#GaiNagusiak

Gaur egungo gazteek teknologia berriekin duten harremana aztertu dute UPV/EHUko tesi batean

Noiz argitaratua: 10/09/02 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Orokorrak #Informatika #Gizarte-zientziak #Osasuna #Teknologia
 Tesiaren egilea, Lucia Merino Malillos.

Lucia Merino soziologoak doktore-tesi bat aurkeztu du UPV/EHUn, Nativos digitales: una aproximación a la socialización tecnológica de los jóvenes (Sortzez digitalak: hurbilketa bat gazteen sozializazio teknologikora) izenburupean. Gaur egungo gazteak kultura digitala deritzon horren barruan jaio direla ulertuta, teknologia berriekin duten harremanean sakondu du Merinok, bai eta teknologia horien bitartez nola ikasten duten eta sozializatzen diren aztertu ere. Lan horren bidez, sortzez digitalak direlakoak etorkizunean ere ikertzen jarraitzeko jarraibideak ezarri nahi izan ditu egileak.

Merinok EUSTATen datuak erabili ditu, adibidez, bere tesirako informazio-iturri gisa. Dena dela, nagusiki, ikerketa etnografikoa egin du, eta Bizkaiko hiru ikastetxetako 14 eta 17 urte bitarteko 306 ikaslek hartu dute parte horretan. Besteak beste, ad hoc prestatutako galdetegi bat bete behar izan dute ikasleok, teknologiaren, ordenagailuen eta Interneten, sakelako telefonoen eta bideo-jokoen erabilera orokorrari buruz.

Naturaltasuna eta intuizioa

Merinok nabarmendu bezala, belaunaldi digital deritzon horrek lehen mailako sozializazio teknologikoa bizi izan du, eta bideo-jokoak izan ditu horretarako sarbide. Tesiak ondorioztatu duen moduan, teknologia berriak gauza naturala direla ulertzen dute, eta intuizioaz baliatzen dira haiek erabiltzeko. Izan ere, teknologikoki sozializatzeko, autoikaskuntza eta ezagutza-prozesu informalak izan dituzte bidelagun.

Teknologia berriekin duten normaltasun-harreman horri esker, gainera, beren aurreko belaunaldiek ez dituzten hainbat gaitasun garatu dituzte gazteok. Hala nola, ikusizko adimen handiagoa, hipertestualitatearen eta informazioa era ez linealean bilatzearen aldeko joera, eta berehalakotasuna, edo arazoak inongo gidalibururik gabe konpontzeko gaitasun handiagoa.

Hala ere, eta aipaturiko horien gainetik, sarean sozializatzeko gaitasuna azpimarratu du tesiak. Gazteek harremanetarako eta interakziorako bitarteko gisa erabiltzen dituzte teknologia berriak, eta, nagusiki, aisiaren arloan. Haien ikuspuntutik, beren maila berean dauden pertsonengana gerturatzeko erremintak dira. Ildo horretatik, Interneten kasuan, tesiak gogorarazi bezala, sarean dena ikus daiteke eta dena erakuts daiteke. Ikerketaren arabera, horrek gogobetetze sinboliko handia dakarkie gazteei, eta haiek berek ikusteko eta ikusiak izateko jarduerak hartzen dituzte beren gain Interneten.

Berritzaile sozialak

Era berean, gazteok kultura digitalari egiten dioten ekarpena nabarmendu du tesiak, teknologia berriez maiz egiten dituzten berrinterpretazioak direla eta. Sormenezko jabetzaz dihardu Merinok: teknologiok sortu zituztenek haiei egokitu zizkieten funtzioak alde batera utzi, eta gai dira gailuok bestelako helburuak bete ditzaten interpretatzeko, erabiltzeko eta aplikatzeko; eta jakin badakite gaitasun hori dutela. Egileak dio ezaugarri hori gizarte-berrikuntzarako iturri moduan ulertu beharra dagoela. Gazte horiei leading users edo erabiltzaile nagusiak izena eman die eta, gogorarazi bezala, beren aurrekoekin alderatuta duten trebetasunaren ondorioz, litekeena da belaunaldien arteko eten bat zabaltzen hasita egotea.

Egileari buruz

Lucia Merino Malillos (Portugalete, 1981) Soziologian lizentziatua da. Javier Echeverria Ezponda Ikerbasqueko ikertzailearen zuzendaritzapean idatzi du tesia, eta UPV/EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateko Soziologia II Sailean aurkeztu du. Tesia bertan egin du gehienbat. Hala ere, elkarlanean aritu da CSICeko Filosofia Institutuarekin, eta egonaldia egin du Torontoko Unibertsitatean, McLuhan programaren barruan.

Informazio osagarria

  • Tesiaren egilea, Lucia Merino Malillos. , Lucía Merino Malillos
Komunikazio Bulegoa

Egilea: Komunikazio Bulegoa (UPV/EHU)

Laguntzailea: