#GaiNagusiak

Proteina-kantitate orekatua jateak % 35 murriztu dezake esne-behien aziendetako nitrogenoa

Noiz argitaratua: 10/06/07 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Orokorrak #Biziaren zientziak #Ingurumena #Osasuna #Teknologia
 Behiak.

Esne-behien elikadura hobetzea ezinbestekoa da, esne-ustiategietako nitrogeno-pilaketak eragiten dituen ingurumen-arazoak murrizteko. Neiker-Tecnalian —Nekazal Ikerketa eta Garapenerako Euskal Erakundea— ikerketa bat egin dute, Haritz Arriaga biologoaren gidaritzapean eta Bartzelonako Unibertsitate Autonomoarekin elkarlanean. Lan horren bitartez egiaztatu dutenez, EAEko ustiategietako nitrogenoa % 35 murriztu daiteke proteina-kantitate orekatua duen dieta ezarriz gero, esne-ekoizpena murriztu beharrik gabe.
Ikerketaren lehenengo zatia EAEko 64 ustiategi komertzialetan egin dute; horietatik gehientsuenetan (% 70) behien dietak proteina gehiegi duela ondorioztatu dute. Irentsitako proteina-kantitateak harreman zuzena dauka gorotz eta gernu bidez kanporatutako nitrogeno-kantitatearekin (R2 = 0,7), proteinaren % 6,25 elementu kimiko horrek osatzen baitu. Horrenbestez, zenbat eta proteina gehiago hartu, orduan eta nitrogeno gehiago igortzen da, baina, era berean, esne-ekoizpena handiagoa da. Hori horrela, funtsezkoa da proteina-kontsumoa behien beharretara egokitzea, esnearen ekoizpena eta kalitatea murriztu gabe. Hain zuzen ere, emaitzek frogatu dutenez, EAEko ustiategietako nitrogenoa % 35 murriztu daiteke proteina-kantitate orekatua duen dieta ezarriz gero.
Emaitzek erakutsi dutenez, elikadura-estrategiek gutxitu egin dezakete nitrogeno-pilaketa dentsitate handiko esne-ustiategietan. Elementu kimiko horren pilaketa % 11,2 murriztu daiteke erabilgarri dagoen lursail-hektarea bakoitzeko, anoen proteina-edukia optimizatuz gero.

Belar-bazka, nitrogenoa murrizteko

Neiker-Tecnaliako taldeak bigarren ikerketa egin du, pentsu komertzial gehiago erabilita eta, horrenbestez, dietari energia gehituta. Hortik abiatuta, animaliak nitrogenoaz egiten duen aprobetxamendua aztertu dute. Jarraian, Nren eskrezioa eta mindan ematen den N-kontzentrazioa ere aztertu dituzte. Ikerketa horretan bi dieta-mota alderatu dituzte. Batetik, belar-bazka gutxi eta pentsu askokoa (45:55eko ratioa); ukuilu teknifikatuetan erabili ohi da. Bestetik, belar-bazka gehiagoko eta pentsu gutxiagoko dieta (75:25eko ratioa), ez horren energetikoa baina jasangarriagoa ingurumenaren eta elikaduraren ikuspuntutik. Bi dietotan sortutako minda larrean aplikatu dute gero, nitrogeno-gasen lurrunkortasuna aztertzeko; izan ere, amoniakoak (NH3) lur- eta ur-ekosistemen azidotzearekin eta eutrofizazioarekin zerikusia du, eta oxido nitrosoak (N2O) eta oxido nitrikoak (NO) negutegi-efektuarekin eta ozono-geruza suntsitzearekin zerikusia dute.
Ikertzaileek frogatu dutenez, belar-bazka gehiago duten anoek gutxitu egiten dute behiek beren borondatez jan nahi izaten duten elikagaien kantitatea, belar-bazkaren zuntzari esker lehenago asetzen baitira. Elikagai gutxiago jaten dutenez, dietako nitrogeno-kantitatea ere gutxitu egiten da. Horrenbestez, murriztu egiten da elementu horren eskrezioa, eta ondorioz, baita mindan pilatzen den amoniako-nitrogenoa (N-NH4+) ere. Hala ere, jaten dituzten elikagaien eta nitrogenoaren murrizketa horrek esnearen ekoizpena gutxitzea ere badakar.
Bestalde, mindaren nitrogeno-konposizioan (N-NH4+) emandako aldaketek eragina izan dezakete ingurumenari dagokionez, abeltzainek lursaila lantzeko duten moduaren arabera. Atmosferara igorritako nitrogeno-gasen kantitatea (amoniakoa, oxido nitrosoa eta oxido nitrikoa) antzekoa da, belar-bazkaren kantitate handiko edo belar-bazkaren kantitate txikiko dietatik eratorritako minda aplikatuta. Zehazki, 120 kg N-NH4+ aplikatutakoan, hektareako 18,7 kg N igorri ziren belar-bazka askoko (% 14,8) dietaren kasuan, eta 11,5 kg belar-bazka gutxiko (% 9,6) dietarekin. Datu horiek erakusten dutenez, larrean aplikatutako N-NH4+aren % 10 eta % 15 artean igortzen da nitrogeno moduan atmosferara, eta gehienbat amoniako gisa (% 60).

Proteina gutxiago, amoniako gutxiago

Hirugarren azterketa bat ere egin dute ikertzaileek. Horren bitartez, anoan ematen den proteina-kontzentrazioak ukuiluan pilatzen den amoniakoan eta oxido nitrosoan zer nolako eragina duen zehazten saiatu dira. Bi gasok, lehen aipatu bezala ingurumenean eragin ez ezik, gizakiaren nahiz ganaduaren osasuna kaltetu ere egin dezakete. Azken ikerketa horrek frogatu duenez, ukuiluko lurretik etorritako NH3-kontzentrazioak metro kuboko 7,1 mg (proteina gutxiko dieta) eta 10,8 mg (proteina gehiago) artekoak dira. Hala ere, oxido nitrosoaren kontzentrazioa antzekoa da; zehazki, batez beste 1,1 mg N2O aurkitu dituzte metro kuboko. Dena dela, eta nahiz eta elikaduran emandako aldaketei erantzun ez, ukuilutako N2O-kontzentrazioa atmosferako kontzentrazioa (0,5 mg metro kuboko) baino handiagoa dela nabarmendu da.
Lortutako emaitzek azpimarratzen dute garrantzitsua dela anoen proteina-edukia animalien beharretara egokitzea (ekoizpenaren, edoskitze-fasearen, genetikaren… arabera), dietan nitrogenoaren erabilpenaren eraginkortasuna optimizatze aldera. Anoaren proteinaren egokitze horrek, gainera, ukuiluko NH3-, N2O- eta NO-kontzentrazioa murriztea ahalbidetuko du.

Informazio osagarria

  • Behiak., Tecnalia
Pablo Melchor

Egilea: Pablo Melchor (MBN Comunicación, S.A.)

Laguntzailea: