#GaiNagusiak

Ateetako heldulekuak identifikatzen dituen robota da ikerketa-talde baten ekarpenetako bat, kontzienteak diren makinak sortzeko bidean

Noiz argitaratua: 10/08/16 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Orokorrak #Informatika #Teknologia
 Itziar Irigoien, Iñigo Mendialdua, Yosu Yurramendi, Elena Lazkano eta Basilio Sierra. Ekaitz Jauregi eta Fadi Dornaika (Ikerbasque-en bidez taldera batu berri zaien ingeniaria) falta dira.

Filmetan agertzen diren robot adimendunek zerikusi txikia dute errealitatearekin. Hala ere, ahal den heinean beren buruaren jabe diren makinak osatzea da gaur egungo robotika autonomoaren joera. “Robotak kontziente izan behar du egiten ari denaz, eta, gero eta gehiago, gai izan beharko luke bere portaera hobetzeko, ikasteko”. Hala dio Basilio Sierra UPV/EHUko Informatika Fakultateko Robotika eta Sistema Autonomoen Ikerketa-Taldeko arduradunak. Robotika kognitiboa izena hartu du joera horrek, eta alor horretan bidea urratzen dihardu Sierraren taldeak.

Robotika autonomoan hainbat gai jorratu behar dira aldi berean: “Alde batetik, robotak mundua hautemateko dituen sentsoreak (kamerak, laser izpiak, ultrasoinuak, infragorriak eta beste hainbat) eta robotak horiekin egin ditzakeen interpretazioak. Bestetik, robota mugikorra denez, motorra, eta harekin batera, mugitzeko duen ahalmena landu behar da”. Askotariko behar horiei erantzuteko, ikerketa-talde anitza zuzentzen du Sierrak, informatikariak, estatistikan adituak diren matematikariak eta ingeniariren bat ere baitabil bertan.

“Atea ireki, mesedez”

Besteak beste, ateak ikusteko gaitasuna eman diote robot bati berriki, eta hura hobetzeko lanean dabiltza orain. Elena Lazkano taldekideak eman ditu Tartalo robotari —hala du izena— buruzko xehetasunak: “Robotak eskurik ez dauka, baina ate bat ikusten duenean, suabe-suabe bertara gerturatzen da, kolpe batzuk ematen ditu eta esaten du: ‘Atea ireki, mesedez’. Eta itxaron egiten du, ea norbaitek irekitzen dion”. Hori egiteko, heldulekuak identifikatzeko programa txertatu diote robotari. Horrek baditu zailtasun batzuk: “Heldulekuak oso forma desberdinetakoak izan daitezke; orduan, sistema orokor bat behar duzu, eta ez helduleku jakin bat bakarrik identifikatuko duena”. Garatu duten sistema “nahiko sendoa” dela frogatu dute. Izan ere, Informatika Fakultatea berriki eraldatu dute, ateetako heldulekuak tartean, eta, hala ere, itxura ona hartu diete bertan egindako probei.

Hori eta beste hainbat sistema garatzeko, robot komertzialen gainean egiten dute lan Fakultatean duten laborategian, programatzen edo beren helburuetara egokitutako software eta liburutegi bereziak sortzen. Hau da, ez dute makina bat sortzen, baizik eta bat erosi eta oinarri gisa erabiltzen dute, hari dispositiboak eransteko. “Azken finean, zer da robota? Motor-multzo bat, sentsore-multzo bat, gurpilekin, hori dena ordenagailu batera edo gehiagotara konektatuta dagoela. Eta informatikariak garenez gero, alor horretan dago gure lana”, azaldu du Lazkanok.

Bistan da taldeak ikerketa bera duela helburu, ezer merkaturatzea baino gehiago. Hala ere, Tekniker zentroarekin garatu dute, adibidez, xede komertzialagoa duen proiektu bat, nahiz eta orain geldirik dagoen: NOA gurpildun aulkia da. Hain zuzen ere, espaloiak igotzeko duen sistema hobetu diote aulki horri. Izan ere, aulkiak angelu perpendikular ia perfektuan hartu behar du espaloia, igotzeko sistema eraginkorra izango bada, eta, hori ahalbidetzeko, ikerketa-taldeak sentsoreak gehitu dizkie gurpilei. “Pertsona elbarritua espaloira hurbiltzen da, eta igo behar duenean botoi bat sakatzen du. Aulki horiek elektrikoak izaten dira, eta jarri genizkien sentsoreen bidez igotzen dute espaloia”, azaldu du Sierrak.

Robotika soziala

Taldeak garatu dituen bi aplikazio horiek indarra hartzen ari den robotika soziala izenekoaren bi adibide besterik ez dira. Izan ere, Sierraren ustez, robotikak pertsona elbarrituei edo zaharrei laguntzeko bidea zabalduko du laster, batez ere Europako ikertzaileak horretan ari direlako: “Azken-azken helburua izango litzateke robot bat erosi, etxean askatu eta robota bere kabuz ibiltzea etxean. Gela guztiak ikusi eta bera jabetzea etxea nolakoa den, gai izatea etxean mugitzeko eta gauzak egiten laguntzeko”.

Eusko Jaurlaritzak A kategoriako izendapena eman berri dio Robotika eta Sistema Autonomoen Ikerketa Taldeari, eta halako lanetan bidea egiten jarraitzeko balioko die horrek. “Sei urterako finantziazioa daukagu, eta lasaiago egon gaitezke, beraz, gure proiektuak ekoizteko”, dio Sierrak. Esaterako, SPRI Eusko Jaurlaritzaren Garapen Agentziak sustatzen duen ETORTEK programaren barruan dute proiektu handienetako bat, EAEko ikerketa-zentro eta unibertsitate gehientsuenekin batera, garraioari buruzko gaietan baitihardute bertan. Bestalde, hainbat proiektutarako Madrilen eta Bruselan egin dituzten eskaeren erantzunaren zain daude (azken horren kasuan Europako beste hainbat ikertzailerekin partzuergoa osatuz). Horri guztiari nazioartearekin dituzten hartu-emanak gehitu behar zaizkio. Europan robotikan dauden bi ikerketa-sareetako kide ere bada taldea; EUROP eta EURON sareetakoa, alegia.

Informazio osagarria

  • Itziar Irigoien, Iñigo Mendialdua, Yosu Yurramendi, Elena Lazkano eta Basilio Sierra. Ekaitz Jauregi eta Fadi Dornaika (Ikerbasque-en bidez taldera batu berri zaien ingeniaria) falta dira., Amaia Portugal
  • Tartalo robota., Amaia Portugal
Komunikazio Bulegoa

Egilea: Komunikazio Bulegoa (UPV/EHU)

Laguntzailea: