#GaiNagusiak

Fobiak gainditzeko errealitate birtualean oinarritutako tratamendu berria

Noiz argitaratua: 11/02/14 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Osasuna
 VirtualRET

Bilboko Burmuin Institutuak, Javier Aizpiriren zuzendaritzapean, fobiak eta antsietateak gainditzeko errealitate birtualean oinarritutako tratamendu berri bat jarri du martxan.

Tratamendu berri horrek Bizkaiko Virtualware enpresak garatu duen plataforma berri baten laguntza behar du: virtualRET, errealitate birtualeko agertoki anitzeko plataforma. Teknika horretan ez da botikarik hartzen, eta Burmuin Institutuaren filosofia mantentzen da; alegia, botika ahalik eta gutxienekin edo horiek gabe tratatzen dituzte gaixotasunak. Javier Aizpiri medikuak medikuntza osasuntsuago baten alde egiten du. Izan ere, “gizarte azeleratu batean bizi gara; azkartasuna gailentzen da, berehalakoa, eta, horrenbestez, erantzun errazak aurkitzeko joera dugu, maiz botika gehiegi hartuz eta gure gorputza intoxikatuz”.

Fobiak dituzten pertsonek maiz antsietate-krisi bortitzak izaten dituzte, eta, horrenbestez, medikuek antsiolitikoetan oinarritutako tratamenduak ezartzen dizkiete. Horren harira, Aizpiri medikuak eta haren taldeak emaitza berak edo hobeak ekar ditzakeen tratamendu integralago eta ez hain erasokor bat proposatzen dute.

Fobiak beldur irrazionalak eta neurriz kanpokoak dira. Objektu edo egoera jakin batzuen izua da. Tratamendu kognitibo eta jokabide-tratamendu horren balio erantsia fobiak gainditzeko prozesuak errazten dituzten segurtasunean eta konfiantzan datza. Gainera, errealitate birtualari esker, zentroko terapeutek beldur-egoeretan jar ditzakete gaixoak, betiere haien antsietate-mailak kontrolatuz.

Hainbat abantaila ikusten dizkiote Burmuin Institutuko terapeutek teknika berri horri. Batetik, fobia bat baino gehiago (altuerari, hegan egiteari, eremu irekiei, metroan ibiltzeari edo publikoan hitz egiteari) trata daitezke plataforma bakar batekin. Bestetik, fobiak gainditzeko errealitate birtualean oinarritutako tratamenduetan, terapeutak gaixoa hautematen edo nabaritzen ari dena jasotzeko aukera dago, eta, beraz, saio bakoitzean datuak biltzen dituzte. Horrek etorkizuneko saioetarako jarraibideak zehazten eta gaixo bakoitzaren tratamenduaren ibilbidea aztertzen laguntzen die medikuei.

  • Oharrak:

    Informazio gehiago: INFORPRESS Silvia Angulo- Ainara Beato sangulo@inforpress.es- bilbao@inforpress.es Tel: 94 413 20 68/ 619 92 20 40

  • Interneteko helbidea:

    www.virtualret.es

Informazio osagarria

  • VirtualRET, Virtualware
Aida Otaola Barbeito

Egilea: Aida Otaola Barbeito (VIRTUALWARE)

Laguntzailea: