#GaiNagusiak

EAEko eta Nafarroako ardi-, behi- eta zaldi-arraza jakin batzuetan dagoen dibertsitate handia ikertu dute UPV/EHUko tesi batean

Noiz argitaratua: 11/03/01 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Orokorrak #Biziaren zientziak
 Tesiaren egilea, Fernando Rendo Fornet.

Fernando Rendo UPV/EHUko biologoak tresna genetiko-molekularrak garatu ditu, jatorriz EAEkoak eta Nafarroakoak diren ardi-, behi- eta zaldi-arraza jakin batzuen zuhaitz genealogikoa osatzeko. Horretarako, mikrosatelite ugari (DNA-sekuentzia mota bat) eta SNP batzuk (DNA-sekuentziaren bariazio mota bat) aukeratu ditu, egitura genetikoak ezaugarritzeko biomarkatzaile baliagarriak direlakoan. Horiekin, panelak eraiki ditu, eta aplikatu egin dizkio zenbait ardi- (Latxa, Karrantzakoa, Sasi Ardia, Nafarroakoa), behi- (Pirinioetakoa, Betizua, Terreñoa, Montxina) eta zaldi-arrazari (Pottoka, Nafarroako Zaldikoa, Euskal Herriko Mendi Zaldia, Aurizko Zaldia).

Panel horiek oinarrizko tresna gisa hartuz, Rendok bere doktore-tesia egin du, eta tokiko arraza horietako populazioen genetika aztertu du. Arreta berezia eskaini die desagertzeko arriskuan dauden arrazei. Horregatik, orain arte egindako kontserbazio-plan batzuen eraginkortasuna aztertu du, bai eta proposamenak egin ere etorkizuneko programei begira. Genética poblacional y forense en razas ovinas, bovinas y equinas locales del País Vasco y Navarra (Populazio- eta auzitegi-genetika EAEko eta Nafarroako ardien, behien eta zaldien tokiko arrazetan) izena du lanak.

Aldagarritasun handia

Aztergai izan diren arrazetan, populazioen artean aurkitutako aldagarritasun genetiko handia nabarmendu du Rendok. Horren adibide da Latxa ardi-arrazak duen heterogeneotasuna, tesian hiru populazio-talde identifikatu baitituzte: EAEko Latxa Muturbeltza, Latxa Muturgorria eta Nafarroako Latxa Muturbeltza. Mendebaldeko Piriniotan erabili ohi den estrategiari egotzi zaio ikertutako ardi-, behi- eta zaldi-arrazetan aurkitutako dibertsitate handia. Animaliak inguruko taldeen artean gurutzatzean datza estrategia hori, eta eremu geografiko oso txikietan talde homogeneoak eta isolatuak sortzea eragiten du horrek. Hala, ekotipo, barietate eta arraza ugari sortzen dira nahiko azalera txikiko eremuan.

Tesian egiaztatu denez, aldagarritasun handi hori bereziki positiboa da desagertzeko arriskuan dauden arrazen kontserbazio-programak egiteko; Sasi Ardia, Betizua, Terreñoa, Montxina, Pottoka eta Nafarroako Zaldikoa dira arraza horietako batzuk. Esate baterako, Sasi Ardi basarrazaren barnean aurkitutako dibertsitate handia aipatu du bereziki Rendok, eta horregatik nabarmendu du hori babesteko beharra, animalia-baliabide genetiko garrantzitsutzat jo baitu. Etorkizuneko kontserbazio-programetan Sasi Ardi arrazaren populazio ez estandarra baliatzea proposatu du zehazki, ekarpen handia egiten diolako aldagarritasunari, eta genetikoki ez dagoelako desberdintasun handirik horien eta arraza garbiko artaldetzat jotzen direnen artean.

Betizu behi-arrazari dagokionez, azken urteotan haren egitura genetikoan murrizketa izan dela azaltzen da tesian. Horri irtenbidea aurkitu nahian, arrak taldeetan birbanatzea proposatu du. Kasu honetan ere, kontserbazio-programan populazio ez estandarrak (Betizu Mix) txertatzea proposatu du, Sasi Ardiarekin egin den bezala.

Pottoka zaldi-arrazari dagokionez, 15 urteotan egindako kontserbazio-programa aipatu du Rendok bereziki. Tesian ikusi denez, animalion erabilera-estrategia egokiari esker, arraza horrek eutsi egin dio hasieran zuen aldagarritasun genetiko handiari.

Auzitegi-genetikan ere bai

Genetikaren eta populazioaren analisirako ez ezik, genetika- eta auzitegi-analisirako ere baliagarriak izan dira lan honetan garatutako biomarkatzaileen panelak. Bereziki, ardi-mikrosateliteen panelen eraginkortasuna ageri da tesian. Esaterako, han adierazten denez, biomarkatzaile horiei esker, Sasi Ardi arrazako banakoak zuzen esleitu dira, inguruko Latxa Muturgorriaren populaziotik bereizita. Zuzen egin ahal izan dute, era berean, Latxa Muturgorri arrazako bildots baten esleipena, eta jatorrizko artaldeari esleitu; babestutako basaespezieen pozoitzeari buruzko auzitegi-kasu bat argitzen lagundu du horrek.

Egileari buruz

Fernando Rendo Fornet (Gasteiz, 1975) Biologia Zientzietan lizentziatua da, eta Ingurumen Biologiaren eta Bizi-kalitatearen Ikasketa Aurreratuei dagozkien ziurtagiria ere badu. Andone Estonba Rekalde eta Eva Ugarte Sagastizabal doktoreen zuzendaritzapean idatzi du tesia; UPV/EHUko Genetika, Antropologia Fisikoa eta Animalien Fisiologia Saileko kidea da lehena, eta Neiker-Tecnaliako Nekazaritza-Berrikuntza Unitatearen burua, bigarrena. UPV/EHUko Genetika, Antropologia Fisikoa eta Animalien Fisiologia Saileko laborategian egin du lan; nahiz eta elkarlanean ere aritu den, Bizkaiko Genomika Zerbitzuko Sekuentziazio eta Genotipo Unitatearekin (SGIker) eta Neiker-Tecnaliarekin. Gaur egun, Rendok ikertzaile kontratatu gisa dihardu UPV/EHUn, goian aipatutako sailean.

Informazio osagarria

  • Tesiaren egilea, Fernando Rendo Fornet., Fernando Rendo Fornet
  • Tesiaren azala., Fernando Rendo Fornet
Komunikazio Bulegoa

Egilea: Komunikazio Bulegoa (UPV/EHU)

Laguntzailea: