#GaiNagusiak

Proteina batek oroimena sendotu eta ahanztura prebenitzen du

Noiz argitaratua: 11/02/02 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Biziaren zientziak

Intsulinaren antzeko II hazkuntza-faktoreak (IGF-II) animalia-ereduetan oroimena sendotu eta ahanztura prebenitzen duela egiaztatu du nazioarteko ikerketa batek. Lan horren emaitzak Nature aldizkariaren azkeneko alean argitaratu dituzte. New York-eko Mount Sinai ospitaleko medikuntza-eskolan garatu dute lana, eta Ana García-Osta Nafarroako Unibertsitateko Medikuntza Aplikatuaren Ikerketa Zentroko (CIMA) ikertzaileak parte hartu du lan horretan.

Epe luzera oroimenaren sendotzean IGF-II hazkuntza-faktoreak duen zeregina deskribatzen dute artikulu horretan. “Mikroarray-en (geneen identifikazioa) bidezko ikerketen bidez egiaztatu genuenez, proteina hori kodetzen duen genea areagotu egiten da irakaskuntza-saio bat jaso duten arratoietan. Ikusi genuen IGF-II hazkuntza-faktorea animalia horien hipokanpoan (oroimena jasotzen eta sendotzen den garuneko eremua) ematean, animaliak oroimena sendotu eta ahanztura prebenitzen zuela”, azaltzen du CIMAko ikertzaileak.

Bestalde, hipokanpoan IGF-II genearen espresioa blokeatuz gero, ez da oroimen berririk sortzen. Horrenbestez, ezinbesteko molekula da oroitzapenak sortzeko eta sendotzeko. “IGF-IIa funtzio kognitiboa hobetzeko terapien diseinurako jomuga berri bat izan daitekeela uste dugu”.

Lortutako emaitza horiekin, Ana García-Osta ikertzaileak ikerketa-proiektu batean lanean dihardu CIMAn. Hain zuzen ere, IGF-II hazkuntza-faktorea alzheimerra gutxitzeko gai den edo ez aztertzen dihardu animalia-eredu batean.

Informazio osagarria

  • icono_documento
    Prentsa-oharra, gaztelaniaz, Universidad de Navarra
Laura Juampérez

Egilea: Laura Juampérez (Universidad de Navarra)

Laguntzailea: