#GaiNagusiak

Asfaltozko zoladuretatik beroa biltzeko sistema bat garatzen dihardu Tecnaliak

Noiz argitaratua: 11/02/11 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Orokorrak #Ingurumena #Teknologia
 Asfaltoa.

Asfaltozko zoladuretan txertatzen den eguzki-energia biltzeko sistema bat garatzeko asmoz, Pavener proiektuan parte hartzen ari da Tecnaliaren Eraikuntza Unitatea. Proiektuak bi urteko iraupena du, eta Campezo Taldea du buru. Gaur egun, nagusiki kalitate-kontrolean eta ikerketa-proiektuen garapenean ari dira lanean Campezo Taldearen Ikerketa eta Kalitate Kontrolaren Laborategian, eta proiektu garrantzitsuenetako bat dute hau.

Zoladuran metatutako eguzki-energia biltzea du helburu sistemak, haren azpian txertatutako hodietatik fluxu bat garraiatuz. Zoladuran integratutako eguzki-kolektore baten antzeko funtzionamendua du metodo horrek. Eguzki-erradiazioa jasaten duen zoladura duen edozein gainazaletan ezar daiteke, hala nola errepideetan, aparkalekuetan, aireportuetan, etab. Asfaltozko zoladurak 70 gradura arte berotzen dira eguzki-erradiazio handia dagoen egunetan. Zoladura duten gainazalak ugariak direnez gero, potentzial handia du energia berreskuratzeko.

Aplikazio anitzak

Sistema aplikazio askotarako diseina daiteke. Dena dela, eguzki-kolektore gisa duen aplikazioa da berritzaileena, eta potentzial handia du eraikuntzaren sektorean. Garatutako sistemari biltegiratze termikoa eta bero-ponpak bezalako kontzeptuak gaineratuz gero, metatutako eguzki-energia tenperatura txikiko aplikazioetan erabil daiteke, hala nola eraikinetan, kiroldegietan, igerilekuetan edo ur beroaren horniketan. Sistemak badu beste balizko aplikazio bat: neguan asfaltoak izozte-puntutik gora mantentzeko erabil daiteke, errepideetan izotzik sor ez dadin. Horrek onurak ekarriko lizkioke bide-segurtasunari, eta gainera, izotza saihesteko erabili ohi den gatz-kantitatea murriztuko litzateke.

Sistemak erregai fosilen kontsumoa murriztea dakar, bai eta negutegi-efektua eragiten duten gas gutxiago isurtzea ere atmosferara, energia-iturri berriztagarri bat baliatzen delako. Gainera, errepideek mantenu txikiagoa beharko lukete horrela, gainazalak tenperatura egonkorragoa duelako neguan nahiz udan, eta ondorioz, pitzadura eta irekidura gutxiago sortzen dira zoladuretan. Sistemak badu beste abantaila bat: hirietan gertatzen den bero-uharte efektua gutxitu egiten da, zoladurazko gainazaletatik kanpora ateratzen baita beroa.

Simulazio-lanak

Sistemaren propietate termikoak eta mekanikoak ikertzen dihardu, zehazki, Tecnaliaren Eraikuntza Unitateak, simulazio eta neurketa esperimentalen bitartez. Sistemaren egitura aplikazioaren arabera optimizatzea dute helburu. Sistema garatzeko, oso kontuan hartzekoak dira egituraren egonkortasuna eta portaera termikoa.

Bukatzeko, instalazioaren prototipo bat eraikitakoan, sistemaren errendimendua aztertuko dute.

Informazio osagarria

  • Asfaltoa., José Jiménez (Flickr, Share Alike)
Pablo Melchor

Egilea: Pablo Melchor (MBN Comunicación, S.A.)

Laguntzailea: