#GaiNagusiak

Olibondoaren tuberkulosia sortzen duen bakterioaren genoma sekuentziatu dute

Noiz argitaratua: 10/05/31 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Orokorrak #Biziaren zientziak
 Tuberkulosiak olibondo batean sortutako tumoreak (arakaitzak)

Olibondoaren tuberkulosia eragiten duen bakterioaren genoma sekuentziatu dute Nafarroako Unibertsitate Publikoko, Madrilgo Unibertsitate Politeknikoko (CBGP), Malagako Unibertsitateko, Wisconsin Unibertsitateko eta Nekazaritza Ikerketetarako Valentziako Institutuko hainbat ikertzailek. Environmental Microbiology aldizkariak argitaratu du lan hori, ekaineko alean. Lehenengo aldia da Espainian zurezko landareen patogeno baten genoma sekuentziatzen dena, eta zurezko landareetako Pseudomonas bakterio patogenoaren genomaren berri eman da munduan lehen aldiz.

Patogeno horren genoma sekuentziatzeak aukera emango du bakterio horren geneak identifikatzeko; besteak beste, bakterioaren birulentziari lotutako geneak eta filosferan (hostoen azalean) bizirik irauteko modua ematen diotenak identifikatu ahal izango dira. Horri esker, gaixotasunaren aurka borrokatzeko estrategia espezifikoak diseinatu eta olibondoaren hobekuntza genetikorako programak landu ahal izango dira.

Pseudomonas savastanoi da olibondoaren tuberkulosia eragiten duen bakterioa; olibondo asko galarazten ditu Espainian gaixotasun horrek. Bakterioak jotako zuhaitzek hainbat zentimetrorainoko tumoreak izaten dituzte (arakaitz esaten zaie) enborrean, adarretan, zurtoinetan eta kimuetan. Gaixotutako zuhaitzek indar gutxiago eta hazkunde txikiagoa izaten dute. Antzutu ere egin daitezke gaixotasunak gogor jotzen baditu. Orain arte, kontrolatzeko metodo eraginkorrik ez zegoenez, aurrea hartzeko estrategiak erabili dira, eta bakterioen populazioak murrizteko tratamendu fitosanitarioak baliatu dira.

Estrategia berriak

Mikroorganismo patogenoek landareetan sortzen dituzten gaixotasunek, ekoizpena murriztu ez ezik, elikagaien kalitatea ere hondatu dezakete, eta asko jaisten dute uzten merkatu-balioa. Gaixotasunak kontrolatzeko estrategia berriak ezartzeko, organismo patogenoen genoman dagoen informazioaren analisia egiten da gaur egun. Giza genomarekin gertatu den bezala, teknologia horrek informazio baliotsu asko eta asko ematen du teknologia berritzaileak garatzeko, bai eta horiei esker patogenoa identifikatu eta kontrolatzeko eta gaixotasunaren aurrean erresistenteagoak diren landare-barietate berriak sortzeko ere.

Informazio osagarria

  • Tuberkulosiak olibondo batean sortutako tumoreak (arakaitzak), Nafarroako Unibertsitate Publikoa
  • Pseudomonas savastanoik jotako olibo-adarra, Nafarroako Unibertsitate Publikoa
  • Sekuentziazioa egin duten ikertzaileak, Nafarroako Unibertsitate Publikoa
Victoria Alfonso Seminario

Egilea: Victoria Alfonso Seminario (Universidad Pública de Navarra)

Laguntzailea: