#GaiNagusiak

Ehun nanometrotik beherako kristal erdieroaleen portaera aztertu dute doktore-tesi batean

Noiz argitaratua: 10/09/15 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Fisika, Kimika eta Matematika #Teknologia
 Tesiaren egilea, Carlos Echeverría Arrondo

Eskala nanometrikoko kristal erdieroaleen portaera eta propietateak aztertu ditu Carlos Echeverría Arrondo Nafarroako Unibertsitateko fisika-doktoreak “On doped semiconductor quantum dots and magnetic nanowires (Puntu kuantiko erdieroale dopatuei eta nanohari magnetikoei buruz)” tesian.

Nanozientziaren eta nanoteknologiaren inguruan sortu den interesak eraman zuen Echeverría ehun nanometro baino gutxiagoko kristal erdieroaleen portaera aztertzera (milimetro baten milioiren bat da nanometro bat). “Nanozientziak eta nanoteknologiak eskaintzen dituzten aukerak oso zabalak dira —adierazi du—. Tamaina txikitzean goitik behera alda daitezke partikulen propietate magnetikoak, eta gure ikerketan frogatu dugu argia ere gai dela nanokristalen magnetismoa aldatzeko”.

Echeverríak azaldu duenez, “puntu kuantikoei edo nanopartikulei buruz aritzean, zero dimentsioko nanokristalei buruz ari gara; dimentsio bakarrekoei, berriz, nanohari esaten zaie. Bada, puntu kuantikoen eta nanoharien propietateak ez dira tamaina nanometrikoaren araberakoak bakarrik; formak eta ezpurutasunak izateak ere eragina dute”.

Tesian maila teorikoan aztertu ditu puntu kuantiko dopatuen (ezpurutasunak dituztenen) eta nanohari magnetikoen propietateak. Ondorio nagusien artean hauek nabarmendu ditu: ezpurutasun magnetikoak dituzten nanokristalen propietate elektronikoak ezpurutasunen kokapenaren araberakoak ere badirela, puntu kuantikoen propietate magnetikoak goitik behera alda daitezkeela tamaina txikitzean, eta argia gai dela manganesoz dopatutako nanokristalen magnetismoa aldatzeko. Halaber, orain arte ezagutzen ez zen kristal-geometria bat aurkitu du, nanoharien dimentsio txikien eraginez sortzen dena.

“Garrantzitsua da egitura nanometrikoak aztertzea portaera fisiko berezia dutelako, ikusi ohi ditugun solido makroskopikoen portaerarekiko desberdina”, azaldu du ikertzaileak. Dimentsio txikiak izatearen ondorioz, “askotan harrigarriak, eta, halaber, etorkizun handikoak, dira nanokristalen propietateak, hala nola nanomagnetismoari eta optoelektronikari lotutako gailu berriak garatzeko, tesian jorratutako bi alor aipatzearren —adierazi du—. Nanoegituren azterketa teorikoari esker, batetik, esperimentuetan behatutako fenomenoak azal daitezke, eta, bestetik, fisikari esperimentalei ikertzeko interesgarriak izan litezkeen propietate berriei buruzko argibideak emateko, eta espero daitezkeen emaitzei buruzko informazioa emateko”.

Puntu kuantiko jakin baten spina argi bidez manipulatzeko aukerari dagokionez, “lortutako emaitzak iradokitzen du, adibidez, informazio-bit gisa erabili ahal izango liratekeela nanokristalak, logika-eragiketak egiten dituzten gailuetan edo oso edukiera handiko memorietan. Konputazio kuantikorako ere balio lezakete nanopartikula horiek; kalkulu-abiadura itzelak iragartzen dira konputazio kuantikoan, gaur egun imajinaezinak direnak”.

Informazio osagarria

  • icono_documento
    Prentsa-oharra, gaztelania, Nafarroako Unibertsitate Publikoa
  • Tesiaren egilea, Carlos Echeverría Arrondo, Nafarroako Unibertsitate Publikoa
Victoria Alfonso Seminario

Egilea: Victoria Alfonso Seminario (Universidad Pública de Navarra)

Laguntzailea: