#GaiNagusiak

Ikerketa-bide berri bat ireki dute, neuroendekapenezko gaixotasunak iragartzen lagun dezakeena

Noiz argitaratua: 10/07/26 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Orokorrak #Biziaren zientziak #Osasuna #Teknologia
 Aitor Hierro doktorea

Alboko esklerosi amiotrofikoari (ELA) eta bestelako neuroendekapenezko gaixotasunei buruzko ezagutza handitzeko eta haien iragarpenetan aurrera egiteko bide bat ireki du CIC bioGUNEko ikertzaileek bultzatutako ikerketa berri batek, Aitor Hierro buru izan duenak. Hala argitaratu dute The Proceedings of the National Academy of Sciences of the United States of America aldizkari ospetsuan.

Gizakietan ikerketak egiteko bide berri bat ireki du ikerketak, gaixotasunak sintomak sortu aurretik iragartzera iristeko.

Estatu Batuetako Osasun Institutu Nazionaleko (NIH), Cleveland Klinikako Zentro Neuromuskularreko eta Frantziako Zientzia Ikerketen Zentro Nazionaleko (CNSR) hainbat talderekin elkarlanean egin dute lana. Horri esker, lehen aldiz ebatzi da Vps54 deritzon proteinaren egitura; GARP konplexua esaten zaion lau proteina-multzoko proteina bat da Vps54.

Wobbler sagu-ereduan mutazio bat du Vps54 proteinak, eta, haren eraginez, neuronak endekatu egiten dira pixkanaka, eta antzutasuna agertzen da. Fenotipo bereizgarri hori dutenez, neurona motorren endekapen espontaneoa aztertzeko —besteak beste, alboko esklerosi amiotrofikoa— sagu-eredu gisa erabiltzen dira wobbles saguak, 1956an Falconer doktoreak aurkitu zituenetik.

2005. urtean Jockusch doktorearen taldeak lortu zuen wobbler fenotipoa eragiten duen mutazioa identifikatzea. Harrezkero, mutazioak proteinari eta haren jarduerari nola eragiten dion ulertzera bideratu ditu ikerketak Hierro doktorea buru duen taldeak.

Dagoeneko aurkitu dute gaixotasuna ez dela agertzen proteina jakin baten mutazio baten ondorioz bakarrik —tesi hori egon da indarrean orain arte, aurreko ikerketetan oinarrituta—, baizik eta domino-efektu bat dagoela, eta mutazioa izan duen proteinaren maila baxuek ezegonkortasuna eragiten dutela GARP konplexuko gainerako osagaietan. “Gaixotasuna ez da garatzen mutazioaren eragin hutsarengatik; aitzitik, GARP konplexuaren maila baxuek edo konplexua ezegonkorra izateak eragin ditzakeen beste mutazio edo akatsek ere esku hartzen dute”, azaldu du Aitor Hierrok.

Brown doktoreak Michigan Unibertsitatean ELA esporadikoak jotako 96 pazienterekin egindako ikerketa batean ez zen aurkitu wobbler saguek duten mutazioa; hortaz, ondoriozta liteke saguen mutazioak ez duela eragin handirik gizakiengan. “Alabaina, oso antzekoak dira saguen eta gizakien GARP konplexuko proteinak, eta, hori dela eta, ez da baztertu gizakietan GARP esteka-konplexuaren maila txikitzea izatea motoneuroendekapenaren eragilea. Hala, gizakietan maila horiek aztertzeko ikerketa-bide berri bat ireki da; horri esker, gainera, sintomak agertu baino askoz lehenago iragarri ahal izango litzateke gaixotasuna”, azaldu du Hierro doktoreak.

“Seguru asko, motoneuroendekapenezko gaixotasunen batek jotako paziente askok ez dute izango wobbler saguen mutazio berdina, baina litekeena da, beste arrazoiren bat medio, paziente batzuek GARP konplexuaren maila txikiagoa izatea, eta horrek eragitea gaixotasuna”, adierazi du Hierrok.

Hainbat teknika erabili dituzte ikerketa egiteko, hala nola analisi bioinformatikoa egiten duen X izpien kristalografia. Horri esker, lehenengo aldiz ebatzi ahal izan dute zer egitura duen aipatutako proteinak mutazioa gertatzen den eskualdean. Ondoren, hainbat esperimentu egin dituzte in vitro, teknika biofisikoak erabilita, eta beste hainbat in vivo, wobbler fenotipoa zuten saguen zenbait zelula-lerro eta ehun erabilita. Esperimentuetan berretsi dute Vps54 proteina ezegonkortzen duela mutazioak, eta eragin hori, gero, GARP proteina-konplexuko gainerako osagaietara hedatzen dela.

Zelulen “zirkulazioaren” erregulazioa

Zelulako organuluen artean osagaiak behar bezala garraiatuz lortzen da, hein handi batean, zelulen metabolismoaren balantzea, hirien edo portuen arteko garraio-sare handietan gertatzen den antzera. Garraio horretarako erabiltzen diren zama-garraiatzaileak xixkuak izaten dira, zelulako organulu jakin batean sortu eta beste bateraino eramaten diren lipidozko esfera txikiak. Garraioa bikain erregulatuta dago, eta sortzen diren akatsak gaixotasun-eragileak izan daitezke.

Proteina askok hartzen dute parte batera biziari eusteko eginkizunean, eta proteina-konplexuak deritzenak eratzen dituzte (funtzio jakin bat egiten duten proteina-multzoak). GARP konplexua hidrolasa azidoen hartzaileak birziklatzen dituen garraio-bidean dago, hartzaileak lisosometatik (zelulen urdailetik) Golgi konplexura eramaten dituen bidean. Hidrolasa azidoak lisosometako inguru azidoan aktibatu eta beste proteina batzuk digeritzen dituzten entzimak dira. Lisosomak azidotutakoan, hidrolasa azidoek hartzaileak ere digeritzea saihesteko, garraio-xixkuen bidez Golgi konplexura eramaten dira hartzaileak, birzikla daitezen. Hala, birziklatu eta berrerabili egiten dira hartzaileak, beste hidrolasa azido batzuk lisosometara garraiatzeko. GARP konplexuak, zehazki, lau proteina ditu, eta garraiatzen diren xixkuak fisikoki lotzen ditu helmuga-organora, kasu honetan, Golgira, itsasontziak portuan lotzen diren antzera. Ondoren, xixkuek bat egiten dute, garraiatzen ari diren edukia deskargatzeko.

Ikerketan ondorioztatu dute wobbler fenotipoa agertzen dela GARP konplexuaren mailek nabarmen egiten dutelako behera, konplexua beharrezkoa baita garraio-xixkuak Golgirekin lotzeko. Konplexuaren mailak behera egiteak, ondorioz, hidrolasa azidoen hartzaileak Golgira birziklatzera eramateko bideak behar bezala funtzionatzea oztopatuko luke.

Informazio osagarria

  • Aitor Hierro doktorea, CIC bioGUNE
  • icono_documento
    Prentsa-oharra, gaztelania, CIC bioGUNE
Javier Urtasun

Egilea: Javier Urtasun (Guk)

Laguntzailea: