#GaiNagusiak

Kokapena, azpiegiturak eta burgesiaren jarduna izan ziren gakoak Bizkaian kimikaren industria garatzeko, tesi batean ondorioztatu denez

Noiz argitaratua: 10/08/05 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Orokorrak #Fisika, Kimika eta Matematika #Ingurumena #Teknologia
 Kimikaren industriako fabrika baten marrazkia.

La Dinamita (Galdakao, 1872) faktoriaren fundazioa mugarria izan zen Bizkaiko kimikaren industrian. Alfred Nobelek bost urte lehenago lortutako patentean oinarrituta, munduko bosgarren dinamita-fabrika bihurtu zen, eta XX. mendean lurralde horrek izan duen sektore oparoenetako bat abiarazi zuen. Hortik hasita, Bizkaian kimikaren industria nola eta zergatik garatu zen aztertu du Luis Ángel Garcíak, eta baita haren gainbehera eta etorkizunerako aukerak ere. Historia de la implantación y el desarrollo de la Industria Química en Vizcaya (Kimikaren Industriaren ezarpenaren eta garapenaren historia Bizkaian) izena du UPV/EHUn defendatu duen doktore-tesiak.

Tesian kimikaren industriaren historia jorratu du, teknologiaren eta enpresaren ikuspegitik. Garcíak banan-banako ikerketa egin du, Bizkaiko 13 kimika-enpresa aztergai hartuta, eta bertako langileei egindako elkarrizketetan oinarritu da nagusiki.

Industria berantiarragoa

Tesian azaltzen denez, Bizkaiko kimika-sektorea beste industria batzuk baino beranduago agertu zen, inbertsio handia egin behar zelako eta entitateek ez zutelako erraztasunik ematen hura finantzatzeko. Izan ere, industrializazioaren hasieran eskaera txikia zuten produktu kimikoek. Hain zuzen ere, ikerketatik ondorioztatzen denez, aztergai hartutako fabrika gehienak beste sektore ekoizle batzuk martxan jarri eta gero sortu ziren, produktu kimikoen eskaera egiten hasi zirelako.

Garcíak adierazi duenez, kimikaren industria lurraldean ezartzeko erabakigarriak izan ziren Bizkaiaren kokapen estrategikoa eta bere logistika- eta garraio-azpiegiturak, eta baita Bilboko burgesiaren kudeaketa-lanak ere. Horiek ordezkariak bidali zituzten Parisa, Nobelekin hitz egin eta La Dinamita fabrika sortzeko bere patentea utz ziezaien konbentzitzeko. Inbertitzaile frantsesengana ere jo zuten, eta, besteak beste, Bilboko portuari eta hura Estatuarekin komunikatzen zuen trenbide-sareari esker erakarri zituzten. Hain zuzen, La Dinamitak bere kokapena (meategietatik gertu) baliatu zuen ekoizpenerako, eta azpiegiturak Bizkaitik kanpoko eskaerari aurre egiteko. Hala egin zuten beste hainbatek ere: Maderas y Alquitranes, Metalquímica del Nervión…

Gorakada 60ko hamarkadan, beherakada 70ekoan

Bizkaiko kimikaren industriak XX. mendean izan zuen bilakaerari dagokionez, 60ko hamarkadan zabalkunde garrantzitsua eman zen. Plastikoaren, zuntz sintetikoen eta ongarrien sektoreak izan ziren nagusi horretan eta, Estatuari dagokionez, baita kosmetikoen eta detergenteen sektoreak ere. 70eko hamarkadako krisiak, ordea, eragin handia izan zuen Bizkaiko kimika-sektorean (lantegiak itxi zituzten eta multinazionalak nagusitu ziren), eta gaur arte iraun duen beherakada hasi zen. Ingurumenaren kutsaduraren aurkako erreakzio sozialak eta industriaren deslokalizazioak larritu egin zuten beherakada. Tesiaren arabera, 1959an Bizkaiko 11 enpresa zeuden Espainiako lehenengo 50en artean, bost 1973an, eta bakarra 1997an (UEE, Madrilen du administrazioaren egoitza). Era berean, egungo krisiak ere Bizkaiko kimika-industrian eragina izan duela adierazi du tesi-egileak, motorraren eta eraikuntzaren sektoreen etena eta ibilgailuen salmentaren beherakada dela eta.

Enpresa birziklatzaileak, etorkizuneko jarduera nagusia

Alde positiboari dagokionez, tesiak dio industria-mota honek atomizazio handia duela Bizkaian: enpresa txikiak dira, baina oso dibertsifikatuak espezializazioari dagokionez, eta horrek erraztu egiten die beren merkatu-kuotaren bilaketa. Azken bi hamarkadotan Bizkaiko kimikaren industriak negutegi-efektua eragiten duten gasen isurtzea (% 20) eta energiaren kontsumoa murriztu dituela ere gogorarazi du tesi-egileak.

Etorkizunari dagokionez, Garcíak adierazi du enpresa birziklatzaileek (plastikoak, pneumatikoak…) hartu dezaketela bere gain Bizkaiko kimikaren industriaren lidertza XXI. mendean. Aipamen berezia egin du 2012an inauguratzea espero duten tratamendu mekaniko biologikorako instalazioaz eta gerora begirako konpostaje-instalazio batez.

Egileari buruz

Luis Ángel García Castresana (Bilbo, 1957) industria-ingeniaria da. Inés Pellón González doktorearen zuzendaritzapean idatzi du tesia; UPV/EHUko Nautika eta Itsasontzi Makineria Goi Eskola Teknikoko Kimika eta Ingurumenaren Ingeniaritza Saileko irakaslea da bera. Zientzia eta Teknologia Fakultateko Fisika Teorikoa eta Zientziaren Historia Sailean aurkeztu du tesia. Hura egiteko, elkarlanean aritu da Enpresa Kimikoen Bizkaiko Elkartearekin (AVEQ). Gaur egun, UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Kimika Ingeniaritza Sailean egiten du lan Garcíak.

Informazio osagarria

  • Kimikaren industriako fabrika baten marrazkia., Luis Ángel García Castresana.
  • Juno fabrikaren ibilgailua., Luis Ángel García Castresana.
  • La Dinamita fabrikaren zigilua., Luis Ángel García Castresana.
  • Unquinesa fabrikaren iragarkia., Luis Ángel García Castresana.
Komunikazio Bulegoa

Egilea: Komunikazio Bulegoa (UPV/EHU)

Laguntzailea: