#GaiNagusiak

Hainbat kirol jardueraren bitartez gizartearen ezaugarrietan sakondu dute UPV/EHUko tesi batean

Noiz argitaratua: 10/08/23 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Orokorrak #Humanitateak #Osasuna
 Tesiaren egilea, Asier Oiarbide Goikoetxea.

Gizarteak zentzua ematen dio kirolari. Hau da, kirolak gizarteak dituen ezaugarrien ispilu dira. Hala dio Asier Oiarbide Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzien Fakultateko irakasleak UPV/EHUn bertan aurkeztu duen doktore-tesian. Mendi-zeharkaldi, aerobic eta futbolaren etnomotrizitateak izena du lanak. Kirol-jarduera bakoitza praktikatzen den testuinguru kulturalean txertatuta ulertzean datza etnomotrizitatea; ikerketa honen kasuan, euskal gizartean txertatuta. Kirolaren eta kirolaren testuinguruaren arteko lotura hori baliatu nahi izan du Oiarbidek. Hala, mendi-zeharkaldi, aerobic- eta futbol-jardueretatik abiatuta, euskal gizartea sakonago ezagutzeko bidea ireki nahi izan du.

Hain zuzen ere, behaketa parte-hartzailean oinarritu da ikertzailea bere tesia aurrera eramateko. Aipaturiko hiru kirol-praktiketan izaten diren gertakizunen deskribapena egin du, batetik, eta kirol horien barne- (non eta nola jokatu, araudia…) eta kanpo-logikaren (kirol horretaz gizartean egiten den interpretazioa, daukan sinbolismoa…) analisia, bestetik.

Kirola, norbera gizarteratzeko

Aztergai hartu dituen hiru kirol horiek euskal gizartearen ezaugarriak azaleratzen dituztela ikusi du Oiarbidek. Horrenbestez, kirolak ez dira besterik gabe praktikatzen; eraikin kulturalak dira. Hori horrela, beste ikuspuntu batetik ere erreparatu dio tesi-egileak auziari: berak dio kirolak balio duela herritarrek gizartearen mentalitatea bereganatu dezaten, edo kirola gizarteratzeko tresna indartsua dela, bestela esanda. Izan ere, kirol-sistema gizartean txertatuta dago. Ondorioz, kirol-jarduera batean parte hartzera doan pertsona batek jokoaren barne-logika hutsari dagozkion galderei (non, zer, nola, norekin, zerekin…) erantzun behar dienean ere, gizartearen barrutik erantzun behar izaten die galderoi. Gizarte bakoitzak kirolariaren rolari ezaugarri sozial jakin batzuk atxikitzen dizkio.

Hain zuzen ere, rol sozial hori errendimenduko kirolariarena edo aisialdikoarena izan daitekeela nabarmendu du Oiarbidek, kirolaren arabera. Hala, futbolariek errendimenduko rol soziala bereganatuko lukete, eta jokoan ariko lirateke. Zeharkaldietako mendizaleak eta aerobicean aritzen diren kirolariak, aldiz, aisialdiko rol sozialaren jabe lirateke, eta jolasean ibiliko lirateke, ongizatea helburu. Tesi-egileak gogorarazi du hiru kirol-jarduera besterik ez duela aztertu bere tesian, eta kirol gehiago aztertu beharko liratekeela ikerketa osatzeko.

Egileari buruz

Asier Oiarbide Goikoetxea (Lazkao, 1967) Soin Hezkuntzan lizentziatua da. Joseba Etxebeste Otegi UPV/EHUko Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzien Fakultateko Gorputz eta Kirol Hezkuntza Saileko irakaslearen zuzendaritzapean idatzi du tesia. Gaur egun, Oiarbide bera irakaslea da sail horretan. UPV/EHUn bertan egin du tesia.

Informazio osagarria

  • Tesiaren egilea, Asier Oiarbide Goikoetxea., Asier Oiarbide Goikoetxea
Komunikazio Bulegoa

Egilea: Komunikazio Bulegoa (UPV/EHU)

Laguntzailea: