#GaiNagusiak

Hezur-galera handietan, konposatu biodegradagarri batek haiek birsortzen lagundu egiten du, UPV/EHUn aurkeztutako tesi baten arabera

Noiz argitaratua: 10/07/30 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Orokorrak #Fisika, Kimika eta Matematika #Teknologia
 Tesiaren egilea, Beatriz Olalde Graells.

Hezurrak beren kabuz birsortzeko gai dira, kalte txikiren bat jasanez gero. Hala ere, gauzak oso desberdinak izaten dira lesioa traumatikoa edo tumore batek eragina bada, eta ehunaren galera, handia. Gaur egun kasu horiek ehuna txertatuta tratatzen dira, zenbait teknikaren bitartez, baina hainbat desabantaila dituzte; hala nola gorputzak hura errefusatzeko arriskua, kutsadura edo emaileei mugak ezarri beharra.

Horrek baldintzatu egin du hezurretako ehun-ingeniaritzaren gaur egungo joera: orain, hezurra behin-behinean ordezkatu eta haren birsortzea suspertu dezaketen materialak garatu nahi dira. Material hori, behin-behinekoa izaki, desagertuz joango litzateke hezurrak bere berezko tokia hartu ahala. Beatriz Olalde Tecnaliako Osasun Unitateko ikertzaileak konposatu horietako bat osatzen dihardu. Orain arteko emaitzekin doktore-tesia aurkeztu du UPV/EHUn, Desarrollo de un nuevo soporte poroso nanocompuesto biodegradable para la regeneración tisular ósea (Euskarri porotsu nanokonposatu biodegradagarri berri baten garapena, hezur-ehuna birsortzeko) izenburupean.

Erabat berritzailea da Olaldek garatu duen eta tesian aurkeztu duen euskarri porotsua, edo aparra. Euskarri porotsu biodegradagarri bat ekoiztea zen helburua. Euskarri horrek, kaltetutako hezurra behin-behingoz ordezkatu bitartean, haren birsortzea suspertzeko gai izan behar zuen. Asmo hori buruan, kimikoki nahiz elektrikoki inguruan dituen hezur-zelulekin eta hezur-ehunarekin elkar eragiteko gai den konposatua garatu du, hala hezurra bere onera etortzeko prozesua bizkortze aldera.

Azido polilaktikoa, hidroxiapatita eta karbonozko nano-hodiak

Tesian aurkezten den euskarri porotsuaren konposizioak polimero biodegradagarri bat du oinarri: azido polilaktikoa. Medikuntzan sarri erabiltzen den materiala horren izaera biodegradagarria dela eta, desagertu egiten da hezurra hazi ahala. Horri hidroxiapatita (biozeramika bat) erantsi dio ikertzaileak. Polimeroek zailtasunak izan ohi dituzte zelulak erakartzeko; hidroxiapatitak kaltzioa dakar, eta euskarria inguruan dituen hezur-zelulekin integratzeko balio du.

Azkenik, konposatuak karbonozko nano-hodiak ere baditu. Polimeroen propietate mekanikoak hobetu egiten dituzte horiek, alde horretatik nahiko mugatuak baitira eta bestela hautsi egin baitaitezke, hezur-zelula eta hezur-ehunen erresistentziaren aurrean. Bestalde, karbonozko nano-hodiek ematen diote izaera elektrikoa euskarri porotsuari, bai azido polilaktikoa eta bai hidroxiapatita material isolatzaileak baitira berez. Hala, eremu elektriko bat aplika daiteke, hezur-zelulak euskarri porotsura biderarazteko eta horrela birsortze prozesua bizkortzeko.

Olaldek tesian azaldu duenez, euskarri berrian egindako probak (in vitro eta in vivo entseguak, besteak beste) arrakastatsuak izan dira. Aparrak propietate mekaniko bikainak ditu, erresistentzia egokia du hezurrarekiko eta ez da hausten ezarri eta gero. Gainera, in vivo entseguetatik ateratako lehen emaitzek (euskarria ezarri eta hiru astera izan ziren) erakusten dutenez, hezurra hazten hasia da ordurako. Era berean, 16 asteren ondoren, hezur berri horrek dituen propietateak (mekanikoak, histomorfometrikoak eta densitometrikoak) antzekoak dira, osorik edo osasuntsu dauden hezurrek dituztenekin alderatuta.

Egileari buruz

Beatriz Olalde Graells (Donostia, 1979) Kimika Zientzietan doktorea da. María Jesús Jurado Tecnaliako Osasun Unitateko ikertzailearen eta Isabel Goñi eta Mariló Gurruchaga UPV/EHUko Donostiako campuseko Kimika Zientzien Fakultateko Polimeroen Zientzia eta Teknologia Saileko irakasleen zuzendaritzapean idatzi du tesia. Olaldek Tecnaliako Osasun Unitatean egin du lanaren zati handiena, baina elkarlanean aritu da Eskoziako Aberdeeneko Unibertsitatearekin eta Valentziako Biomekanika Institutuarekin (IBV). Gaur egun ikertzaile dihardu, Tecnaliako Osasun Unitateko Biomaterialen eta Nanoteknologien Sailean.

Informazio osagarria

  • Tesiaren egilea, Beatriz Olalde Graells., Beatriz Olalde Graells
Komunikazio Bulegoa

Egilea: Komunikazio Bulegoa (UPV/EHU)

Laguntzailea: