#GaiNagusiak

Gorputz-masa ez ezik gantz-ehunaren kantitatea ere oso kontuan hartu behar da obesitateari aurre egiteko, tesi batean ondorioztatu dutenez

Noiz argitaratua: 10/12/29 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Orokorrak #Biziaren zientziak #Gizarte-zientziak #Osasuna
 Tesiaren azala.

Obesitatea da XXI. mendeko pandemia handia. Berriki argitaratutako datuen arabera, munduan bilioi bat helduk baino gehiagok dute gehiegizko pisua, eta horien artean gutxienez 300 milioi dira klinikoki obesoak. Gainera, haur-obesitateak kezkatzeko moduko hazkundea izan duela diote indizeek, gehiegizko pisua duten 155 milioi haur eta nerabe baino gehiago baitaude, eta horien artean 40 milioi dira obesoak nabarmen.

Gorputzaren morfologian genetikak, batetik, eta inguruneak, bestetik, zenbaterainoko eragina duten aztertu du Aline Jelenkovic biologoak. Horretarako, 2 eta 19 urte arteko seme-alabak dituzten Bilboaldeko familia nuklearrak ikertu ditu. Hala, berretsi du inguruneak zerikusi handia duela gantz-ehunaren kantitatean, eta, era berean, presio arterialarekin lotura duela horrek. Badirudi, beraz, gantz-ehunaren kontrola dela gakoa, obesitateari aurre egiteko. Hala ondorioztatzen da UPV/EHUn defendatutako tesi honetatik. Body morphology, obesity and blood pressure in nuclear families from the Greater Bilbao (Gorputzaren morfologia, obesitatea eta presio arteriala Bilboaldeko familia nuklearretan) du izena lanak.

Genetika eta ingurunea, garrantzitsuak

Tesian bildutako datuetatik ondoriozta daitekeenez, giza gorputzaren tamaina, forma, eta gantz-ehuna zehazten duten ezaugarriak edo fenotipoak neurri ertain-handi batean (0,28-0,69) dira herentziazkoak. Inguruneak ere badu zeresanik. Hain zuzen ere, dagozkion fenotipoek dituzten genetika- eta ingurune-faktore komunek zehazten dute, neurri batean, giza morfologia. Faktoreok eragin nabarmena dute obesitatearekin lotutako fenotipoetan, baina kontuan hartu behar da, era berean, genetikak ez diela berdin eragiten fenotipo horiei guztiei.

Gantz-ehunaren kantitatea zehazten duten fenotipoen kasuan, zehazki, herentziazko faktoreak eragin txikiagoa du, eta, inguruneak, berriz, garrantzi handiagoa. Gainera, gorputzaren masa, oro har, hazi egin dela ikusi da laginketa honetan, eta, tesian azaltzen denez, hori ulertzeko gantz-ehunaren hazkundeari erreparatu behar zaio (gorputzaren masa zehazten duten fenotipoak estu lotuta daude gantzaren kantitatea zehazten duten horiekin). Horrenbestez, tesian ondorioztatzen denez, gorputzaren masa osoa ez ezik, gantz-ehunaren kantitatea kontrolatzea ere gakoa da obesitateari aurre egiteko.

Masarekin ez ezik, obesitatearen bereizgarri den beste elementu batekin ere badu lotura zuzena gantzak: presio arterialarekin. Horregatik ere bada gakoa. Presio arterialean (eta pultsuan, bereziki), eragin nabarmena du inguruneak, eta txikiagoa faktore genetikoak (0,14-0,31). Bestalde, ez dago genetika- eta ingurune-faktore komunik, presio arterialaren eta obesitatearen arteko harreman proportzionala frogatzen duenik. Bestelako harreman-mota bat egon badago, ordea: gorputz-gantzaren kantitateak eragin genetikoa du presio arterialaren fenotipoen gainean, eta bion arteko harremana berresten du horrek.

Faktore biodemografikoak eta sozioekonomikoak

Gorputzaren morfologiak familiarekin duen harremana ere ezaugarritu du Jelenkovicek. Tesian ageri denez, faktore adierazgarria da, baina ez du berebiziko eraginik. Hala, ikertzaileak ikusi du, adibidez, morfologian eragina duten eta inguruneari lotuta dauden faktore gehiago partekatzen direla anai-arreben artean, gurasoen eta seme-alaben artean baino. Amei dagokienez, tesian ondorioztatu denez, ama gazteak dituzten haurrek gorputzeko masa handiagoa eta gantz gehiago izateko joera dute. Era berean, lehen seme-alaba jaiotzean amak duen adinak zein gurasoen heziketak lotura estuagoa dute obesitatea zehazten duten fenotipoekin, beste familia-faktore batzuek baino.

Faktore sozioekonomikoa ere ez da bereziki esanguratsua, baina eman ditu datu deigarri batzuk. Adibidez, zenbat eta estatus ekonomiko handiagoa, orduan eta handiagoa da garaiera ere, eta txikiagoa gantz-kantitatea. Gainera, estatus sozioekonomikoak eragin handiagoa du gantz-ehunaren kantitatearekin lotura duten fenotipoetan, gorputzaren masarekin erlazionatutakoetan baino.

Egileari buruz

Aline Jelenkovic Moreno (Paris, 1982) Biologian lizentziatua da. Esther Rebato Ochoa UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Genetika, Antropologia Fisikoa eta Animalien Fisiologia Saileko irakaslearen zuzendaritzapean idatzi du tesia. UPV/EHUn egin du gehienbat lana, baina, era berean, Helsinkiko Unibertsitateko Hjelt Institutuko Osasun Publikoko Sailarekin elkarlanean aritu da. Gaur egun, doktoretza ondoko ikertzailea da UPV/EHUn bertan.

Informazio osagarria

  • Tesiaren azala., Aline Jelenkovic Moreno
Komunikazio Bulegoa

Egilea: Komunikazio Bulegoa (UPV/EHU)

Laguntzailea: