#GaiNagusiak

Ustez apnea-hipopnearen sindromea duten gaixoei loaldiaren proba etxetik egiteko telemonitorizazio-sistema bat garatu dute

Noiz argitaratua: 10/04/08 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Informatika #Osasuna #Teknologia
 Tesiaren egilea, Alfredo Burgos Llamo.

Loaldiaren proba gakoa da loaren apnea-hipopnearen sindromea diagnostikatzeko, baina oso garestia dela eta, baliabide gutxi daude horretara zuzenduak. Alfredo Burgos informatikariak UPV/EHUn aurkeztu duen tesiak arazo hori konpontzea du helburu.

Lo egin bitartean arnasketa arazoak eragiten dituen gaitza da loaren apnea-hipopnearen sindromea. Gaitz larria da, atsedena behar bezala ez hartzeak gaixoaren eguneroko jardueran eragina baitu. Diagnostikoa egiteko, ezinbestekoa da gaixoak lo dagoen artean dituen gorabeherak ikertzea, eta orain arte horretarako erabili diren baliabideak garestiak eta gaixoarentzat nekagarriak dira, ospitalera joan behar baitu lo egitera, bertan azter dezaten. Alfredo Burgos Informatikan doktoreak, ordea, loaldiaren proba betetzeko alternatiba merkea eta erosoa garatu du, besteak beste sakelako telefonoen teknologia puntakoenean oinarritua. Telemonitorización en tiempo real del Síndrome de Apneas-Hipopneas del Sueño (SAHS) mediante pulsioximetría domiciliaria (loaren apnea-hipopnearen sindromearen denbora errealeko telemonitorizazioa, etxean egindako pulsioximetriaren bidezkoa) titulua jarri dio bere doktore-tesiari.

SAMON (ingelesezko sleep apnea monitoring esalditik dator) izena du Burgosek doktore-tesian garatu duen sistema alternatiboak, eta Ibaetako Informatika Fakultateko Datu Base Elkarreragingarrien Taldean egin du. Telemonitorizazioan datza sistema hori. Ustez loaren apnea-hipopnearen sindromea duen gaixoari jarraipena egiten zaio, etxean lo dagoela. Bere loaldiaren azterketak emandako emaitzak sakelako gailu batera doaz, eta, bertatik, sendagileari iristen zaizkio posta elektronikoz. Etxerako sistema da, sendagilerik edo erizainik izan gabe ere erabiltzeko erraza eta gaixoaren eta sendagileen arteko koordinazio-sarea ahalbidetzeko egokia.

Pulsioximetria eta smartphone bat, oinarri

SAMON arrakastatsua izan dadin, kasu zehatz honetan, monitorizatzeko gailu eta komunikazio-sistema egokienak zeintzuk diren erabaki behar izan du Burgosek, edozein unetan eta edozein tokitan erabiltzeko modukoak izan behar dutela kontuan hartuta. Horretaz gain, espresuki loaren proba egiteko eta bertatik apnea-hipopnearen sindromearen zantzuak detektatzeko gai diren aplikazioak txertatu ditu.
Horrenbestez, pulsioximetria jo du Burgosek gaixoaren loaldia etxean aztertzeko metodo egokitzat. Atzamarrean tresna txiki bat jarrita oxigenoak odolean duen kontzentrazioa eta bihotzaren erritmoa neurtzean datza pulsioximetria. Hain zuzen ere, testu-fitxategi bana garatu du oxigenoaren kontzentrazioa eta bihotzaren erritmoa erregistratzeko. Erregistro horiek, Bluetooth teknologiaren bitartez, smartphone batera bideratu ditu. Ondoren, GPRS (datuak paketetan bidaltzen dituen irrati-zerbitzua) eta UMTS (hirugarren belaunaldiko sakelakoek darabilten telekomunikazio-sistema) teknologiei esker, datuok smartphonetik sendagilearen ordenagailura iristen dira, posta elektronikoaren forma hartuta. Horrela, pulsioximetria sendagile espezialistek darabilten azterketarako erreminta software batean integratzea lortu du Burgosek.

Prototipoa garatuta, lehen proba pilotua egin du ikertzaileak Donostia Ospitalean. Probak emaitza onak eman dituela azaldu du doktore-tesian. Izan ere, oxigenoaren kontzentrazioa eta bihotzaren erritmoa neurtzen dituzten seinaleei ondo atzeman die sistemak; datu horiek biltzen dituzten fitxategiak ere egoki sortu dira, eta informazioa automatikoki eta gaixoak esku hartu gabe bidali du sistemak sendagilearen helbide elektronikora.

Emaitzak unean bertan

Proba pilotuan erabili ez bazuten ere, loaren apnea gertatzen den unean bertan detektatzea ahalbidetzen duen metodo bat garatu du Burgosek, eta SAMON sistemari aplikatu dio. Datu-base zabal baten baitan patroiak identifikatzea ahalbidetzen duen KDD (Knowledge Discovery in Databases; Ezagutzaren Aurkikuntza Datu-baseetan) prozesua hartu du oinarri, eta apnearen sindromea detektatu ahal izateko egokitu du. Apnearen eta odoleko oxigeno-kontzentrazioaren artean harreman zuzena dago, eta hain zuzen ere, erlazio hori eta pulsioximetriak horren inguruan datuak biltzeko duen gaitasuna baliatu ditu sailkapen eredu bat sortzeko.
Eredu horrek nahikoa emaitza fidagarriak ematen ditu, eta programaziora aplikatzeko modukoa da. Oso garrantzitsutzat jo du hori Burgosek. Izan ere, oxigenoaren kontzentrazioan oinarrituta, apnea kasu bat gertatzen den unean bertan identifikatuko du sistemak, eta horren aurrean sendagileak berehala erantzun ahal izatea erraztuko du.

Egileari buruz

Alfredo Burgos Llamo (Gasteiz, 1976) Informatikan doktorea da. Alfredo Goñi Sarriguren UPV/EHUko Informatika Fakultateko Hizkuntza eta Sistema Informatikoen Saileko irakaslearen zuzendaritzapean egin du tesia. Gaur egun, Saludnova S. Coop. enpresan egiten du lan, Ikerketa eta Garapenerako Sailean.

Informazio osagarria

  • Tesiaren egilea, Alfredo Burgos Llamo., Alfredo Burgos Llamo
  • Ikerketan erabilitako hainbat gailuren irudia., Alfredo Burgos Llamo
Komunikazio Bulegoa

Egilea: Komunikazio Bulegoa (UPV/EHU)

Laguntzailea: