#GaiNagusiak

Urdaileko minbiziak jotako pazienteen iraupena luzatzen duen molekula bat identifikatu dute

Noiz argitaratua: 10/09/14 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Biziaren zientziak #Osasuna

“451 mikroRNA molekula kantitate handietan dutenean hobeki erantzuten diote urdaileko minbiziak jotako pazienteek kimioerradioterapia-tratamenduari, eta denbora luzeago irauten dute bizirik”, azaldu du Jesús García-Foncillas doktoreak, Ikerketa Mediko Aplikatuaren Zentroko Farmakogenomika Laborategiko ikertzaile nagusi (CIMA) eta Nafarroako Unibertsitatea Klinikako Onkologiako zuzendariak. Hori da CIMAn izan den Espainiako Farmakogenetikako eta Farmakogenomikako Elkartearen IV. Kongresuan aurkeztutako emaitzetako bat da.

Banako jakin batek tratamendu jakin baten aurrean izango duen erantzunaren atzean dagoen oinarri genetikoa ikertzen du farmakogenetikak, baita ea erreakzio toxikorik izango duen ere. Bestalde, farmakogenomikak gaixotasun jakin bati lotuta dauden mekanismo molekularrak eta biologikoak aztertzen ditu, botika berriak garatu ahal izateko. “Badakigu molekula txiki batzuen, mikroRNA molekulen, kantitate bat edo beste izateak oso erantzun desberdina eragiten duela botika jakin baten aurrean. Izan ere, dagoeneko ekin diote jarduera klinikoan dabiltzanak horrelako ikerketak egiteari; adibidez, K-RAS genearen mutazioak ikertzen ari dira koloneko minbizian, edo EGFR genearenak biriketako minbizian. Ikerketa horiei esker, paziente bakoitzaren neurrira egindako tratamenduak bideratu daitezke”.

Zientzialarien biltzarrean aurkeztutako ikerketan 451 mikroRNAk urdaileko minbizian duen rola aztertu dute. “Molekula hori maila handian espresatuta duten gaixoek luzeago irauten dute bizirik, eta, hortaz, tratamenduarekiko erantzunaren biomarkatzaile bihur liteke molekula”. Beste saiakuntza batzuetan ere badabiltza CIMAko ikertzaileak: 192 eta 215 mikroRNAk aztertzen ari dira fase aurreklinikoan. Bi molekula horiek koloneko minbiziaren kontrako botikekiko erantzunean eragiten dute.

Gaixotasun psikiatrikoak eta kardiobaskularrak

Farmakogenetika frogatzen ari da minbizirako erabilgarria izateaz gainera beste diziplina batzuetan ere eraginkorra dela; adibidez, psikiatrian. Hala, gaur egun tratamendu indibidualizatuagoa eman dakieke arazo psikotikoek eta epilepsiak jotako pazienteei.

Goraldian dagoen beste alor bat gaixotasun kardiobaskularrena da. “Gaixotasun horretan garrantzitsuena tronbosiak kontrolatzea da, garun-hodietako istripuekin lotuta baitaude tronbosiak. Gene jakin batzuk ikertzeak —ALOX5AP genea, esate baterako— paziente bakoitzari hobekien datorkion botika-tratamendua zehazten lagun dezake”, azaldu du García-Foncillas doktoreak.

CIMAko ikertzailearen ustez, “ikerketa genetiko eta farmakologikoen bateratzea bide bat da gaixo bakoitzaren tratamendua eta osasun-baliabideak optimizatzeko. Horri esker, botika-dosi egokiak erabili ahal izango ditugu, albo-ondorioak txikiagoak izango dira eta erantzun terapeutiko onena duten pazienteekin erabiliko ditugu”.

Informazio osagarria

  • icono_documento
    Prentsa-oharra, gaztelania, Universidad de Navarra
Laura Juampérez

Egilea: Laura Juampérez (Universidad de Navarra)

Laguntzailea: