#GaiNagusiak

Zikintzen ez diren gainazalak ikertzen ditu GAIKER-IK4k

Noiz argitaratua: 10/03/15 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Teknologia

Naturan asko dira itxura ezin garbiagoa mantentzeko gaitasuna duten organismoen adibideak, inguru lohitsuenetan daudela ere. Adibide ezagunena beharbada loto-lorearena da; sakratua eta planetako lore ederrenetakoa da lore hori. Lore horren garbitasunaren oinarria honela azal daiteke, labur: zikinkeria-partikulak ez dira apenas itsatsita geratzen hostoen gainazalean, eta, horrenbestez, bertara erortzen diren eta itsasten ez diren ur-tantek garbitzen dituzte hostoak. Dena den, garbitasun-sinbolotzat dugun lore horren garbiketa-mekanismoa ez da batere erraza. Egia esan, nanoteknologiaren aroko azterketek eman dute aukera loto-lorearen hostoaren gainazalaren konplexutasuna eta konplexutasun kimikoa behatzeko. Izan ere, egitura horiek mikroeskalan eta eskala nanometrikoan antolatuta daude. Adibide horiek eta naturako beste batzuk erabiltzen dituzte GAIKER-IK4ko ikertzaileek "bio-inspirazio" gisa, gaur egungo beharrizanei irtenbideak emateko eta eguneroko bizimodua hobetzeko materialak, sistemak eta teknologia berriak diseinatzeko.

Horren harira, zenbait ikerketa garatu dituzte Europan, hala nola NANOCLEAN. Maier Elk. Koop. da proiektu horren buru, eta nanoteknologian eta material polimerikoen prozesatzean adituak diren ikertzaileekin elkarlanean dihardu GAIKER-IK4 zentro teknologikoak. Halaber, Europako Batasuneko 4 herrialdetako 5 erakundek —enpresak eta ikerketa-zentroak— parte hartzen dute. NANOCLEAN proiektua 2009ko urrian abiatu zen; 3 urteko iraupena aurreikusi zitzaion, eta helburua da automobil-industriarako autogarbiketa egiten duten pieza plastikoak diseinatzea eta garatzea.

Helburu hori lortzeko, Europako Batasuneko 4 herrialdetako beste bost erakundek parte hartuko dute ikerketa horretan, eta horietako zientzia- eta teknologia- eta industria-alorreko adituak arituko dira lanean. Zenbait teknika konbinatuz, aplikazio berritzaile bat eta erabilera askokoa garatu nahi dute, beren kabuz garbitzeko gai diren plastiko-piezak garatzeko.

Europako proiektu horrek automobil-industriaren sektorea aukeratu du teknologia horren berehalako aplikazioak egiteko. Hala ere, ekimenaren aldakortasuna eta potentzialtasuna dira haren alderdirik baloratuenak. Gainazalaren ezaugarriak pieza plastikoetara, metalikoetara eta zeramikoetara egokitzeko aukera legoke. Hala bada, besteak beste, energia-, biomedikuntza-, ehun- eta elektrizitate- eta elektronika-sektoreentzat onuragarriak izan litezke I+G proiektu horretan sortzen diren material eta prozesu berriak.

Informazio osagarria

  • icono_documento
    Prentsa-oharra, gaztelaniaz, Gaiker-IK4
Ana  Erostarbe

Egilea: Ana Erostarbe (GAIKER-ik4)

Laguntzailea: