#GaiNagusiak

AZTI-Tecnaliako ikerketa batean frogatu dute presio handiko teknologiak emaitza onak ematen dituela esneki batzuk kontserbatzeko

Noiz argitaratua: 10/12/20 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Orokorrak #Osasuna #Teknologia
 AZTI-Tecnaliako instalazio pilotua

FUTURAL proiektuaren barruan Tecnolat eta Llet de Catalunya esneki-enpresentzat egindako proiektu batean, AZTI-Tecnalia zentro teknologikoak frogatu du presio handiko teknologia oso gomendagarria dela hainbat esneki-produktu deskontaminatzeko, ohiko tratamendu termikoaren ordez. Hain zuzen, Tecnolat enpresak prentsa-ohar bidez jakinarazi duenez, emaitzak “oso positiboak eta etorkizun handikoak” dira, bereziki fruta-prestakinentzat eta lizunak eta legamiak inaktibatzeko.

AZTI-Tecnalian egindako ikerketa eta probetan ikusi zuten, adibidez, edulkoratutako fruta-prestakinek, zenbait intentsitatetako presio handiko hainbat tratamendu jasotakoan, erabat inaktibatuta zituztela aztertutako bakterioak. Kasu horretan, beraz, teknologia kontserbatzeko teknika egokia dela frogatu da, tratatutako laginen eboluzioa ezin hobea izateaz gain ez baitzen inolako mikrobio-hazkuntzarik hauteman produktuen balio-bizitza osoan.

Probek, gainera, frogatu dute teknologia eraginkorra dela esnekien lizun eta legamia espezifikoak inaktibatzen. Presio handiekin prozesatutakoan, ikertzaileek ikusi zuten tratatutako laginak, balio-bizitza osoan (hiru hilabetean, gutxi gorabehera), beren propietateei eta kalitate-ezaugarriei eusteaz gainera, tratamendu termiko bidez prozesatutako ohiko laginak baino atseginagoak izan zirela zentzumenei dagokienez.

Proiektua baliagarria izan da zenbait helburutarako: esnekien industriako osagai ohikoenak lortzeko presio handiko tratamendu egokienak optimizatzeko, ohiko tratamendu termikoak ordezkatzeko eta balio-bizitza handiagoko eta ezaugarri organoleptikoak ia bere horretan dituzten produktuak lortzeko.

Presio handiko teknologia

Presio handien bidez prozesatzea ohiko tratamendu termikoen ordezko kontserbazio-teknologia bat da. Sistema horren ezaugarri bereziei esker, eraldaketa gutxiagoko ezaugarri sentsorialak dituzten elikagai berritzaileak eta higiene-kalitate handikoak gara eta merkatura daitezke.

AZTI-Tecnaliako Presio Handien taldeak presio handien pean jartzen ditu elikagaiak, 6.000 barerainoko presioetan, eta horrek mikroorganismo hondatzaile edo patogeno gehienak inaktibatzen ditu. Pasteurizazioaren parekoa da, baina, presio handien eraginez, ohiko tratamenduen bidez baino askoz gutxiago eraldatzen dira elikagaien propietateak. Gainera, ohiko tratamendu termikoak baino gutxiago hondatzen du elikagaien kalitate sentsoriala, eta balio-bizitza luzatzen du.

Esterilizatutako produktu freskoagoak garatzeko, munduan dagoen 55 litroko ekipo bakarretako bat dute AZTI-Tecnaliako instalazio pilotuan. Hain zuzen, presio handiak eta tenperatura handiak konbinatzeko aukera ematen du ekipoak, eta, hala, tratamendu termikoa minimizatu egiten da. Presioz lagundutako esterilizazio termiko ere esaten zaio teknologia berri horri, eta Estatu Batuetako USDAk giro-tenperaturan egonkorrak diren azidotasun txikiko produktuak lortzeko alternatiba gisa onartu du.

Proiektu horretan parte hartzeaz gainera, elikagai-produktuak presio handiak eta tenperatura handiak erabiliz esterilizatzeko lanetan ari da AZTI-Tecnalia, eta etorkizun handia izan dezaketen emaitzak lortzen ari dira ikerketa-lerro berri horretan ere.

Informazio osagarria

  • AZTI-Tecnaliako instalazio pilotua, AZTI-Tecnalia
Irantzu Zubiaur

Egilea: Irantzu Zubiaur (AZTI-Tecnalia )

Laguntzailea: