#GaiNagusiak

Hausnarkarien semen-fluidoan lentibirusen infekzioen kontrako antigorputzak detekta daitezke

Noiz argitaratua: 11/02/16 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Biziaren zientziak

Ardien eta ahuntzen semen-fluidoa hausnarkari txikietan lentibirusek eragindako infekzioen kontrako antigorputzak detektatzeko erabiltzea fidagarria ote den aztertu du Hugo Ramírez Álvarez mediku albaitariak bere doktore-tesian (ahuntzen artritis entzefalitisaren birusak eta Visna Maedi birusak eragindakoak). Bizitza osoan irauten duten infekzio hilgarriak eragiten dituzte birus horiek. “Orain arte, serum- edo esne-laginak erabiltzen ziren diagnostikoa egiteko, baina inoiz ez zen aztertu semen-fluidoa erabiltzeko aukera —azaldu du Ramírezek—. Modu horretan egitea, dena den, erabilgarria izan daiteke, intseminazio artifizialeko zentroetan infekzioa kontrolatzeko eta animaliak eta semena saltzeko, osasun-kalitateko ziurtagiriak beharrezkoak baitira.

Infekzioa errazten duten faktore genetiko batzuk zehazteko eta birus horiek eragindako infekzioaren kontrola hobetzeko diagnostiko-aukera hobeak proposatzea izan du helburu Ramírezen tesiak, Contribución al diagnóstico y a la filogenia de los lentivirus de pequeños rumiantes (Ekarpen bat hausnarkari txikien lentibirusen diagnostikoan eta filogenian) izenekoak.

Lentibirusek eragindako infekzioek immunitate-sistema kaltetu, eta hainbat patologia eragiten dituzte. Adibidez, Visna Maedi birusak berak Maedi deritzon gaixotasuna, arnasteko arazoak eragiten dituena, eta Visna gaixotasuna, nerbio-arazoekin lotuta ageri ohi dena, eragiten ditu ardietan. Oso talde heterogeneoa eratzen dute hausnarkari txikien lentibirusek, besteak beste, ahuntzen artritis entzefalitisaren birusak.

Ramírezen lanak lau helburu izan ditu. Batetik, Mexikon jaiotako ardi- eta ahuntz-talde misto batean aurkitutako lentibirusen birus-tipo genetikoa karakterizatu du. Bestetik, Gaztela eta Leonen visna-agerraldi batean kaltetutako ardien hainbat organo eta ehunetan birusa aztertu du, zehazteko zer neurritan eragin dituen birus jakin horrek agerraldi hartan deskribatutako sintoma klinikoak. Horiez gain, ELISA testen eraginkortasuna ebaluatu du (antigorputzak detektatzeko teknika bat da ELISA, bereziki odolean detektatzeko); test komertzialak eta ikerketa horretan proteina-kate motzekin diseinatutakoak (peptidoekin) aztertu ditu. Azkenik, semen-fluidoko antigorputzetan oinarrituta, lentibirusaren infekzioa diagnostikatu du.

ELISA testei dagokienez, Nafarroako, Aragoiko, Gaztela eta Leongo eta EAEko 500 animalia baino gehiagoren serumak erabili zituzten. Ikerketak agerian utzi du infektatutako animalia batzuk ez direla detektatzen ikertzen ari diren eskualdean diagnostiko-test bakarra erabiltzen denean, eta zehaztu du zer egoera eta animalia-taldetan den erabilgarria ELISA-mota bakoitza.

Detektatzeko metodo berria

Lentibirusen infekzioa diagnostikatzeko semen-fluidoa fidagarria ote den aztertzeko, 296 ardi eta ahuntz arri semen- eta serum-laginak hartu zizkien Ramírezek, ikusteko semen-fluidoa fidagarria izan daitekeen lentibirusaren zeharkako diagnostikoa egiteko (antigorputzen bidezkoa).

Serumaren emaitzak bezalaxe, ELISA-probaren sentikortasunaren araberakoak eta laginaren kalitatearen araberakoak dira semen-fluidoaren emaitzak. Laginek zer ezaugarri izan behar dituzten zehaztutakoan, detekzio-metodoa probatzeari ekin zioten. “Ikerketan ondorioztatu dugu fidagarria dela ELISA testetan semen-fluidoa erabiltzea hausnarkari txikietan lentibirusen kontrako antigorputz espezifikoak detektatzeko”, adierazi du ikertzaileak.

Victoria Alfonso Seminario

Egilea: Victoria Alfonso Seminario (Universidad Pública de Navarra)

Laguntzailea: