#GaiNagusiak

Akainen zainketa epidemiologikorako programak egin behar direla berretsi du Neiker-Tecnaliak

Noiz argitaratua: 10/09/30 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Orokorrak #Biziaren zientziak
 Akainen harrapaketa landaredian.

Akainei, transmititzen dituzten agente patogenoei eta horien balizko gordailuei buruzko azterketa egin dute Neiker-Tecnaliako (Nekazal Ikerketa eta Garapenerako Euskal Erakundea) ikertzaileek. Euskal Autonomia Erkidegoa izan dute ikergai, eta akainak ugaritu direla ondorioztatu dute, neguko batez besteko tenperaturak gora egin duela eta. Era berean, zonaldeko espezie ugariena Ixodes ricinos dela ikusi dute; hainbat agente patogenoren kutsatzailetzat jotzen dute espezie hori, hain zuzen ere. Ikerketa Jesús Félix Barandika Iza albaitariaren doktore-tesiaren parte da. Akainen zainketa epidemiologikorako programak burutzeko beharra berretsi du lanak, eta neurri eraginkorrak ezartzeko bidean ekarpena egin dezake, akainek pertsonei eta animaliei kutsatutako infekzioen arriskua murrizteari dagokionez.

Neiker-Tecnaliaren ikerketak arlo hauek jorratu ditu: akain-taldeek urtaroaren arabera duten portaera eta ezaugarri bioklimatikoekin duten harremana, hainbat agente zoonotikoren prebalentzia eta ugaztun txikiek patogeno horietako batzuen gordailu gisa duten rola.

Entzefalitis birikorik ez

EAEn gehien zabaldutako espeziea Ixodes ricinus da. Ikerketaren arabera, Europa erdialdeko hainbat eskualdetan ez bezala, akain horrek ez du entzefalitis birikoaren birusa kutsatzen, ez EAEn ez eta Errioxan ere, ziurrenik bi zonaldeotako klima-kondizioek ez dutelako haren iraunkortasuna errazten. Hori ondorioztatzeko, hiru urtez I. ricinos espezieko akainen jarduna aztertu dute bi eskualdeotan, birusaren presentzia ahalbidetzeko kondizio epidemiologiko egokiak ba ote dauden zehaztu nahian. Era berean, akainetan entzefalitis birikoa ba ote dagoen aztertu dute metodo molekularren bidez.

Birus hori ez ezik, bakterio zoonotiko ugari transmititzeko ere gai dira akainak, hala nola Borrelia burgdorferi (Lyme gaitzaren eragilea), Anaplasma phagocytophilum (giza-anaplasmosi granulozitikoa); Coxiella burnetii (Q sukarra), eta, rickettsia generoaren barruan (birusen eta bakterioen zenbait ezaugarri berdin dituzten mikroorganismoak dira), sukar exantemikoa eragiten duten multzokoak. Hala, agenteok EAEko akainetan duten prebalentzia ezagutzeko, sei espezietako 691 akain heldu aztertu dituzte, metodo molekularren bitartez.

Dermacentor reticulatus espeziean, kasuen % 50ean Rickettsia raoultii agentea aurkitu dute. Hain zuzen ere, ikerketa honetan R. raoultii lehen aldiz aurkitu dute EAEko akainetan; haren ahalmen patogenoa eskasa izan arren, zerikusia du gaixotasun kasu batzuekin. Dena dela, akainak oro har hartuta, eta beste agenteei dagokienez, aurkitu duten infekzio-prebalentzia txikia izan da; Europako beste herrialde batzuetan deskribatutakoa baino txikiagoa.

Urtaroei dagokienez, neguan aurkitu dituzte R. raoultii agenteak kutsatutako akain gehien. Udan, ordea, handiagoa da A. phagocytophilum eta B. burgdorferi agenteen eraginez infekzioa jasateko arriskua. EAEn ez dirudi C. burnetii agentea akainen ziztadaren bitartez kutsatzen denik, akainen % 0,1ean besterik ez baitute aurkitu bakterio horren DNA.

Espezie desberdinak kondizio bioklimatikoen arabera

Eskualde bakoitzean dauden akain-espezieak, haien jarduera-zikloa eta ugaritasuna kondizio bioklimatikoen araberakoak dira, neurri handi batean. Kondizio horiek ezagutzea funtsezkoa da osasunaren ikuspuntutik, gaixotasun jakin batzuk akainen espezie jakin batzuek transmititzen baitituzte, eta espezie bakoitzak desberdin jokatzen du urtaroaren arabera.

Klimak eta landarediak akainen EAEko banaketan duten eragina aztertzeko, artropodo horien hilez hileko laginketak egin dituzte hainbat urtean. Emaitzok Madrilgo Albaitaritza Fakultateko ikertzaileek lortutakoekin erkatu dituzte; izan ere, azken horiek ere laginketak egin dituzte garai berean eta metodologia berarekin, Espainia erdialdean (Madril-Toledo). Akainen 12 espezie identifikatu dituzte guztira. Iparraldean, ingurune hezeetan bizitzera egokituta daudenak dira nagusi (I. ricinus eta Haemaphysalis punctata). Erdialdean, berriz, habitat lehorragoetan egon ohi direnak (Hyalomma lusitanicum eta Dermacentor marginatus).

EAEko datuak hamarkada bat lehenago zonalde horretan bertan bildutakoekin ere alderatu dituzte, eta urteek aurrera egin ahala akainak ugaritu direla ikusi dute. Azken urteotan neguan erregistratutako tenperaturak beroagoak dira, eta ugaltzeak badu loturarik horrekin. Era berean, Haemaphysalis concinna akain-espezieko talde egonkorrak aurkitu dituzte; ez dirudi espezie hori lehen EAEn zegoenik.

Ugaztun txikiak, bakterioen gordailu

Akainek transmititutako bakterioen balizko gordailu gisa ugaztun txikiek duten rola egiaztatzeko, Neiker-Tecnaliako ikertzaileek horietako 253 aztertu dituzte, etxekoak nahiz basatiak. Lortutako emaitzek lehen aldiz erakutsi dute Crocidura russula eta Sorex coronatus satitsu-espezieak A. phagocytophilum eta B. burgdorferi bakterioen (hurrenez hurren) balizko gordailu direla. Era berean, C. burnetii bakterioaren DNA aurkitu dute etxe- eta basa-saguetan. Horrek frogatu du ugaztun txikiek gure zonaldean duten rol nabarmena akainek transmititutako zenbait bakterio zoonotikoren gordailu gisa.

Informazio osagarria

  • Akainen harrapaketa landaredian., Tecnalia
  • H. lusitanicum emea., Tecnalia
  • I. ricinus ar eta emea., Tecnalia
Pablo Melchor

Egilea: Pablo Melchor (MBN Comunicación, S.A.)

Laguntzailea: