#GaiNagusiak

Material berri bat sortu dute eskala nanometrikoan patchwork eginez

Noiz argitaratua: 10/07/16 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Teknologia
 Nature Materials

Ángel Rubio UPV/EHUko Materialen Fisikako katedradun eta NanoBio Espektroskopia taldearen zuzendariak adierazi duenez, “patchwork-a egitea bezala da, baina eskala nanometrikoan”. Patchwork deiturikoan, lehenik eta behin, material ezberdinekin bi dimentsioko piezak sortzen dituzte, eta ondoren, puzzle baten moduan egokitzen dituzte. Lortzen den sistemak ezaugarri elektroniko erabat berritzaileak ditu, jatorrizko materialek dituztenen arteko nahasketa bat, hain zuzen ere. Nature Materials aldizkari ospetsuaren azalean eman dute ikerketa horren berri ("Hybridized graphene: Nanoscale patchworks", Nature Materials 9, 379 - 380 (2010)).

Eskala nanometrikoan egindako bi dimentsioko pieza horiek (“nanodomeinu” deiturikoak) sortzeko, bi material erabili dituzte: boro nitruroa eta grafenoa. Boro nitruroa isolatzailea da. Grafenoa, berriz, xafla bat da, egitura hexagonalean antolatutako karbono atomoekin eratua, erdi metalikoa eta eroankortasun handikoa. Egitura horiek sintetizatu eta modu kontrolatuan mihiztatzeaz Houstongo Riceko Unibertsitateko Pulickel M. Ajayan irakaslearen taldea arduratu da. Material baten eta bestearen piezak txertatuta lortzen den sistemaren ezaugarrietan erabateko aldaketa gertatzen da. Adibidez, sistema metal izatetik isolatzaile izatera igarotzen da, tenperaturaren eta boro nitrurozko domeinuek dituzten dentsitate eta tamainaren arabera. Bestalde, grafenoa ez bezala (opakua da), boro nitruroak argia xurgatu eta urruneko ultramorean igortzen du , hau da, ikusi ezin den argi gisa, eguzkiaren izpi ultramoreen modukoa, baina, maiz, maiztasun handixeagoan; portaera hori bi dimentsioko partchwork egitura osora zabaltzen da. UPV/EHUko taldea ezaugarri horiek guztiak sakon aztertzen ari da.

Egitura horiek bi dimentsiotan garatzeak sistema optoelektronikoak, hau da, optika eta elektronika elkartzen dituzten sistemak (esaterako, kristal likidozko pantailak), edo zuntz optiko bidezko komunikazio-sistemak (lauak) diseinatzeko aukera ematen du; baita nanoelektronika molekularrerako gailu elektronikoak, material termoelektrikoak, telekomunikazioak, laserrak, etab. ere. Horiek bezain garrantzitsuak dira aipatutako material horiek fisikaren oinarrizko fenomenoak —besteak beste, metal-isolatzaile trantsizio-faseak— bi dimentsiotan aztertzeko eskaintzen dituzten aukera berriak.

Informazio osagarria

  • Nature Materials, UPV/EHU
  • Ikertzaile-taldea, UPV/EHU
  • icono_documento
    Prentsa-oharra, euskaraz, UPV/EHU
  • icono_documento
    Prentsa-oharra, gaztelaniaz, UPV/EHU
Komunikazio Bulegoa

Egilea: Komunikazio Bulegoa (UPV/EHU)

Laguntzailea: