#GaiNagusiak

Tekniker-IK4k euskal ETEen eskura jarri ditu Europako mikro eta nanoteknologiako instalazio nagusiak

Noiz argitaratua: 10/04/06 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Orokorrak #Teknologia
 Ikerketa-laborategi bat

Europako mikro eta nanoteknologia ikertzeko instalazio nagusiak doan erabiltzeko aukera eskaini die Tekniker-IK4k euskal enpresa txiki eta ertainei, EUMINAfab plataforman sartuta baitago. Zentro teknologikoa aurreko urtearen bukaeratik da mikro eta nanoteknologia ikertzeko Europako lehenengo plataformako kide; plataforma horren bidez, Europako zentro nagusiek arlo horretako baliabideak partekatzen dituzte. Horri esker, puntako fabrikazio- eta karakterizazio-teknologietara sarbide irekia eta doakoa dute erabiltzaileek, askotariko material funtzionaletan erabiltzeko.

Horrelako instalazioak enpresa txiki eta ertainen irismenetik kanpo egoten dira normalean, eta baita ohiko erakunde akademiko gehienen irismenetik kanpo ere, oso garestiak izateaz gain espezializazio-maila altua baitute. Hortaz, erabiltzaileentzat irekia den partzuergo bateko kide izatea —kasu honetan EUMINAfabekoa— metodo berritzaile bat da mikro eta nanoteknologian diharduten erakundeentzat, beren teknologia-eskaintza indartzeko eta osatzeko aukera baitute, baliabideetara iristea irekia eta doakoa delako.

Gainera, proiektu berritzaile horri esker, mikro eta nano arloetan espezializatutako Europako hamar erakundek —industriatik hasi eta unibertsitateetaraino— aukera dute ezagutza zientifikoa partekatzeko, eta, hala, arlo horretan diharduten ikertzaile europarren erreferente bilakatzeko.

Tekniker-IK4 EUMINAfabeko kide espainiar bakarra da; partzuergoak beste bederatzi kide ditu: Cardiff Unibertsitatea (Erresuma Batua), FIAT Ricerche zentroak (Italia), Commissariat à l’Energie Atomique (Frantzia), Karlsruhe Teknologia Institutua (Alemania), Fraunhofer Gesellschaft (Alemania), IMS Nanofabrication (Austria), Kungliga Tekniska Högskolan (Suedia), MiPlaza Philips Research Europe (Herbehereak) eta National Physical Laboratory (Erresuma Batua).

200 milioi euro

EUMINAfaben teknologia-eskaintzak puntako ekipamendu zientifikoz eta laguntzeko beharrezko pertsonal teknikoz hornitutako 36 instalazio biltzen ditu denera; horrenbestez, goi-mailako tresna da mikro eta nanofabrikazioan, PVD delakoan (mintz meheen deposizioan), erreplikazioan, karakterizazioan eta beste hainbat arlotan proiektuak garatzeko. Arlo horietako fabrikazio-teknologia berrienak dituzte EUMINAfaben, eta, hortaz, askotariko materialetan erabil daitezke. Instalazioetan, denera, 200 milioi euroko kapital-inbertsioa dago eginda.

Proiektuko kideek hiru arlotan partekatzen dute ezagutza, eta askotariko gailuak fabrika daitezke arlo horietan, hala nola osagai optikoak, mikroeskalan egindako osagai mekanikoak, doitasun submikrometrikoa duten moldeak, argia igortzeko gailuak, elektrodoak, tenperatura-sentsoreak eta polimerozko, metalezko edo beirazko mikroosagaiak fabrikatzeko.

EUMINAfabek eta partzuergoko kideek 2013. urtera arte lortu dute Europako Batasunaren finantziazioa VII. Esparru Programaren bitartez, programa horren asmoa baita hazten ari diren teknologiak errazago sartzea industrian, produktu berriak garatzeko eta produktu-ikertzaileek, -ingeniariek eta -garatzaileek mikro eta nanoteknologietan lehiatzeko abantailak eta abantaila ekonomikoak lortzeko. Gainera, nazioarteko erabiltzaileak EUMINAfaben instalazioetan sartzearen alde agertu da Europako Batzordea, instalazioetan sartzeko eta bidaiatzeko ordaindu beharrekoa itzuli egiten baitie erabiltzaileei.

Hazten eta elkartzen ari diren mikro eta nanoteknologiak konbinatuz eta partekatuz, EUMINAfabek lortu du % 30 azkartzea erabiltzaileen garapen-prozesuak. Gainera, EUMINAfab, erabiltzaileekin batera, etengabe ari da teknologia horiek hobetzen, aldi berean erabiltzaileen esku dagoen ezagutzaren kudeaketa-sistema bat garatzen ari baita.

Informazio osagarria

  • Ikerketa-laborategi bat, Tekniker-IK4
  • icono_documento
    Prentsa-oharra, gaztelania, Tekniker-IK4
Javier Urtasun

Egilea: Javier Urtasun (Guk)

Laguntzailea: