#GaiNagusiak

Tomatearen kalitatean eragin handiagoa du tenperaturak argi naturalak baino

Noiz argitaratua: 10/03/25 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Orokorrak #Biziaren zientziak #Osasuna #Teknologia
 Tomateak.

Neiker-Tecnalia Nekazaritza Ikerketa eta Garapenerako Euskal Erakundeko talde batek kolokan jarri du tomateen kalitatea gehienbat argi naturalarekiko esposizioaren araberakoa dela dioen ustea, eta eragin handiena tenperaturak duela adierazi du. Institutu horretako Nekazaritzaren Produkzio eta Babeserako Sailak garatu du ikerketa, eta lan horrek aukera handia ematen du kondizio klimatikoarengatik argi intentsitate txikiagoa duten zonalde horietan plantazio berriei ekiteko.


Aurkikuntza bereziki interesgarria da Espainiako iparraldeko Kantabriar mendikatea bezalako zonalde geografikoentzat (oso lainotsua da, eta urtean 140 egunetan egiten du euria, batez beste). Halako tokiak egokiak izango lirateke tomateak negutegietan hazteko, nahiz eta eguzki-erradiazio eskasa izan.


Ikerketak kalitate organoleptikoaren (zaporea eta ehundura) eta nutritiboaren adierazleak ditu aztergai; hala nola, azidotasuna, solido disolbagarriak, konposatu fenolikoak, pHa eta C bitaminaren presentzia. Horretarako, Iberiar Penintsulako hegoaldean ohikoa den erradiazio fotosintetikoarekin alderatuta, hura % 30-50 txikiagoa den kondizioetan jarri dituzte tomate-landareak, eta % 100eko esposiziopean zeuden beste tomate-landare batzuk ikertu dituzte aldi berean. Laborantza-zoruan egin dute, berogailu artifizialik gabeko negutegian, eta horrek zati txiki bat zuen itzalpean, aire-korronteek bertako tenperatura homogeneiza zezaten.


Emaitzek erakusten dutenez, eguzki-erradiazio handiagoa edo txikiagoa jasanda ere, landareek kalitate organoleptiko eta nutritibo oso antzekoa dute. Ikerketaren beste ondorio batek berogailuaren kostuak murrizteko aukera agertzen du, energia gutxiago behar duten haziak aukeratuta; Europako beste herrialde batzuetan ere, Herbehereetan, adibidez, horretan ari dira lanean ikertzaileak. Patrick Riga txostenaren arduradunaren arabera, “berogailuagatiko gastuak murriztu daitezke, eta tomate-kalitate bera lortu”; nahiz eta, desabantailei dagokienez, ekoizpena txikiagoa den horrela. Rigaren arabera, “nekazariek aukeratu egin behar dute ekoizpenaren eta kalitatearen artean”.


Kalitate-parametroei eragin gabe energiaren kontsumoa gutxitzeko, tenperatura zenbat murriztu daitekeen aztertuko dute ikertzaileek orain, buru-belarri. Era berean, aurkikuntza aplikagarria izan daiteke elikadura aldetik balio handia duten beste fruitu batzuetan; esate baterako, marrubiak, pepinoak, meloiak edo angurriak.

Informazio osagarria

  • Tomateak., Tecnalia
Pablo Melchor

Egilea: Pablo Melchor (MBN Comunicación, S.A.)

Laguntzailea: