#GaiNagusiak

Avatarrak sortzeko ekarpen berritzaileak proposatu dituzte, edozein ikus-euskarritan identitate eta interakzio bera izan dezaten

Noiz argitaratua: 10/11/15 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Orokorrak #Informatika #Teknologia
 Tesiaren egilea, Maria del Puy Carretero Carrasco.

Argibide huts batzuekin edo erantzungailu automatiko batekin ez bezala, laguntzaile-lanak egiten dituen avatar edo pertsonaia birtual batekin komunikazioa intuiziozkoagoa eta naturalagoa da erabiltzailearentzat. Hala dio Maria del Puy Carretero ingeniari informatiko eta Vicomtech-IK4 zentroko ikertzaileak. Pertsonaia birtual horiek hobetzen dihardu berak. Hain zuzen ere, erreminta eta arkitektura batzuk proposatu eta balioztatu ditu berriki; haiei esker, pertsonaia birtuala beti berdina da eta berdin jokatzen du ordenagailuko pantaila batean, sakelako telefonoko pantaila batean edo PDAko batean. Hau da, haren identitatea eta interakzioa ez dira ahultzen, gailua aldatuz gero. Egindako lana oinarri, Carreterok bere tesia defendatu du UPV/EHUn. Avatares multidispositivo para interacción multimodal (Askotariko gailuetarako avatarrak, askotariko interakzioetarako) du izenburu.

ACML (AMD Core Math Library) eta VHML (Virtual Human Markup Language) izeneko bi markatze-lengoaia baliatu ditu Carreterok aplikazio informatiko gisa; pertsonaia birtualaren itxura eta jokabidea zehazteko, hurrenez hurren. Carreterok hainbat erreminta proposatu ditu bi lengoaia horien bitartez avatarraren gainean egin beharreko etiketatzea errazteko, eta, hain zuzen ere, horixe da tesiaren ekarpen nagusienetako bat. Autore-erreminta horiei esker, errazagoa da pertsonaia birtualaren itxura eta portaera zehaztu eta editatzea, eta askotariko aplikazioetan integra daiteke. Hala, identitateari eusten dio, oinarri gisa erabilitako gailua aldatuta ere.

Era berean, askotariko gailuetarako arkitektura bat diseinatu, proposatu eta balioztatu du Carreterok bere tesian. Horrenbestez, arkitektura horri esker gailu askotan integra daiteke pertsonaia birtuala, eta horietan guztietan itxura, ahots eta portaera berari eutsi.

Abantaila konputazionalak

Ikertzaileak tesian azaldu bezala, aplikazio horiek guztiak bere baitan hartzeak ez dakarkio zailtasunik oinarri moduan erabiltzen den konputagailuari, ezta gutxiago ere. Karga txikia dakarkio zerbitzariari, eta horrek erraztu egiten du erabiltzaile-kopuruaren hedagarritasuna; hau da, erabiltzaileak gorabehera, ez du arazo handirik eragiten bere jardueraren kalitateari eta arintasunari dagokionez. Gainera, erabiltzailearen eta avatarraren arteko interakzioa bat-batekoa da. Azkenik, proposatutako neurriek aukera ematen dute sare lokalean izateko interakzioa avatarrarekin (on line beharrean), eta horrek aurrezte handia dakar Interneteko datu-trafikoari dagokionez.

Egileari buruz

María del Puy Carretero Carrasco (Donostia, 1980) informatika-ingeniaria da. Alejandro García-Alonso Montoyaren (UPV/EHUko Informatika Fakultateko Konputazio Zientzia eta Adimen Artifiziala Saila) eta Amalia Ortiz Nicolásen (Enne Entertainment Studios ekoizpen-etxeko I+G+B irtenbideen arduraduna) zuzendaritzapean idatzi du bere doktore-tesia. Gaur egun, kolaboratzaile zientifikoa da Vicomtech-IK4 zentroan, eta han egin du tesia.

Informazio osagarria

  • Tesiaren egilea, Maria del Puy Carretero Carrasco., María del Puy Carretero Carrasco
  • Avatarra., María del Puy Carretero Carrasco
Komunikazio Bulegoa

Egilea: Komunikazio Bulegoa (UPV/EHU)

Laguntzailea: