#GaiNagusiak

10 segundotan orduko 140 kilometroko abiadura hartzen duen ibilgailu elektrikoa aurkeztu du Tecnaliak

Noiz argitaratua: 10/05/31 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Orokorrak #Ingurumena #Lurraren zientziak #Teknologia
 Dynacar.

Tecnalia Korporazio Teknologikoak Dynacar esperimentaziorako ibilgailua aurkeztu du. Erabat elektrikoa da, eta orduko 140 kilometroko abiadura har dezake 10 segundotan. 70 kilometroko autonomia dauka, eta 15 kWh biltegiratzeko gai da. Maiatzaren 20a eta 23a bitartean Madrilen egin zuten Ibilgailu Ekologikoaren eta Mugikortasun Jasangarriaren Nazioarteko Erakustazokan aurkeztu zuten.
Ibilgailu erabat elektrikoa izan arren, aukera ematen du autoaren bateria elikatuko duen gehigarri bat txertatzeko, hala nola pila bat edo barne-errekuntzako motor txiki bat. Autoak bi eserleku dauzka, eta behar adina instrumentu ditu luzera- eta albo-dinamikekin lotutako sistemak balioztatzeko. Azpiegitura moduan krosko bakarreko xasis arina dauka, altzairuz eta zurruntasun handiko aluminioaren aleazioz egina. Horretaz gain, esekidura erregulagarria (paralelogramo deformagarria) du lau gurpiletan.
Ibilgailuak 100 kilowatteko potentzia har dezake gehienez, iman iraunkorrak dituen motor elektriko sinkrono baten bidez. 700 kg-ko pisua du, eta 15 kWh energia biltegiratzeko gai da.
Orduko 0tik 100 kilometrorako abiadura-aldaketa 5,7 segundotan egin dezakeela kalkulatzen da; auzi horretan oso garrantzitsua da trakzioaren kontrola kudeatzea. Gehieneko abiadura orduko 140 kilometrokoa da gutxi gorabehera, eta 10 segundoko tartea behar da hori lortzeko. Hiriko zikloan duen autonomia 70 kilometro da; “distantzia egokia ibilgailua esperimentaziorako erabiltzen ari garela kontuan hartuta”, Tecnaliako arduradunen arabera.
Ibilgailua egokituta egongo da errepide zabalean ibiltzeko. Bere aplikazio nagusia, ordea, oinarri-lanak egitea da, goi-potentziako trakzio elektrikoko kontzeptu berriak probatu ahal izateko. Propultsio-sistema berriei ahalik eta etekin handiena ateratzea ahalbidetzen duten sistema aktiboak probatzeko oinarri ere izango da, hala nola, bultzada bektorizatua edo trakzio sakabanatuko kontzeptuak —gurpilean jarritako motorrak edo galgatze birsortzailea, besteak beste—.
Dynacar sustatu duten ikertzaileek ziurtatu dutenez, “errepideko garraioa elektrifikatzea da ikerketaren lehentasunetako bat, erregai fosilekiko dugun menpekotasunak eta berotegi efektuak jomugan jarri dutelako ohiko motorizazioa duten ibilgailuetan oinarritzen den garraioaren kontzeptu tradizionala”.
Ibilgailuak modelatzeko erreminta aurreratuetan eta ebaluazio birtualean ikertzen dihardu Tecnalia Korporazioak azken bost urteotan, ibilgailu elektriko eta hibridoentzat irtenbide berriak garatze aldera. Goi-mailako ezaugarriak dituzten ibilgailu elektriko eta hibridoen gainean erabilitako hipotesiak egiaztatzeko eta etorkizuneko ibilgailuentzat kontzeptu berriak garatzeko erabiliko da Dynacar.

Dynacar-en inguruan eguneratutako informazio gehiago nahi izanez gero: www.dynacar.es.

Informazio osagarria

  • Dynacar., Tecnalia
Pablo Melchor

Egilea: Pablo Melchor (MBN Comunicación, S.A.)

Laguntzailea: