#GaiNagusiak

Estrogenoak bularreko minbiziaren agresibitatea txikitzen du

Noiz argitaratua: 11/02/14 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Biziaren zientziak #Osasuna
 CIC bioGUNEko ikertzailea

Estrogenoak bularreko minbizia izateko arriskua txikitzen lagundu lezakeela ikusi du CIC bioGUNEko ikertzaile-talde batek. Egindako lanean frogatu dute bularreko minbiziaren zelula amen kopurua txikitzeko gai dela estrogenoa. Horrek azaldu lezake kasu horietan tumoreek agresibitate txikiagoa izatea, eta, horrenbestez, pronostiko hobea izatea. Breast Cancer Research and Treatment aldizkarian argitaratu dute proiektua, eta Bularreko Minbiziari buruzko Nazioarteko Biltzarrean aurkeztuko dituzte emaitzak, Madrilen. Giza laginak eta laborategiko zelula-lerroak erabili dituzte ikerketa egiteko.

Minbiziaren zelula amak (edo tumoreen zelula abiarazleak) identifikatzeak bularreko minbizia beste modu batera ikustea ekarri du, eta etorkizunerako tratamendu-aukera berriak ireki ditu. Orain arte, minbiziaren kontrako tratamenduak tumore-masa txikitzeko diseinatuta zeuden. Azkenaldian, ordea, ikusi da ohiko tratamenduak gai direla tumorearen zelula-masa gehiena hiltzeko, baina minbiziaren zelula amak erresistenteagoak direla ohiko tratamenduekiko, hala nola kimioterapiarekiko eta erradiazioarekiko. Horrenbestez, minbizia eraginkortasun handiagoz eta behin betiko sendatzeko, beharrezkoa da minbiziaren zelula amak ere deuseztatzeko moduak aurkitzea.

Estrogenoa hormona konplexua da; ezinbestekoa da bularra garatzeko eta behar bezala funtzionatzeko, baina, bestalde, minbizi-zelulak ugaltzea eragiten du, bularreko tumorea agertutakoan. Hau da, estrogenoa arrisku-faktore bat da bularreko minbizirako. Hala ere, ezer gutxi ezagutzen zuten estrogenoak tumorearen zelula abiarazleetan duen eraginari buruz.

Azkeneko urteetan urrats handiak eman dituzte bularreko minbiziaren kontrako borrokan, eta nabarmen hobetu da diagnostikoa, pronostikoa eta tratamendu posibleak. Horrenbestez, asko handitu da pazienteen biziraupena. Halaber, proposatu dute minbiziaren zelula amak tumorearen agresibitatearekin lotuta daudela: zenbat eta handiagoa izan bularreko minbiziaren zelula amen proportzioa, orduan eta agresiboagoa da minbizia, eta, hortaz, pronostiko okerragoa du.

“Horrelakorik espero gabe, ikusi dugu estrogenoak bularreko zelula amen proportzioa txikitzen duela. Agian horregatik izaten dute pronostiko hobea estrogenoaren hartzailea espresatzen duten tumoreek. Hau da, estrogenoaren hartzailea espresatzen duten tumoreak ez dira hain agresiboak, hobeki diferentziatuta egoten dira, eta, hortaz, pronostiko hobea izaten dute”, azaldu du María Vivanco ikerketa-taldeko buruak.

Vivancoren ustez, estrogenoaren alderdi funtzional bat proposatu du ikerketak, zeregin desberdina baitu zelula-motaren arabera.

CIC bioGUNEko ikertzailearen arabera, “estrogenoak zelula amen proportzioan duen zuzeneko eragina ulertzeko oinarri molekularrak ezarri ditu ikerketak, bai ehun osasuntsuen bai minbizi-ehunen zelula amen proportzioan, eta argi utzi du estrogenoaren hartzailea pronostikoaren primerako adierazlea” dela. Gainera, ikusitakoarekin zenbait behaketa kliniko ere azaldu dituzte, hala nola odolean estrogeno-maila handiak dituzten menopausia ondoko pazienteek agresibitate txikiagoko tumoreak izatea; diferentziazio-maila txikiko tumoreek minbizi-zelula ama gehiago izatea, eta hori tumore-maila handiari, estrogenoaren hartzailerik ez izateari eta biziraupen txikiari lotuta egotea, eta edoskitzeak eragin onuragarria duela ikustea (bularra diferentziatuago dagoela esanda azaldu izan dute eragin hori).

Oso pauso garrantzitsutzat jo dute ikertzaileek egindako ikerketa, bularreko minbiziari aurre hartzeko tresnak garatzeko ate berriak irekitzeko aukerari dagokionez.

Informazio osagarria

  • icono_documento
    Prentsa-oharra, gaztelania, CIC bioGUNE
  • CIC bioGUNEko ikertzailea, CIC bioGUNE
  • CIC bioGUNEko ikertzailea, CIC bioGUNE
Javier Urtasun

Egilea: Javier Urtasun (Guk)

Laguntzailea: