#GaiNagusiak

Denbora errealean merkantzien garraioa monitorizatzeko sistema seguru bat garatu dute

Noiz argitaratua: 10/05/28 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Teknologia
 Nafarroako Unibertsitate Publikoan garatutako sentsorea

Merkantzia bat uneoro monitorizatua edukitzea, irteeratik helmugaraino, era seguruan eta denbora errealean. Horixe lortu dute Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikertzaile-talde batek eta komunikazio-plataforma seguruen garapenean espezializatua dagoen TB-Solutions enpresa nafarrak. Lan hori Transporte Inteligente de Mercancías Intermodal (TIMI) izeneko proiektuaren barruan dago. Orain produktua merkaturatzeko lanean dihardute.

TIMI proiektuaren helburua da teknologia berriak garatzea, etorkizunean garraio intermodala (lurrekoa, itsasokoa, trenbidekoa eta airekoa) modu adimentsuagoan burutuko duten gailu, sistema eta tresnak sortu ahal izateko. Horretarako, CENIT proiektu baten babesean, 2007an partzuergo bat sortu zuten hamabi enpresak , eta horiek, unibertsitate eta erakunde publikoen lankidetzarekin, proiektuaren hainbat alderditan lan egin dute. Nafarroako TB-Solutions enpresak Nafarroako Unibertsitate Publikora jo zuen bertako ikertzaileek softwarea sor zezaten, eta orain, lankidetza horren emaitzak iritsi dira.

Softwarea lortu dute eta sentsoreetan —alegia, edukiontzi bakoitzean informazioa haririk gabe transmititzeko ezartzen diren gailuetan— instalatu dute. Nafarroako Unibertsitate Publikoko José Javier Astrainek azaltzen duenez, “gailu horren bidez badakigu zein merkantzia garraiatzen den kamioi bakoitzean, nolako balditzetan (tenperatura, argia...), eta abar; aduana batera iristen bada, zer ordutan iritsi den, nork egin duen ikuskapena, ontzat emana izan ala edo ez; badakigu merkantzia arriskutsua den, eta ibilbide baimenduan zehar dabilen ala ez, eta abar. Edukiontzia portura iristen denean lortzen duguna da tramite guztia egin gabe zuzenean ontziratu ahal izatea.”

Aurkitu duten zailtasun handienetako bat izan da informazioa enkriptatzea: “sei edukiontzi badaude, nik informazioa nire konpainiako edukiontziekin bakarrik partekatu nahi dut; informazio horrek ez du ibili behar enkriptatu gabe edo segurtasuneko gailurik gabe”. Hori da TB-Solutions enpresak garatu duen alderdia, transmititzen eta trukatzen den informazioa osorik gordetzen dela bermatzeko. “Tresna-ziurtatzeko sistema hori garatu duten lehenbizikoak gara —dio Maite Hurtadok, TB-Solutionseko kudeatzaileak—. Guk dakigula, Europan ez dago horren antzekorik”.

Hornidura katea optimizatzea

Hurtadok azpimarratzen duenez, sistema horren bidez, giza, finantza- eta logistika-baliabideak optimiza daitezke, hornidura-katea izugarri optimizatzen delako. Adibidez, elikagaien garraioan garrantzitsua da inolako manipulaziorik ez egotea eta karga adostutako baldintzetan iristea.

José Javier Astrainek azaldu duenez, «gerta daiteke, adibidez, fruta daramaten hiru kamioik operatzaileari edozein gorabehera jakinaraztea: karga bat egoera txarrean dagoela, uste baino lehenago iritsi behar dutela, eta abar. Informazio hori denbora errealean edukitzeak aukera ematen dio konpainiari aldez aurretik erabakiak hartzeko, esate baterako, fruta galkorragoa duen edukiontzia helmuga hurbilago batera desbideratzea”.

Sentsoreek elkarren arteko komunikazioa egiten dute eta, halaber, datuak aplikazio zentral bati transmititzen dizkiote, eta garraioaren ibilbide osoan zehar gertatutako gorabeherak erregistratzen dituzte. Estaldurarik gabeko eremuetan ere, tunel batean edo Mantxako kanalean, adibidez, informazioa erregistratu egiten da, eta estaldura duen eremura ateratzean zentralari transmititzen zaio.

Dagoeneko, gailuekin proba arrakastatsu bat egin da Valentziako portuan, benetako edukiontzietan. Orain proiektua PORTEL enpresari aurkeztuko zaio, eta balio erantsiko zerbitzuak eskainiko zaizkio berak duen arlorako.

Informazio osagarria

  • Nafarroako Unibertsitate Publikoan garatutako sentsorea, UPNA
  • Jesús Villadangos, Aritz Labat, Alberto Córdoba, Carlos Aristu eta Jose Javier Astrain ikertzaileak , UPNA
  • icono_documento
    Prentsa-oharra, gaztelaniaz, UPNA
  • icono_documento
    Prentsa-oharra, euskaraz, UPNA
Victoria Alfonso Seminario

Egilea: Victoria Alfonso Seminario (Universidad Pública de Navarra)

Laguntzailea: