialak sartu ditu kapsuletan. Fasea aldatzen dutenean (solidotik likidora edo likidotik gasera, eta alderantziz), bero-kantitate handia xurgatu edo askatzen duten materialak dira horiek, eta, horri esker, bero sorretik datorren energia zementuzko materialean biltegira daiteke.

Sol-gel teknika eta emultsioa

Materiala mikrokapsuletan nola sintetizatu aztertu du Kaltzakortak, eta, horretarako, sol-gel kimika eta emultsioaren teknologia konbinatu ditu. Bide horrek aukera ematen du material organikoa kapsuletan sartzeko, tenperatura- eta presio-kondizio samurretan. Beste bide batzuen bitartez, ordea, zaila izaten da barruan material organikoa duten mikrokapsulak sintetizatzea.

Behin mikrokapsulak lortuta horiek zementuzko matrizean txertatzeak zer efektu duen aztertu da tesian, proposamena bideragarria ote den ikusteko. Horretarako, zementuzko material berriaren ezaugarriak ikertzeko zenbait teknika baliagarri erabili ditu Kaltzakortak, hala nola X izpien tomografia, ekorketa-mikroskopia elektronikoa, entsegu mekanikoak eta ekorketa-kalorimetria diferentziala.

Horrenbestez, tesiak erakutsi du bideragarria dela bere kabuz pitzadurak konpontzeko eta bero sorreko energia biltegiratzeko gai diren zementuen belaunaldi berria garatzea, zenbait material organiko dituzten silizezko mikrokapsulak aplikatuta. Hain zuzen ere, patente bat ere eskuratu du, pitzadurak auto-zigilatzeko gai den zementu berriari dagokion ikerketaren garapenari esker. Gainera, Kaltzakortak azaldu duenez, tesian aurkezturiko proposamenek jasangarritasuna babesten dute. Batetik, pitzadurak bere kabuz konpontzeko gai den zementuzko materiala lortuz gero, azpiegituren balio-bizitza luzatuko litzateke. Bestetik, eraikinen barruan tenperatura erregulatzeko ahalmena duen materiala erabiliko balitz, energia-eraginkortasuna hobetuko litzateke.

Egileari buruz

Idurre Kaltzakorta Arantzamendi (Ondarroa, 1978) Kimika Zientzietan doktorea da. UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Kimika-Fisika Sailean aurkeztu du tesia. Edurne Erkizia Jauregi doktorearen zuzendaritzapean egin du, Tecnaliako Eraikuntza Unitateko NANOC Taldean (eraikuntzan aplikatzeko nanomaterialak). Luis Leon Isidro UPV/EHUko irakaslearen eta Kimika-Fisika Saileko haren taldearen laguntza ere izan du. Era berean, elkarlanean aritu da Hokkaidoko Unibertsitatearekin (Sapporo, Japonia).

Informazio osagarria

  • Tesiaren egilea, Idurre Kaltzakorta Arantzamendi., Idurre Kaltzakorta Arantzamendi
Komunikazio Bulegoa

Egilea: Komunikazio Bulegoa (UPV/EHU)

Laguntzailea: