#GaiNagusiak

Hamahiru urtetik beherako gaztetxoetan ere beharrezkoa da bizi-ohitura txarren aurkako prebentzioa, UPV/EHUko tesi baten arabera

Noiz argitaratua: 10/12/30 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Orokorrak #Gizarte-zientziak #Osasuna
 Tesiaren egilea, Marta Arrue Mauleon.

Elikadura txarra, alkohola edatea, bizimodu sedentarioa… Nerabezaro goiztiarra hasterako detekta daitezke bizi-ohitura osasungaitz horiek, eta bereziki nabarmenak dira emakumeen eta 19 eta 26 urte arteko gazteen artean. Horrenbestez, prebentzio-kanpainek oso kontuan hartu beharko lituzkete arrisku-talde horiek, bai eta 13 urtetik beherakoengana zuzendu ere. Ondorio horiexek atera ditu Marta Arrue ikertzaileak UPV/EHUn aurkeztu duen doktore-tesian. Hábitos de vida y factores psicológicos durante la adolescencia y juventud en la Comunidad Autónoma del País Vasco (Bizi-ohiturak eta faktore psikologikoak EAEko nerabezaroan eta gaztaroan) du izena lanak.

EAEko 2.018 gazte aztertu ditu Arruek, eta zenbait galdera-sorta bete behar izan dituzte horretarako. Bildutako datuekin, haien bizi-ohiturak xehatu ditu. Sexuaren eta adinaren arabera sailkatu ditu datuok (nerabeak, 13-17 urtekoak; eta gazteak, 18-26 urtekoak).

16 urte, inflexio-puntua

Datuok adierazten dutenez, pentsa zitekeen baino jokabide arriskutsu gehiago dituzte gazteek, bai eta haiek berek uste baino gehiago ere, berez dauden baino osasuntsuago daudela iritzi baitiote haiek. Elikadurari dagokionez dute portaerarik kaltegarriena, eta, jarraian, alkoholari, bizimodu sedentariori, sexu-harremanei lotutako arriskuei, tabakoaren eta drogen kontsumoari eta lo eskasari dagokionez jokatzen dute okerren.

Adinaren arabera, aipatzekoa da nerabezaro goiztiarrean nabarmenak direla jada jokabide arriskutsuak, eta loak ez beste ohitura txar guztiek okerrera egiten dutela urteen poderioz. Arruek zehaztu duenez, 16 urteko nerabeekin izan behar da bereziki arreta: inflexio-puntua da. Adin horrekin egiten dute, benetan, jokabide osasungarrien edo kaltegarrien aldeko hautua. Generoari dagokionez, emakumezkoek gizonezkoek baino arriskutsuago jokatzen dute. Bizimodu sedentarioa, tabakoa, loa eta haurdun geratzeko edo sexu-transmisioko gaitz batez kutsatzeko arriskua dira emakumezkoen ahuluneak. Gizonezkoenak, berriz, alkohola, legez kanpoko drogak eta elikadura.

Bestalde, Arruek ondorioztatu duenez, arrisku-faktoreak aldi berean lotzen zaizkio elkarri, baina egia da, era berean, jokabide osasungarriak ere bata bestearen segidan datozela. Korrelazioa dago, adibidez, jarduera fisikoaren edo jarduera fisiko ezaren eta alkoholaren eta tabakoaren kontsumoaren edo kontsumo ezaren artean. Horrenbestez, ez litzateke jokabide arriskutsu bat, bakarra izanda ere, gutxietsi behar, beste jokabide arriskutsu batzuk ekar ditzakeelako. Baina, era berean, prebentzio-kanpainak errazten ditu horrek, ohitura osasungarri bakar bat sustatzeak beste zenbait eragin ditzakeelako.

Faktore psikologikoak

Bizi-ohiturak deskribatu ez ezik, horien eta aztertutako pertsonen egoera psikologikoaren arteko analisi korrelazionala egin da tesi honetan. Horixe du ekarpen nagusienetako bat. Emaitzek erakusten dutenez, bizi-ohitura osasungarriak dituzten nerabeek eta gazteek estimu handiagoa diote beren buruari, ongizate psikologiko handiagoa dute, gusturago daude haien gorputzarekin, eta adierazle psikopatologiko gutxiago dituzte. Arruek dio elkar elikatzen dutela ohiturek eta kondizio psikologikoek. Hau da, ohitura egokiek onura dakarkiote osasun psikologikoari, baina, aldi berean, kondizio psikologiko egokiek berek errazten dute bizimodu osasuntsua izatea.

Horrelako korrelazio positiboak direla eta, hain zuzen, Arruek azpimarratu du prebentzio-kanpainak egiteko garrantzitsua dela bizi-ohiturak ez ezik horiek inguratzen dituzten askotariko aldagaiak kontuan hartzea. Faktore psikologikoaz gain, beste hainbat aztertu beharko liratekeela iradoki du, hala nola kulturala, ekonomikoa edo legala (haurrek duten babes-eskasia alkoholaren eta tabakoaren aurrean). Arruek gogorarazi du bizi-ohitura txarrak izateko joera ez dagokiola informazio faltari, hain zuzen ere, informazioa eskaintzeaz arduratu baitira kanpaina ugari. Beraz, beste faktore batzuekin izan behar du zerikusia, derrigor.

Horrenbestez, bizi-ohitura txarrei aurre egiteko, beharrezkoa da gaiari faktore eta diziplina askoren ikuspuntutik heltzea, bai eta arazoari ahalik eta goizen antzematea eta arrisku-taldeei (emakumezkoak eta gazteak) arreta berezia eskaintzea ere.

Egileari buruz

Marta Arrue Mauleon (Donostia, 1971) Historia Garaikidean lizentziatua eta Erizaintzan diplomatua da. Carmen Maganto Mateoren eta Maite Garaigordobil Landazabalen zuzendaritzapean egin du tesia; katedradunak dira irakasleok, eta UPV/EHUko Psikologia Fakultateko Nortasuna, Balioespena eta Psikologia Tratamendua Sailean dihardute. Tesia egiteko, laginketak egin ditu Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako zenbait hezkuntza-zentrotan, bai eta UPV/EHUn eta Deustuko Unibertsitatean ere. Egun, Arrue irakaslea da Leioako Erizaintza Eskolan (UPV/EHU).

Informazio osagarria

  • Tesiaren egilea, Marta Arrue Mauleon., Marta Arrue Mauleon
Komunikazio Bulegoa

Egilea: Komunikazio Bulegoa (UPV/EHU)

Laguntzailea: