#GaiNagusiak

Astro batek Jupiterrekin talka egitean sortutako inpaktuari buruzko lehengo emaitzak

Noiz argitaratua: 10/05/20 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Espazioa
 Jupiter

UPV/EHUko Zientzia Planetarien Taldeak munduko astronomoen artean jakin-min handia sortu duen gertaera bat ikertu eta lehen emaitzak plazaratu berri ditu: iazko uztailean astro handi batek Jupiter planetaren aurka egindako inpaktua. Sánchez Lavegaren lan horretan unibertsitate horretako Santiago Pérez Hoyosek eta Ricardo Huesok parte hartu dute, Iparramerikako zenbait zientzialarirekin batera. Astrophysical Journal Letters astrofisika eta astronomiaren alorreko nazioarteko aldizkaririk garrantzitsuenetakoan argitaratu dute lana.

Australiako astronomia zale batek, joan den uztailaren 19an, Jupiterren poloaren aldean orban beltz handi bat aurkitu zuen. Orbana ikusi baino hiruzpalau ordu lehenago gertatu zen inpaktua, Jupiterren alde ilunean, hots, gauean. Ondorioz, ezin izan zen zuzenean ikusi. Gainera, oso latitude altuan gertatu zen, planetako Hego Poloaren aldean. Inpaktuaren noranzkoa Shoemaker-Levy 9 kometaren zatiek 15 urte lehenago —1994ko uztailean— egin zutenaren kontrakoa izan zen.

Berria munduko behatoki guztietara hedatu zen, eta ordu gutxi batzuen buruan egiaztatu zuten aurkitutako orbana kometa edo asteroide baten inpaktuak utzitako errautsezko lorratza zela. Berehala, munduko behatoki nagusiek fenomenoa aztertzeari ekin zioten, eta horretarako Hubble teleskopio espazialaz ere baliatu ziren. Zenbait hilabetetako lanaren ondoren, berriki argitaratu dituzte inpaktuaren ezaugarriak eta planetako atmosferaren gainean izandako eragina laburbiltzen dituzten lehendabiziko bi artikuluak.

Euskal Herriko Unibertsitateko Zientzia Planetarien Taldeak Estatu Batuetako ikertzaileekin batera sinatu du albiste zientifiko hori Astrophysical Journal Letters aldizkarian. Argitalpen hori astronomiaren alorrean dagoen nazioarteko aldizkaririk ospetsuenetakoa da, eta ehun urte baino gehiago daramatza jardunean.

Ikerketaren emaitzak

Analisien arabera, orban nagusia inpaktuaren hondakinez osatutako hodei beltz-beltza izan zen, Jupiterreko atmosferan 5.000 kilometro inguruko luze-zabalera hartu zuena. Inguruan, eroritako materialak atmosferan eragindako halo handi bat zegoen, 8.000 kilometro ingurukoa (lurra baino zertxobait txikiagoa). Ezin da jakin partikula beltz fin-finez (milimetro-milarenekoak) osatutako hodei trinko hori objektuaren hondakinek eragindakoa ote zen edo inpaktuak Jupiterreko atmosferan sortutako tenperatura ezinago handiek eragindakoa.

Ondorengo egunetan, errautsak Jupiterreko haizeek —nahiko leunak dira latitude horietan— eraman zituzten, Islandiako sumendiko errautsekin gertatzen ari den moduan. Zalantzak daude Jupiterren kontra talka egin zuen astroa kometa ala asteroidea ote zen. Kometa izan bazen —hau da, substantzia izoztuez osatua izan balitz—, objektuaren tamaina 500 metro ingurukoa izango zen.

Jupiterren gainean argi eta garbi detektatu den bigarren inpaktu horren haritik, litekeena da planeta horren gainean 0,5 eta kilometro bat bitarteko objektuen erorketa uste baino ohikoagoa izatea: orain arte uste zen horrelako inpaktuak 50-250 urtez behin gertatzen zirela batez beste, baina, datu berrien arabera, baliteke era horretako fenomenoak 10-15 urtez behin gertatzea.

Planeten gaineko inpaktuak aztertzea oso lagungarria da Lurrean gerta litezkeen inpaktuak hobeto ulertzeko. Objektu horrek gure planetaren aurka egin izan balu talka, sekulako hondamendia eragingo zukeen. Zorionez, tamaina horretako objektu gutxi dago gugandik hurbil, eta Jupiterrek, nola edo hala, “aterki babeslearena” egiten du, haren grabitate handiak eguzki-sisteman zehar harat-honat dabiltzan objektuak erakartzen baititu inguruan igarotzean.

  • Oharrak:

    Aldizkaria online: http://iopscience.iop.org/2041-8205/715/2 Bi artikuluak hauek dira: L150 eta L155

  • Interneteko helbidea:

    www.ajax.ehu.es/

Informazio osagarria

  • Jupiter, UPV/EHU
  • Jupiter, UPV/EHU
  • Jupiter, UPV/EHU
  • icono_documento
    Prentsa-oharra, gaztelaniaz, UPV/EHU
Komunikazio Bulegoa

Egilea: Komunikazio Bulegoa (UPV/EHU)

Laguntzailea: