#GaiNagusiak

Behiak eta zaldiak ikertuta, orain arte ezezagunak ziren erretrobirus endogenoen 35 familia deskribatu dituzte UPV/EHUko tesi batean

Noiz argitaratua: 10/11/29 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Orokorrak #Biziaren zientziak
 Tesiaren egilea, Koldo Garcia Etxebarria.

Erretrobirusak material genetikotzat RNA duten birusak dira. Erretrobirus endogenoak (ERV), berriz, infekzio erretrobirikoetatik eratorrita lerro germinaleko zeluletan sartzen diren sekuentziak dira, belaunaldiz belaunaldi genoman txertatuta transmititzen direnak. Ikerketa batzuek diotenez, ERVen espresioa haien ostalariaren mesederako izan daiteke, kontrolatuta badago; besteak beste, enbrioia babesteko balio dezake. ERVak minbiziarekin, eskizofreniarekin eta gaitz autoimmuneekin ere erlazionatu dira, ordea, haien jatorri patogenoa dela eta.

Dena dela, ERVei buruzko ezagutza mugatua da oraindik. Ugaztun guztietan detektatu dituzte, bai eta beste animalia ornodun askotan ere, baina primate eta karraskarietan baino ez dituzte egin genoma-azterketak. Bide horretan urrats bat aurrera egin du Koldo Garcia biologoak, behiak eta zaldiak ikergai hartuta. Hala, hausnarkarien eta ekidoen familiako espezie banaren ERVak genomaren ikuspuntutik aztertu ditu lehen aldiz. Erretrobirus endogenoen detekzioa eta karakterizazioa behietan eta beste hainbat mamaliotan du izena UPV/EHUn aurkeztu duen doktore-tesiak.

BoERV1, behietan ugarien

Tresna informatikoak baliatu ditu Garciak, ERVak detektatzeko. Hiru metodo erabili ditu, zehazki: BLAST algoritmoan oinarritua lehena, eta LTR_STRUC eta Retrotector© programetan oinarrituak, beste biak. Horiei esker, aurrez deskribatu gabe zeuden 35 ERV familia detektatu ditu, behienak eta zaldienak batuta. Zehazki, behietan balizko 24 ERV familia topatu ditu, eta horietatik 20 zeuden orain arte esperimentalki deskribatu gabe. Azken horien artean, BoERV1 familia azpimarratu du Garciak, horixe aurkitu baitu ugarien. Tesian ageri denez, litekeena da hausnarkariek bakarrik izatea ERV familia hori. Zaldiei dagokienez, 15 balizko familia detektatu ditu, eta 15ak zeuden aurrez deskribatu gabe.

Espezie batean eta bestean ERVak nola ugaltzen diren ere aztertu du ikertzaileak, eta bietan berrinfekzioa nagusitzen dela ondorioztatu. Izan ere, oro har, ERVak bi eratara ugaltzen dira gehienbat: transposizio bidez (lerro germinaleko zelulan bertan gertatzen da) edo berrinfekzioz (ERVak zelulatik ateratzen dira eta lerro germinaleko beste zelula bat kutsatzen dute). Berrinfekzioa ohikoa dela ageri da tesian, beste animalia askotan ere modu hori gailentzen baita. Hain zuzen ere, behiekin eta zaldiekin lortutako emaitzak erkatzeko, gizakien, txinpantzeen, saguen, arratoien eta txakurren datuak baliatu ditu Garciak bere ikerketan, eta, hala, arratoiek ez beste guztiek berrinfekzioa transposizioa baino gehiago darabiltela ikusi du.

Espresioa behi-ehunetan

Behien kasuan ikerketa sakonagoa egin du Garciak, eta ERVen inguruko geneei edo testuinguru genomikoari ere erreparatu dio. Hala, tesian ageri denez, ERVetatik gertu dauden geneetako askok zerikusia dute birusen aurkako babes-mekanismoekin eta histonekin (DNA trinkotzean eta erregulazioan parte hartzen duten proteinak dira horiek). Erretrobirusak txertatu zirenean aktibo zeudelako edo erretrobirusek igartzeko moduko ezaugarriak dituztelako izan dezakete gene horiek halako izaera, ikertzailearen arabera.

Bestalde, ERVak detektatu ez ezik, behi-ehunetan horien espresioa ematen dela ageri da tesi honetan, lehen aldiz. Espresio hori kontrolatua da, gainera, eta ostalaria babesteko baliagarria izan daiteke, beraz. Ikerketaren arabera, batez ere guruin endokrinoetan eta enbrioian ematen da espresio hori, eta, horrenbestez, zerikusia izan dezake enbrioia babestearekin.

Egileari buruz

Koldo Garcia Etxebarria (Barakaldo, 1982) Biologian lizentziatua da. Begoña Marina Jugo Orrantia UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Genetika, Antropologia Fisikoa eta Animalien Fisiologia Saileko irakaslearen zuzendaritzapean idatzi du bere doktore-tesia. Gaur egun, Bartzelonako Biologia Ebolutiboaren Institutuan dihardu Garciak. Tesiaren emaitzen zati bat Journal of Virology aldizkariaren urriko alean argitaratu dute; Birologiako aldizkarien artean laugarrena da munduan.

Informazio osagarria

  • Tesiaren egilea, Koldo Garcia Etxebarria., Koldo García Etxebarria
Komunikazio Bulegoa

Egilea: Komunikazio Bulegoa (UPV/EHU)

Laguntzailea: