#GaiNagusiak

Mediterraneoko dietak moteldu egiten du adinarekin lotzen den gizentzea

Noiz argitaratua: 10/11/10 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Osasuna

Nafarroako Unibertsitateak eta Harvard Unibertsitateak egindako ikerketa baten arabera, Mediterraneoko dietak moteldu egiten du oro har adinarekin lotzen den gizentzea.

Juan José Beunza doktoreak Harvard School of Public Health-en egindako ikerketa-lan hori elikaduraren arloko American Journal of Clinical Nutrition aldizkari entzutetsuenetakoan argitaratu berri dute.

Hain zuzen ere, 10.376 boluntarioren jarraipena egin dute ikerketa-lan horretan. Mediterraneoko dieta egiten zuten unibertsitateko ikasleen eta dieta hori egiten ez zutenen pisu-aldaketak alderatu zituzten sei urtean.

“Modu horretan, ikusi genuen dieta egiten zutenak ez zirela dieta egiten ez zutenak bezainbeste loditzen. Izan ere, lehenengoek batez beste 128 gramo loditu ziren urtean, eta bigarrengoek, berriz, bikoitza baino gehiago, 287 gramo urtean”, azaltzen du Beunzak. Aldaketa hori ez da hain nabarmena emakumeetan. “Dieta jarraitzen zuten emakumeek 242 gramo loditu zuten urtean, eta dieta jarraitu ez zutenek, berriz, 300 gramo”.

Halaber, nabarmentzekoa da gizentzeko joera duten pertsonak ere gutxiago gizendu zirela. “Aurreko bost urteetan 3 kilogramo baino gehiago loditu ziren zenbait, esaterako, ikerketa horren hasieran 48 gramo besterik ez ziren loditu, Mediterraneoko dieta egin zutenen artean; bestelako elikagaiak hartu zituztenak, berriz, 261 gramo, emakumezkoak zein gizonezkoak”.

Horren harira, Beunzaren esanean, kopuruek txikiak diruditen arren, “epe luzera jartzen baditugu, adibidez 20 urtera, ezberdintasun nabarmenak lortzen dira, ikuspuntu klinikotik, gorputzeko pisuaren kontrolean”.

Zahartu ahala gizentzea ez da “ohikoa”

Zahartu ahala gizentzea ohikoa dela gizartean zabalduta dagoen ideia bat da. Ikerketa-lan honen egileak, berriz, ideia hori sinesmen faltsua dela dio. “Errealitatea da, dieta mediterraneoaren patroiak moteldu egiten duela adinarekin lotzen den gizentzea; dena den, gizentze hori ez da ohikotzat edo arruntzat jo behar”.

Gainera, analisi hori tresna eraginkorra izan daiteke obesitatearen hazkuntza nabarmena eteteko. Izan ere, prebalentzia handia du herrialde garatuetan. “Herrialde horietan obesitatea gaixotasun askoren eta heriotza askoren iturria da, eta badirudi osasun publikoaren alorretik egiten diren ahaleginekiko erresistentea dela”, azpimarratzen du Beunzak.

Informazio osagarria

  • icono_documento
    Prentsa-oharra, gaztelaniaz, Universidad de Navarra
Laura Juampérez

Egilea: Laura Juampérez (Universidad de Navarra)

Laguntzailea: