#GaiNagusiak

Hainbat herrialdetako adituen ustez, behi-paratuberkulosia desagerrarazi egingo da laster

Noiz argitaratua: 10/06/30 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Orokorrak #Biziaren zientziak
 Behiak.

Herrialde askotako 85 adituz osatutako talde batek (NEIKER-Tecnaliako bi zientzialari tartean) uste du behi-paratuberkulosia edo Johne-ren gaixotasuna deritzon gaitza desagerrarazi egin daitekeela kontrolean, txerto berrietan eta infektatutako animaliak hiltzean oinarritutako programen bitartez. Horixe da zientzialariok atera zuten ondorio nagusia, joan den otsailean Eskoziako Inverness hirian izandako bileran. Gai horren inguruan martxan dagoen Europako Batzordearen proiektu baten (ParaTBTools) barruan egin zuten bilera hori.
Paratuberkulosia edo Johne-ren gaixotasuna hesteetako gaitz erregionala da, hanturazkoa eta progresiboa, eta Mycobacterium avium (paratuberculosis azpi-espresioa) bakterioak eragiten du. Paratuberkulosia behietatik, ardietatik eta ahuntzetatik beren kumeetara igarotzen da. Azken horiek bortizki kutsatzen dira, eta beste animalia talde batzuei transmititu diezaiokete, kutsatutako beren gorotzen bidez. Johne-ren gaitza Crohn-en gaixotasunarekin lotu ohi da behin eta berriz. Azken hori hesteetako hanturazko gaitz erregional larria da, eta gizakiei eragiten die, nahiz eta oraindik ez duten erabat egiaztatu harreman hori kausazkoa den.
Crohn-en gaixotasunarekin duen ustezko antzekotasuna eta hausnarkarien abeltzaintza sektorean izan diren ekoizpen-galerak direla eta, Europako Batzordeak prebentzio neurriak hartzea erabaki du, eta ParaTBTools proiektua finantzatuko du. Ekimen horretan dihardute Europa, AEB, Kanada, Argentina eta Zeelanda Berriko taldetan lan egiten duten 200 zientzialarik. Espainiari dagokionez, NEIKER-Tecnaliako zientzialari Ramón Juste (Paratuberkulosiaren Nazioarteko Elkarteko presidentea) eta Joseba Garrido ari dira laguntza zientifikoa ematen, eta baita Alicia Aranaz eta Beatriz Romero (Madrilgo Unibertsitate Konplutentsea) eta Valentín Pérez eta Laetitia Delgado (Leongo Unibertsitatea) ere.
Adituek ateratako ondorioen arabera, diagnostiko probetarako sistemak, kontrolerako programak eta, oro har, arazoa tratatzeko estrategiak bateratzea izan daiteke lehen urratsa, abeltzaintza-sektoreari lagundu eta Johne-en gaixotasuna desagertarazte aldera. ParaTBTools proiektuaren zuzendariak, Douwe Bakker doktore nederlandarrak (Herbeheretako Albaitaritza Institutu Zentraleko ordezkaria), kutsatutako animaliak sakrifikatzea proposatu zuen infekzioa kontrolatzeko neurri nagusi gisa, nahiz eta onartu zuen neurri hori oso garestia izango zela abeltzainentzat. NEIKER-Tecnaliako adituek azaldu zutenez, Espainian dagoeneko badago txerto bat (euskal zentro teknologiko horrek hura ebaluatzen eta hobetzen dihardu, hain zuzen); horri esker, abelburuak hil behar izatea saihestuko da, eta, horrenbestez, abeltzaintza-sektorearen galera ekonomikoak ere bai.

Danimarkako, Herbeheretako eta Espainiako kasuak

Bakker doktoreak Danimarkako ukuiluen jarduera hartu zuen eredutzat; han, dagoeneko aplikatzen da animalia infektatuen sakrifizio hautakorra. “Emaitza ekonomikoak handitzen ari dira, errendimendu hobea ematen duen taldea izaten bukatzen dutelako”, baieztatu zuen adituak. Bakker-ek adierazi zuen Danimarkako abeltzainek begi onez ikusi zutela neurria (han onartu dute infekzio-maila % 80 dela). Berez, arrakasta hori infektatutako animaliak desagerrarazteari ez ezik, neurri horrekin batera animalia osasuntsuak hazteko erritmoa azkartzeari ere badagokio. Horrek animalion bizitza produktiboa nabarmen murriztea dakar, baina baita ezaugarri genetiko hobetuak azkarrago txertatzea ere.
Herbehereetan ere baserritarrak arazoari aurre egitera behartu dituzte, auzi horri aurre egiteko. Datorren urtetik aurrera, esne ustiategiek beren ekoizpena saldu nahi badute, paratuberkulosiaren kontrolerako programaren batean sartuta egon beharko dute, eta baita infektatutako animalien kargu egin ere. Ekimen horrek herrialdeko ekoizleen babesa du, Douwe Bakker-ek azpimarratu zuenez. Gainera, neurria betetzen ez duten ekoizleak zigortuak izango dira.
Frantzian, ordea, beste estrategia bat dute nahiago. Hain zuzen ere, animalien bizitza produktiboa luzatzen duen txertoa. Horrek sistema jasangarriagoa izatea dakar.
Espainiaren kasuan, datu berrienek diote frisiar arrazako esne-behi espainiarren % 30 kutsatuta dagoela. Alde horretatik, Euskadik hartu ditu gidaritza-lanak, paratuberkulosia kontrolatzeko programa bat garatu duen autonomia erkidego bakarra baita. Programa hori txertoan oinarrituta dago. Duela bost urte jarri zuten martxan, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Abeltzaintza Zerbitzuaren ardurapean, eta abeltzainak pozik daude harekin. Hain zuzen ere, gaur egun, Bizkaiko eta Arabako Foru Aldundiak ere sartu dira programan, neurri handi edo txikiagoan.
Bakker doktoreak espero du adituen taldeak akordioa adostuko duela kontrol-estrategiari dagokionez. Hain zuzen ere, Europako Batzordean jorratzekoa da gai hori hilabete batzuen buruan. Bere ustez, beharrezkoa da ParaTBTools proiektuan parte hartzen ari diren EBko estatu guztiek kontrolerako programa komuna izatea, orain arte herrialdeek gaixotasunari aurre egiteko askotariko neurriak hartu baitituzte. Egoera horrek asko zailtzen zuen gaixotasunaren prebalentziari eta tratamenduari buruzko ondorio globalak ateratzea.

Informazio osagarria

  • Behiak., Tecnalia
Pablo Melchor

Egilea: Pablo Melchor (MBN Comunicación, S.A.)

Laguntzailea: