#GaiNagusiak

Elektrodoak “nahierara” fabrikatzea eskala atomikoan

Noiz argitaratua: 10/11/26 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Teknologia
 Ikerketan parte hartu duten zientzialariak: Daniel Sánchez Portal, Andrés Arnau eta Thomas Frederiksen

Lankidetzan egindako ikerketa batean, Donostiako eta Kielgo Unibertsitateko (Alemania) zientzialariek frogatu dute posible dela atomo-kopurua zehaztea eta kontrolatzea molekula baten eta kobrezko elektrodo metaliko baten arteko lotunean, eta, aldi berean, junturatik igarotzen den korrontea erregistratzea. Nature Nanotechnology aldizkarian argitaratu dituzte ikerketaren emaitzak.

Eskala atomikoan kontaktu elektrikoak egitea da nanoteknologiaren arazo handienetako bat, oso-oso zirkuitu txikietan dabilen korrontea karakterizatzea eskatzen baitu. Banakako atomoak edo molekulak izan daitezke, hain dira ñimiñoak zirkuitu horien osagaiak. Hain zuzen, sistemak hain txikiak izatea da oraindik konpontzeke dagoen arazo honen muina; dimentsio nanometrikoak izaten dituzte (1 metro = mila milioi nanometro). Zehazki, frogatu da molekula bakar batek osatutako junturetan igaro daitekeen korronte elektrikoa zehazteko funtsezkoa dela kontaktua eratzen duten atomo-kopurua eta haien posizioa ezagutzea. Gaurdaino egin diren esperimentuetan ezin izan dira parametro horiek behar besteko zehaztasunarekin kontrolatu.

Nature Nanotechnology aldizkarian argitaratutako ikerketan, ordea, zientzialariek aurkitu eta azaldu dute nola aldatzen den juntura molekular batetik (metala/molekula/metala) igarotzen den korronte elektrikoa. Azaldu dutenez, molekula eta elektrodo metalikoak lotzen dituzten juntura-eremuen araberakoa da. Oinarrian, molekularekin kontaktuan dagoen atomo-kopurua banaka aldatuz, kondukzio txikiko erregimen batetik (kontaktu txarra) kondukzio handiko erregimen batera (kontaktu ona) igarotzen da. Kontaktu txarrean, korrontea kontaktu-eremuak mugatzen du; kontaktu onean, aldiz, molekularen berezko propietateak dira korrontea mugatzen dutenak.

Lankidetza-proiektu horretan DIPC zentroko ikertzaileak (Donostia International Physics Center), CSIC-UPV/EHU Materialen Fisika Zentrokoak eta UPV/EHUko Kimika Fakultateko Materialen Fisika Saileko ikertzaileek parte hartu dute.

  • Oharrak:

    Ikus prentsa-oharra "Tunel-efektuko mikroskopio baten puntaren irudikapen grafikoa" irudiaren deskribapena ikusteko

  • Erreferentziak:

    Atomic-scale engineering of electrodes for single-molecule contacts, G. Schull, Th. Frederiksen, A. Arnau, D. Sanchez-Portal, R. Berndt, Nature Nanotechnology

  • Interneteko helbidea:

    www.ehu.es

Informazio osagarria

  • Ikerketan parte hartu duten zientzialariak: Daniel Sánchez Portal, Andrés Arnau eta Thomas Frederiksen, UPV/EHU
  • Ikerketan parte hartu duten zientzialariak: Daniel Sánchez Portal, Andrés Arnau eta Thomas Frederiksen, UPV/EHU
  • Tunel-efektuko mikroskopio baten puntaren irudikapen grafikoa, UPV/EHU
  • icono_documento
    Prentsa-oharra, gaztelania, UPV/EHU
  • icono_documento
    Prentsa-oharra, euskara, UPV/EHU
Komunikazio Bulegoa

Egilea: Komunikazio Bulegoa (UPV/EHU)

Laguntzailea: