#GaiNagusiak

Erregaia eta ganaduarentzako bazka ekoizteko, koltza eta ekilorea erabiltzea ikertzen ari da Neiker-Tecnalia

Noiz argitaratua: 10/07/23 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Orokorrak #Biziaren zientziak #Ingurumena #Osasuna #Teknologia
 Ardiak.

Oleaginosoetatik sortutako olioa nekazaritza-ibilgailuetarako erregai moduan erabil daiteke, haien errendimendua jaitsi gabe. Horrela, energia gehiago lor dezakete beren kabuz nekazariek. Olioa ateratzean, gainera, olio-opila izeneko azpiproduktu bat ere sortzen da, eta ganaduaren elikadurarako ona da hori, proteina eta gantz-azido interesgarriak dituelako.

Neiker-Tecnalia Nekazaritza Ikerketarako eta Garapenerako Euskal Institutua olio hori erregai moduan erabiltzea ari da ikertzen, eta baita oleaginosoetatik sortutako opilek elikatzeko duten ahalmena ere. Zentro teknologikoak, halaber, koltza eta ekiloreen laboreak hobetzeko hainbat prozesu ikertzen dihardu. Izan ere, bi espezie oleaginoso horiek egokitzen dira hobekien Euskadiko nekazaritza- eta klima-kondizioetara. Egitasmoaren izena Plusoleo da, eta Eusko Jaurlaritzak diruz laguntzen du + Euskadi 2009 programaren bidez.

Koltzaren eta ekilorearen prentsaketatik zuzenean lortutako olioa gasolioari gehitu dakioke erregai-tangaren % 30erainoko proportzioan, motorrean inolako aldaketarik gertatu gabe eta inolako egokitzapenik egin beharrik gabe. Hori egiaztatu dute Neiker-Tecnaliako ikerlariek. Era berean, aleen prentsaketatik aipatutako olio-opila lortzen da; opil horien % 16 eta % 20 artean gantza da, eta % 25 eta % 27 artean, berriz, proteina. Hala erakutsi dute zentro teknologikoan aztertutako laginek. Balio horiek erakusten dutenez, abereentzako elikagai garrantzitsuak dira opil horiek.

Koltzaren ekoizpenaren batezbestekoa hektareako 3.500 kilo da, eta prentsaketarekin 1.160 litro olio lor daitezke. Nekazariek erregaiaren autokontsumorako erabil dezakete hori, eta dirua aurreztu horrela. Olio hori saldu ere egin dezakete; egun, salneurria 0,67 eta 0,84 euro artekoa da. Olioa atera eta saltzea onuragarriagoa da ekonomikoki, uzta atera bezala besterik gabe saltzea baino. Gainera, hektarea bakoitzean lortzen diren 3.500 kilotatik, prentsaketaren ondoren, 2.300 kilo olio-opil lortu ditzake nekazariak. Horrekin ere nekazariak bi aukera ditu: saltzea edo bere azienda elikatzea.

Abereen elikaduran dituen aplikazioak

Konposizio eta balio nutritiboa oinarrizko neurgailuak dira edozein elikagai ebaluatzeko. Horien arabera erabakiko da etxaldeen dietan sartzea. Nekazariek eskura dituzten prozedura mekanikoetatik lortutako opilek gantz-materia handiagoa dute hainbat osagai kimiko darabiltzaten prozedura industrialetatik lortutakoek baino. Gainera, informazio hobea ematen dute abereen elikadurara bideratutako proteinaren trazabilitatearen inguruan. Etxaldeetan hotzaren bidezko presioarekin lortutako opilek % 11 eta % 33 arteko gantz-kantitatea dute kiloko; industria-opilek, berriz, % 2 eta % 3 artekoa.

Neiker-Tecnaliako laborategietan Euskaditik etorritako hainbat koltza-opilen laginak ikertu dira. Lagin horiek % 16 eta % 22 arteko gantz-kantitatea dute, eta % 25 eta % 27 arteko proteina-kantitate kiloko. Elikadurarako oso interesgarriak dira balio horiek.

Koltza- eta ekilore-opilek, gainera, hainbat osagai onuragarri dituzte: azido linoleiko eta linolenikoak (oinarrizko gantz-azidoak eta Omega 6 eta Omega 3 gantz-azidoen familiako aitzindariak). Materia horrekin elikatutako ardiek nutrizio-ezaugarri hobeak dituen gantz-azidoen profila agertzen dute.

Hain zuzen ere, zentro teknologikoak Laresne egitasmoan ere badihardu lanean. Espainiako Nekazaritza eta Elikadura Ikerketa eta Teknologia Institutuak (INIA) diruz laguntzen du, eta UPV/EHUko Farmazia Fakultatearekin elkarlanean ari da bertan. Opilen bidezko ardien elikadura eta parametro zooteknikoetan eta esnearen kalitatean horrek duen eragina ikertzen dute.

Informazio osagarria

  • Ardiak., Tecnalia
Pablo Melchor

Egilea: Pablo Melchor (MBN Comunicación, S.A.)

Laguntzailea: