#GaiNagusiak

Gidaririk gabeko ibilgailuen garraio "adimenduna" helburu duen proiektu bat dago martxan

Noiz argitaratua: 10/04/12 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Orokorrak #Informatika #Teknologia

Tecnalia Korporazio Teknologikoa SARTRE proiektuan parte hartzen ari da, Europako beste hainbat enpresarekin batera. Ibilgailuak bata bestearen segidan jarrita eta gidaririk gabe, bide azkarretatik (hala nola autobideetatik) garraiatu ahal izatea du helburu proiektuak.

SARTRE (Safe Road Trains For The Environment; ingurumenerako errepide-tren seguruak) proiektuak aurrera egin nahi du etorkizuneko garraio-sistema “adimendunak” lantzen. Zehatz-mehatz, gida-ibilgailu lanak egingo lituzkeen kamioi batek zuzenduta, hainbat autori (sei eta zortzi artean) lagunduta ibiltzea ahalbidetzen dieten sistemetan sakondu nahi du.
Proiektu horrek, gidariak gidatzetik libre uzteaz gain, askoz ere segurtasun handiagoa eta erregaian % 20 aurreztea ekarriko luke, airearekiko erresistentzia murriztearen ondorioz. Bidea “trenez” (road train) eta haririk gabeko laguntzarekin egindako tarteetan, gidariek irakurri, atseden hartu, jan, telefonoz hitz egin eta abar egin ahal izango dute.
Besteak beste automobilgintzan, ekipo-ondasunetan eta energian jarduten duten zazpi bazkidek (Volvo, IKA eta IDIADA, tartean) osatzen dute proiektua garatzen ari den partzuergoa, baita hainbat plataforma teknologikok, udalek, garraio publikorako operadorek, unibertsitatek eta zentro teknologikok ere. Aurrekontu osoa 19 milioi eurokoa da, eta 2009tik 2012ra arteko iraupena du. Eremu-probak Espainian egingo dituzte, 2011n.
Tecnaliako Automozio Unitateak platooning delakoari lotutako giza portaera aztertzeko ardura du SARTREn. Platooning sistemaren bitartez, ibilgailuek, bagoi-ibilgailuek edo besterik gabe errepidetik higitzen direnek beren kabuz gidatzen dute. Teknologia horren giza faktore eta arriskuak aztertuko dituzte. Bestalde, sistemen gauzatzearen arloan, HMIen (Human Machine Interfaces; gizakia-makina interfazeak) hardware- eta software-arkitekturan ere ari da parte hartzen Tecnalia; horiek ibilgailuetan egongo dira eta gidariari une bakoitzean nola jokatu esango diote. Adibidez, noiz askatu beharko duen bolantea (ibilgailua automatikoki gidatua izatera igaroko da orduan), eta alderantziz.

Pablo Melchor

Egilea: Pablo Melchor (MBN Comunicación, S.A.)

Laguntzailea: