#GaiNagusiak

Energia alternatiboen bitartez klimatizatutako negutegia sortu du Neiker-Tecnaliak

Noiz argitaratua: 11/02/02 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Orokorrak #Biziaren zientziak #Ingurumena #Teknologia
 Biomasa-galdara.

Energia-kostuak murriztea, energia-eraginkortasuna hobetzea eta laborantzen errendimendua handitzea ahalbidetzen duen negutegia sortu du Neiker-Tecnaliak (Nekazal Ikerketa eta Garapenerako Euskal Erakundea), energia alternatiboak baliatuta. Sistema berritzaile honek biomasa-galdara eta eguzki-panel termodinamikoak erabiltzen ditu, eta horiei esker, laborantzarako tenperatura hobezina eskura daiteke, petroliotik edo gasetik eratorritako erregairik erabili gabe.

Laborantza intentsiboa egiten den negutegiak klimatizatzeko instalatu ditu Neiker-Tecnaliak biomasa-galdara (egurra eta beste zenbait hondakin organiko erabiltzen ditu erregai gisa) eta plaka termodinamikoak. Metodo horren bitartez, kostuak murrizten dira, eta laborantzen errendimendua hobetzen da, berez sasoi jakin batekoak diren produktuen uzta urte osoan bildu ahal izateko. Ohiko gasoliozko galdarei alternatiba bilatu nahi zaie proiektu honetan. Izan ere, sistema horiek CO2-kantitate handiak isurtzen dituzte atmosferara, eta oso garestiak dira nekazariarentzat, petroliotik eratorritako erregaien prezioa dela eta.

Potentzia, 400 kW

Neiker-Tecnaliak Derion duen negutegi batean egin dute proiektua. Bertan, 400 kW-ko potentzia ekoizten duen biomasa-galdara instalatu dute, eta hori da, hain zuzen ere, orain artean negutegien klimatizaziorako Espainian erabili den handiena. Galdaraz gain, 40 panel termodinamiko ere badaude, eta lehen aldiz erabili dituzte horrelakoak negutegiko laborantza intentsiborako. Lurra baino zentimetro batzuk goraxeago edo laborantza-substratuaren azpian hodi batzuk daude, eta horietan dabilen ura berotzeko balio du bi energion arteko konbinazioak, sustraiak berotzea azken helburu.

Negutegian alderik alde sakabanatuta daude hodiak, eta garraiatzen duten uraren batez besteko tenperatura 80 gradu da. Negutegiaren klimatizazio hobezina lortzen da horrela, landareak berezko ekoizpen-sasoian bezala egon daitezen. Kontsumoaren kostua murritzagoa bada eta berez sasoi jakin batekoak diren laborantzak urte osoan eskuragarri badaude, azken produktuaren prezioa nabarmen murrizten da eta, hala, beste zonalde batzuetatik eratorritako produktuekin merkatuan lehiatzeko aukera dago.

Zirkuitu itxian mugitzen den gas hotza dago alde batetik, eta giro-tenperatura bestetik. Hozberoari dagokionez, bien artean dagoen aldeari esker sortzen dute energia panel termodinamikoek. Aipatzekoa da panelok duten energia-kostu txikia; eguzkirik gabe ere funtzionatzen dute, eta, beraz, energia sor dezakete eguna edo gaua izan. Gainera, oso nabarmen murrizten dute atmosferara isuritako CO2-kantitatea. Ura 45 graduan berotzeko gai dira, eta kontsumitutako kilowatt bakoitzeko duen kostua % 60 txikiagoa da, gasoliozko galdara arruntekin alderatuta.

Neiker-Tecnaliak baliatutako biomasa-galdarak hondakin organikoekin funtzionatzen du, hala nola hurren azalekin, oliben hezurrekin, zuhaitzen inausketatik eskuratutako materiarekin, basoak garbitzetik lortutako hondakinekin, pelletarekin (zerrautsak utzitako pikor-itxurako hondarrak), zerrautsarekin berarekin, txirbilekin edo egurraren industriak utzitako beste edozein soberakinekin. Biomasa-galdarak 55 zentimoko kostua du kontsumitutako kilowatt bakoitzeko, erregaiari dagokionez. Petroliotik eratorritako erregaiekin, gas naturalarekin edo propanoarekin funtzionatzen duten galdarek, aldiz, 92 zentimokoa. Beraz, biomasa-galdarek eragindako kostua askoz ere txikiagoa da.

Sustraiak berotu kostuak murrizteko

Neiker-Tecnaliak garatutako energia alternatiboen bidezko klimatizazioak lurzoru hidroponiko izeneko teknika du osagarri. Landareak negutegiaren zorutik hamar bat zentimetro gorago jartzean datza. Era berean, ura batez beste 45 graduan garraiatzen duten hodien bitartez, sustraiak berotzea lortzen da. Sustraiek bizileku duten substratua zuzenean berotzeak negutegi osoaren giro-tenperatura murriztea dakar, eta beraz, energia-gastua txikiagoa da.

Azkenik, sistema horrek guztiak sentsore-sare bat du. Sentsoreok negutegi osoan sakabanatuta daude, eta haiek osatzen duten sarearen bidez, nekazaritza-gune horretan dagoen tenperatuta erregula daiteke. Neurgailuek laborantza-gunearen tenperaturari eta hezetasunari buruzko datuak biltzen dituzte denbora errealean. Datuok ordenagailu batera doaz, eta ordenagailu horrek duen softwareak zenbait ekintza programa ditzake. Esaterako, negutegiaren tenperatura handitu eta txikitu dezake, eta landareak berotzeko ordurik aproposenak zehaztu.

Informazio osagarria

  • Biomasa-galdara., Tecnalia
  • Negutegia., Tecnalia
  • Negutegia., Tecnalia
Pablo Melchor

Egilea: Pablo Melchor (MBN Comunicación, S.A.)

Laguntzailea: