#GaiNagusiak

IKTetan oinarritutako proiektu europar batek beren hiriarekin edo etxearekin lotura duten aplikazioak sortzea ahalbidetuko die erabiltzaileei

Noiz argitaratua: 10/07/30 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Orokorrak #Informatika #Teknologia

ESI-Tecnalia DIY Smart Experiences (DiYSE) proiektu europarrean hartzen ari da parte. Proiektua IKTetan oinarrituta dago, eta pertsonen bizimodua erraztea du helburu, haien ingurunearen (etxea nahiz beste leku batzuk) kontrola ahalbidetuta. Guztira nazioarteko hedapena duten 40 erakunde hartzen ari dira parte proiektuan; Philips, Thales, Alcatel-Lucent eta Europako hainbat unibertsitate eta ikerketa-zentro, tartean. DiYSEk 25 milioi euroko aurrekontua du, eta zazpi herrialdek hartzen dute parte bertan.

DiYSE proiektuaren oinarria zera da, erabiltzailea dagoen espazio horietako objektuak eta Interneteko zerbitzuak konbinatzea, eta datu horien guztien baturaren bitartez, erabiltzaileek beren aplikazio pertsonalizatuak egin ditzaten ahalbidetzea, une bakoitzean dituzten beharren arabera eta gaitasun tekniko berezirik izan beharrik gabe. Hala, egokitu egingo litzateke bere ingurunea, eta beste erabiltzaile batzuekin partekatzeko moduko esperientzia pertsonalizatuak sortuko lirateke.

Aplikazio horien bitartez eta sakelako telefonoa edo ukipen-pantaila duten gailu elektronikoak erabilita, askotariko elkarrekintza-egoerak sortuko lirateke. Egoera horietako bat litzateke, esaterako, kafetegi bat, ingurune itxi bat. Erabiltzaile batek, kafetegi horretan sartzean, espazio horretan erabilgarri dauden gailu fisikoak (tenperatura- edo soinu-sentsoreak) baliatu ahal izango lituzke, baita web-zerbitzuak (kafetegiko menuari dagokion aplikazioa) ere. Hala, aplikazio bat sortuko luke otordua kafetegiko zer gunetan egin (tenperatura eta soinuari buruzko informazioa konbinatuta) aholkatzeko, eta gainera, bere behar pertsonalak kontuan hartuta, zeliakoentzako menu bat ere gomendatzeko, adibidez.

Konektagarritasuna, ubikuotasuna eta elkarreragina ikertzera bideratuta dago proiektua, oinarrian. Horrenbestez, bertan aurreikusitako emaitzek Etorkizuneko Interneten ekarpen aipagarria egiteko adinako garrantzia izatea espero da. Gainera, Informazioaren Gizarteari garapen nabarmena ekarriko lioketen abantaila sozioekonomikoak eragitea espero da.

Informazio osagarria

  • icono_documento
Pablo Melchor

Egilea: Pablo Melchor (MBN Comunicación, S.A.)

Laguntzailea: