#GaiNagusiak

Ume goiztiarren amek estresa jasateko arrisku handiagoa dute, eta horrek haurraren garapenari kalte egin diezaioke lehen urteetan

Noiz argitaratua: 10/08/03 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Orokorrak #Gizarte-zientziak #Osasuna

Goiztiar jaiotako haurren kopuruak neurri berari eusten dio, eta baita handitu ere, urteek aurrera egin arren. Gertaera horrek kalte neurologikoak, sentsorialak, arnasketari dagozkionak, adimenekoak edo psikomotrizitateari lotutakoak eragin ditzake, epe labur nahiz ertainera. Kalte horiek haurren psikiatren eta psikologoen ardura ere badira. Izan ere, gaur egun jakina denez, haur goiztiarraren eboluzioa eta arazoak agertzea edo ez agertzea familia-giroaren araberakoak dira neurri handi batean. Batez ere, ama eta haurraren artean lehen hilabetetan izaten den interakzioaren araberakoa. Fernando González doktoreak gaiari buruzko doktore-tesi bat defendatu du UPV/EHUn, El desarrollo y las relaciones tempranas de los niños prematuros. Estudio comparativo con una población control a los 2 años de edad (Haur goiztiarren garapena eta lehenengo hartu-emanak. Azterketa konparatiboa kontrol-populazio batean bi urte dituztenean) izenburupean.

Tesiaren jatorrian dagoen ikerketan, goiztiar eta oso pisu txikiarekin (1.500 gramo baino gutxiago) jaio ziren baina kalte larririk ez duten 90 haurrek hartu dute parte, eta baita haien amek ere. Haien emaitzak osasuntsu jaio ziren 96 haurrenekin eta haien amenekin alderatu dituzte. Jaioberriaren garapen psikikoa hura jaio eta bi urtera (une gakoa heltzeari dagokionez) baloratzea zen kontua, eta, batez ere, hura inguratzen duten ingurune-faktoreei buruz ekarpena egitea; bereziki, ama eta jaioberriaren arteko harremanaz.

Harremana estresaren eta garapen psikomotorraren artean

Alde horretatik, badirudi amaren estres-maila gakoa dela. Gonzálezek ondorioztatu du ikertutako haurren (goiztiarrak izan ala ez) amek haurren lehen urtean estres-tasa altuak agertzen badituzte garapen psikomotorrean indize txikiagoak ematen dituztela, eta baita, bi urte betetzean, lotarako arazoak izateko arrisku handiagoa eduki ere. Tesiak frogatu duenez, hain zuzen ere haur goiztiarren amek agertzen dute estres handiena, depresio- eta antsietate-sintomen bitartez.

Goiztiar jaiotako haurren berezko ezaugarriei dagokienez, garapen psikomotorra eta kognitiboa, bi urte dituztenean, normaltasun-indizeen barruan dute. Hala ere, adimenaren garapenaren indizearen balioak txikiagoak dira haur goiztiarren kasuan, osasuntsu jaiotako haurrenetan baino. Gainera, haur goiztiarrek arazo psikofuntzional (batez ere, elikagaiak baztertzeari dagokionez) gehiago agertzen dituzte, eta baita kanpo-portaerari dagozkion arazoak ere (haserrea, kontra egitea, oldarkortasuna).

Amak haurrarenganako duen lotura ere aztertu dute tesi honetan. Badirudi hor ez dagoela desberdintasun handirik goiztiar jaiotako haurrak edo osasuntsu jaiotakoak dituzten amen artean, bi urte dituztenean. Hala ere, tesiak dioenez, ama batek segurtasunik eza agertzen badu bere haurrarenganako loturari dagokionez (haurra goiztiarra izan edo ez), emaitzak txikiagoak dira adimen-garapenaren indizean. Era berean, harremana aurkitu dute amen segurtasun txikiko lotura horren eta estresaren artean, haurraren lehen urtean. Horregatik, etorkizunean harreman horretan sakontzea gomendatu du Gonzálezek.

Berehalako azterketa

Ondorio horiekin lotuta, Gonzálezek bere tesian adierazi duenez, beharrezkoa da haur goiztiarra izan duten amen (eta gurasoen, oro har) erreakzioen ebaluazioa lehenbailehen egitea, estresari eta haurrarenganako loturari dagokionez. Guraso horiei babes espezifikoa eskaintzea litzateke asmoa, erreakzio horiek beren seme-alabekin duten harremanean eta, beraz, seme-alaben garapenean, izan dezaketen eragina murrizteko. Horrenbestez, ospitalean egon bitartean lotura hori garatzeko erraztasunak ematea litzateke kontua, etxera itzultzen direnerako jarraipen-programak eskaintzeaz gain.

Egileari buruz

Fernando González Serrano (Fuentelcésped, Burgos, 1960) Medikuntza eta Kirurgian lizentziatua da. Alberto Lasa Zulueta UPV/EHUko Medikuntza Fakultateko Neurozientzia Saileko Psikiatriako irakasle lagunaren zuzendaritzapean idatzi du tesia. Gaur egun, Gonzálezek psikiatra laguntzaile dihardu Getxon, Uribeko Haur eta Gazteen Psikiatria Zentroan. Han bertan egin du tesia, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak diruz lagundutako ikerketa batetik abiatuta.

Komunikazio Bulegoa

Egilea: Komunikazio Bulegoa (UPV/EHU)

Laguntzailea: