#GaiNagusiak

UPV/EHUko tesi batek egiaztatu duenez, glioblastoma multiformea diziplina anitzetatik tratatzeak luzatu egin dezake gaixoaren bizitza

Noiz argitaratua: 10/08/12 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Orokorrak #Osasuna
 Tesiaren egilea, Nicolás Samprón Lebed.

Glioblastoma multiformea garuneko minbizi ohikoena da. Oso minbizi larria da; izan ere, diagnostikatu eta gero, gaixoa urtebete eskas baino ez da bizitzen. Ez da gaixotasun horren kausa ezagutzen, ezta hari aurre egiteko neurririk ere. Gainera, gaixoen eboluzioa ez da ia aldatu 40 urtean, beste minbizi batzuekin gertatu ez bezala. Esaterako, haurren leuzemiaren kasuan, hura gainditzeko aukera ikaragarri hazi da azken urteotan.

Donostia Unibertsitate Ospitaleak glioblastoma multiformea tratatzeko protokolo berri bat txertatu du, abiapuntua izan litekeena minbizi horren tratamendu eraginkorragoa lortzeko bidean. Nicolás Samprón doktorea ospitale horretako Neurokirurgiako sendagilea da, eta doktore-tesia aurkeztu du UPV/EHUn, tratamendurako metodo berri horren lehenengo emaitzetan oinarrituta. Glioblastoma multiforme. Análisis de la supervivencia y de los factores pronósticos (Glioblastoma multiformea. Iraupenaren eta pronostikorako faktoreen analisia) izena du lanak.

Samprónek azaldu bezala, urtero hiru eta sei glioblastoma multiforme kasu artean gertatzen dira 100.000 laguneko; beraz, Donostia Ospitaleari 30 eta 40 kasu berri artean dagozkio urtero. Ez da, beraz, ezohiko gaixotasuna. Zentroan ezarritako eta tesi honetan aztertutako protokolo berriak minbizi mota hori duten gaixoen tratamendua diziplinartekoagoa izatea proposatzen du. Ospitaleko Neuroonkologia batzordea da horren gakoa. Bertan, neurokirurgialariak, neurologoak, onkologoak, anatomopatologoak, erradiologoak eta beste hainbat elkartzen dira, guztiak ere gaixo horien zainketarekin zerikusia duten adituak. Hala, tratamendu eta jarraipen pertsonalizatuagoa eskaintzea da asmoa.

17 hilabete eta erdi

Tesian agertu bezala, diziplinarteko planteamendu berri horrek emaitza hobeak ematen ditu iraupenari dagokionez. Hain zuzen ere, glioblastoma multiformea duen gaixo baten iraupenaren batezbestekoa 12 hilabete bada, tratamendu hau ezarrita 17 hilabete eta erdi izan da.

Bestalde, tesiak beste aurkikuntza baten berri ere eman du; kasu honetan, pronostikorako erabakigarriak diren faktoreei dagokienez. Samprónek adierazi bezala, gaixoak diagnostikoa egiten zaionean duen osasun-egoera orokorra izan da adierazle eraginkorrena pronostiko positiboago hori iragartzeko orduan. Azterketa molekularrek, aldiz, ez dute emaitza biribilik eman pronostiko horri dagokionez.

Egileari buruz

Nicolás Samprón Lebed (La Pampa, Argentina, 1976) Medikuntzan lizentziatua da. Enrique Urculo Bareño Donostia Unibertsitate Ospitaleko Neurokirurgia Zerbitzuko buruaren eta UPV/EHUko Kirurgia, Erradiologia eta Medikuntza Fisikoko Saileko irakaslearen zuzendaritzapean idatzi du tesia. Donostia Unibertsitate Ospitalean bertan egin du Samprónek tesia. Hain zuzen ere, gaur egun bertan dihardu, Neurokirurgiako espezialista gisa.

Informazio osagarria

  • Tesiaren egilea, Nicolás Samprón Lebed., Nicolás Samprón Lebed
Komunikazio Bulegoa

Egilea: Komunikazio Bulegoa (UPV/EHU)

Laguntzailea: